Larrola baserritik, Uruguaira

Hogeita bat urte zituela, maleta egin eta Uruguaira joan zen Larrola baserriko Alejandra Tejeria. Montevideo hiriburuan bizi da gaur egun ere. Maite alabarekin batera Euskal Herrian pasa du azken hilabetea.

Gazte-gaztetan joan zen Alejandra Uruguaira: “Tejeriatarrak oso abenturazaleak izan gara beti, bizitzako maila eta arlo ezberdinetan. Nire aurretik, nire gurasoen zenbait osaba-izeba Uruguain zegoen dagoeneko eta Argentinan ere bazegoen familiartekoren bat. Ni neroni izeba baten etxera joan nintzen. Alejandra Zugasti izeba, nire bigarren ama bezalakoa da eta 101 urterekin, oraindik ere bizi da”. Alkizarra da Alejandra Zugasti, eta umetatik Anoetan bizitu zen, gaztetan Uruguaira joan zen arte.
Uruguain oso bizitza ona duela dio Alejandrak: “Oso pozik bizi izan naiz beti, herrimin gehiegirik gabe. Ondo moldatu naiz hango bizimodura, nahiz eta hemengotik oso ezberdina den. Hara iritsi eta berehala, euskaldun asko zegoela konturatu nintzen. Euskal Etxera joaten nintzen igande arratsaldetan. Dantzaldi politak antolatzen zituzten eta horietako batean ezagutu nuen nire senarra izango zena; Dabid Bengoa, mungiarra. Ezkondu, eta alaba bat izan genuen, Maite. Lanik ez genuen inoiz falta izan eta orokorrean, bizimodu ona izan dugu”.

Etorkinen bizimodu zaila
“Etorkina izatea ez da erraza. Askok haserre pasatzen dute bizitza osoa, zailtasun guztien errua hartu dituen herrialdearena balitz bezala. Beste askok, euren jaioterriko kulturaren transmisioa eten egiten dute eta ondorengoek galdu egiten dute. Ondorengo horietako asko, orain ari da berriz ere euren jatorriko kulturara hurbiltzen”, azaldu du Alejandrak.
Alejandra Tejeria Uruguaira iritsi zenean, nekazalgune batera bideratu zen, izebaren etxera: “Denboraldi luzeak egiten genituen baserrian. Garai hartan, izebaren seme-alabak eskolara joaten ziren eta ikasturtean zehar hirira joaten baginen ere, oporraldi guztiak nekazal giroan igarotzen genituen. Milaka behi eta ardi zeuden han. Zaldia hartu eta kilometro asko eginda ere, ez ginen inoiz iristen lursailen amaierara. Uruguaira joan nintzenean, asko harritu ninduen hango abeltzaintza moduak. Aziendak bere kasara hazten dira, belazeetan aske eta gizakiaren laguntzarik gabe. Sekula landu gabeko lurretan barrena ibiltzen dira, belar naturala janez”, adierazi du Alejandrak.

Etxera bisitak
Euskal Herrira zenbait bisitaldi egin du Alejandrak eta bere familiak. “Gurasoak bizi zirenean, maiz etortzen nintzen. Familiartean elkartu eta giro ederrean egoten ginen Larrola baserrian. Dabid senarra zenak, berriz, ez zuen etorri nahi izaten. Gerra garaiko oroitzapen gehiegi zituen, eta behin bakarrik itzuli zen, 1980an”, azaldu du Alejandrak. Dabid Bengoaren bizipenen berri eman du Maite alabak: “Hamaika urterekin Arantzazura eraman zuten nire aita, ikastera. 36ko Gerra hasi zenean ihesi joan beharra izan zuen, ordea, eta ez zen apaiztu. Egoera ikusita, Uruguaira joatea erabaki zuen. Han ama ezagutu, ezkondu eta bizimodu berriari ekin zion. Oso gizon gozoa zen aita, eta langilea. Eraikuntzan aritu zen eta Euskal Herriko lanerako kulturari eutsi zion bizitza osoan”.

Etxeko ateak, beti zabalik
Montevideon bizi dira Alejandra eta bere alaba Maite: “Gure etxea, herriko etxea da, biltzeko eta elkarrekin egoteko tokia. Euskaldun asko etorri izan da beti, garai batean lan bila edota laguntza bila eta orain, euskal kulturaren inguruan biltzera. Gure inguruan, bestalde, kultura eta jatorri ezberdineko jende asko bizi da: armeniarrak, juduak, greziarrak, italiarrak…, bakoitzak bere kultura ekarri du. Guk horietatik guztietatik ikasi dugu, baina gurea sekula ere ahaztu gabe”. Pozik egon dira Euskal Herrian egindako azken egonaldian: “Anai-arreba guztiak elkartu ginen jaiotetxean eta ohikoa den bezala, bazkari ederra egin genuen guztiok elkarrekin. Oso gustura pasa ditut egunok”, amaitu du Alejandrak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!