Ahoa bete hots jardunaldiak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko uzt. 1a, 17:34

Ekainaren 18an, Mintzola Fundazioak eta Bertsozale Elkarteak elkarlanean abian jarri duten lehen ekimenaren berri azaldu zuten Subijana etxean.

Mintzola Fundazioko zuzendari Josune Zabala eta Bertsozale Elkartearen izenean, Beñat Gaztelumendi bertsolaria arduratu ziren 'Ahoa bete hots' jardunaldiak jendaurrean aurkezteaz. Zabalak, Bertsozale Elkarteak ahozko gaien inguruan eta zuzenean bertsolaritza landuz nahiz transmisioa bideratuz eta sustatuz ibilbide luzea daramala adierazi zuen eta, Mintzola Fundazioaren muinean, bertsogintza ez ezik, bere oinarri zabalean ahozkotasuna ere badagoela jakinarazi. “Mintzolak ikertu egin nahi du ahozko gaien inguruan. Batetik, gure iraganeko ahozko tradiziotik hona etorri diren ahozko generoak aztertu nahi ditu iraganari begira eta etorkizunari begira, bestalde, gaur egungo gizartean ditugun beharrei erantzun ere bai”. Ikerkuntzaz haratago, ezagutza garatzea eta hori gizarteratzea dagokiela azaldu zuten prentsaurrekoan eta horren ondorio direla uztailaren 22, 23 eta 24an Subijana etxean bertan burutuko diren jardunaldiak.

Hiru esparru abiapuntu
Bi elkarteok abian jarritako jardunaldiok irakasle, kazetari, aurkezle, bertsolari, ipuin kontalari, antzezle, euskara teknikari, ikerlari eta, oro har, ahozkotasunak bizi duen orori zuzenduta daudela adierazi zuen Beñat Gaztelumendik. Jardunaldietan zehar, hiru esparru mugatu dituztela ere jakitera eman zuen, euskararen ahozko gaiez eginiko gogoetak bildu eta esperientziak jasotzeko: “ahozkotasuna kulturan, eguneroko jardun berezituetan eta haurren munduan. Ahozko ekoizpenak hiru eremu horietan zertan diren jakin nahi dugu, eta etorkizunari begira zein gako proposatzen dituzten jardunaldiko partaideek”.

Ahoa bete hots
Egitaraua:
Ahozkotasunarekin lotuta, euskal kulturan, kazetaritzan, literaturan, antzerkian nahiz bertsolaritzan adituak diren pertsonek hartuko dute parte Bizkaiko Foru Aldundiak eta Kutxak babestu dituzten saioetan:

Uztailak 22, osteguna
AHOZKOTASUNA ETA HAURRAK
08:30 Jardunaldien hasiera. Aurkezpena.
09:00 Piter Ansorena (musikaria eta pailazoa). 'Euskara la kakatua?'. Ahozkotasuna eta aditasuna.
10:05 Gorka Tolosa (bertsolaria eta antzezlea). 'Ahozkotasunetik, haurrentzako sorkuntza konkretu bat: Iñaxito. Bertsolaritza eta antzerkia uztartzen dituen emanaldia.
11:05 Itziar Rekalde (ipuin kontalaria, antzezlea eta antzerki zuzendaria). Zertaz ari gara ipuinetaz ari garenean?
12:30 Mahai-ingurua: Piter Ansorena, Gorka Tolosa eta Itziar Rekalde. Moderatzailea: Xabier Sukia (irrati esataria eta bertsolaria).
13:30 Galdera-erantzunak.
14:00 Bukaera.

Uztailak 23, ostirala
AHOZKOTASUNA HEZKUNTZAN, LITERATURAN ETA HEDABIDEETAN
09:00 Miren Ibarluzea (Labayru Ikastegia - Herri Ondarea atala). Ahozkotasuna hezkuntzan: ahozkotasuna lantzeko materialak garatzea. 10:05 Juan Kruz Igerabide (idazlea eta EHUko irakaslea). Ahozkotasuna eta literatura. 11:05 Julian Beloki (kazetaria eta komunikazio aditua). Hik nola esango hukek/n? 12:30 Mahai-ingurua: Miren Ibarluzea, Juan Kruz Igerabide eta Julian Beloki. Moderatzailea: Laxaro Azkune (irrati esataria eta gai-jartzailea). 13:30 Galdera-erantzunak. 14:00 Bukaera.

Uztailak 24, larunbata
AHOZKOTASUNA EUSKAL KULTURAN; LEHEN, ORAIN ETA GERO
09:00 Antton Luku (Lizeoko irakaslea eta idazlea). Zer da Euskal antzerkia?
10:05 Jose Angel Irigaray (idazlea). Modernitatearen hastapenak. 60ko hamarkadako kultur garapena.
11:05 Lorea Agirre (kazetaria eta Sorguneak ikertegiko kidea). Nola egiten dugun horrek nolakoak garen esaten baitu.
12:30 Mahai-ingurua: Euskal kultura gaur. Jose Angel Irigaray, Antton Luku eta Lorea Agirre. Moderatzailea: Joxean Agirre (kazetaria eta idazlea).
13:30 Galde-erantzunak.
14:00 Bukaera.

Izen-emateak
Uztailaren 16ra arte luzatuko da jardunaldietan parte hartu ahal izateko izen-ematea. Subijana etxean egin daiteke matrikula: 943 694 129 / administrazioa@bertsozale.com. Matrikula arrunta 50 ekoa izango da, EHBEko bazkideek eta ikasle nahiz langabetuek beherapena izango dute: 35 e. Jardunaldietan parte hartzeagatik, gainera, EHUk kreditu bat emango du.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!