Herritarrei, esker onez

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko uzt. 1a, 17:30

Azken asteotan kalean ibili dira eltzeitsua hartuta, dirua eskatzen. Minbiziaren aurkako elkarteko kideak dira eta esker oneko hitzak dituzte herritarrentzako.

Duela hamalau bat urte hasi zen lanean Zizurkilgo minbiziaren aurkako taldea. “Talde txikia ginen hasiera hartan, baina pixkanaka, jendea gehitzen joan da. Gaur egun, hamalau pertsona inguru biltzen gara. Euskadiko Minbiziaren Aurkako elkarteko partaide gara eta haiek eskatzen digutenaren arabera egiten dugu lan. Gure ardura nagusia diru-bilketak egitea da. Horrez gain, Eguberrietako loteria ere saltzen dugu eta noiz edo noiz minbiziaren inguruko hitzaldiren bat ere bideratu izan dugu”, azaldu dute taldekideek.
Azken asteotan diru-bilketa kanpainan murgilduta ibili dira Aiztondo eskualdeko talde ezberdinak: “Zizurkilen ekainaren 19an atera ginen kalera eta Amasa-Villabonan, berriz, ekainaren 22an. Eskerrak eman behar dizkiogu jendeari,Zizurkil eta Villabonako taldeen partez azaltzen duten borondate onagatik. Krisi garaia izanda ere, jende gehienak ematen du bere laguntza eta aurreko urteetako kopuru beretsuak batu ditugu. Hori eskertzekoa da. Minbiziaren aurkako diru-bilketa dela jakitean, oso borondate onez erantzuten dute gehienek. Herri txikietan denok ezagutzen dugu elkar eta badakite zertarako eskatzen dugun dirua. Eltzeitsuarekin ikusten gaituztenean, asko dira zuzen-zuzen dirua ematera etortzen direnak. Egun berean, behin baino gehiagotan dirua eman duenik ere bada”.

Minbiziaren aurkako borrokarako
Dirua eskatzea, ez da beti erraza izaten. Hala azaldu dute zizurkildarrek: “Lehen momentuan lotsa pixka bat ematen du eskean ibiltzeak, baina dirua zertarako den pentsatzeak indarra ematen digu. Ez da guretzako, minbiziaren aurkako borrokan laguntzeko baizik. Egunaren amaieran, egindakoarekin pozik egoten gara”.

Elkartearen egoitza, Tolosan
Minbiziaren aurkako elkarteak egoitza berria zabaldu berri du Tolosako Emeterio Arrese kalean. “Orain arte Donostian genuen egoitza orokorra, aurrerantzean berriz, Tolosan ere izango dugu zerbitzu hori. Herrian edo inguruan kasu berriren bat sortzen denean, elkartera bideratzen dugu. Beharrezko zerbitzu guztiak eskaintzen dituzte bertan: gaixoarentzako eta familiartekoentzako laguntza psikologikoa, informazioa, taldekako saioak… Horrez gain, minbiziaren prebentzioaren inguruko hitzaldiak antolatzen dituzte, ikerketa zientifikoak ere egiten dituzte…, lan handia egiten du elkarteak eta guk, haiek eskatzen digutenaren arabera egiten dugu lan”.

Borondatezko lana
Bolondres gisa aritzen dira taldekide guztiak. Urtean bi edo hiru aldiz egiten dituzte diru-bilketak eta urtean behin, Gipuzkoako herri ezberdinetako bolondresak elkartzen dira Donostian: “Inguruko herrietako taldeen esperientziak ezagutu eta elkarri animoak emateko baliatzen dugu egun hori. Gaur egun, ez da erraza borondatezko lanak egiteko prest dagoen jendea bilatzea eta ondo etortzen zaigu elkarren berri izatea. Gazte jendea animatu nahi genuke parte hartzera”.
Urteak pasa ahala, minbiziaren inguruko sentsibilizazioa handitzen joan dela nabaritu dute Zizurkilgo taldekideek: “Garai batean, etxeko norbaitek minbizia zuenean, gaixotasuna gorde egiten zen, ez zen lasai hitz egiten. Gaur egun asko aldatu da joera hori. Zoritxarrez, etxe gehienetan gertatzen da minbizi kasuren bat eta gizartean jasotzen dugun informazioa ere zabalagoa da. Horren guztiaren eraginez, jendeak oso ondo erantzuten digu diru-bilketa egitera ateratzen garenean eta bihotzez eskertu nahi dugu”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!