Maite Bengoa, Montevideoko Haize Hegoa Euskal Etxeko lehendakaria

Alejandra Tejeria larrauldarra eta Dabid Bengoa mungiarraren alaba da Maite Bengoa. Montevideon jaio zen, baina etxean euskal kultura arnastu du umetatik. Haize Hegoa Euskal Etxeko lehendakaria da egun.

Euskal etorkinen alaba zara. Nola gorde dituzue etxean euskal ohiturak?
Gure etxean beti mantendu izan da euskal kultura. Ez bakarrik janariari, dantzari edota beste kultur elementuei dagokienez, baita bizitzarekiko dugun jarreran ere. Esaterako, Uruguain, izugarri babesten dituzte umeak, gehiegi. Nik askoz ere askatasun handiagoa izan nuen haurtzaroan. Bakarrik ibiltzen uzten zidaten eta horrek, ikastera bultzatzen zaitu. Euskal kulturari dagokionez, etxean jaso ez dudan gauza bakarrenetakoa hizkuntza izan da. Aita bizkaitarra nuen eta ama gipuzkoarra, elkarrekin euskaraz hitz egiten zutenean haserretu egiten ziren eta gaztelaniaz hitz egitea erabaki zuten. Orain, ia zahartutakoan ari naiz euskara ikasten.

Gogoan duzu Euskal Herrira etorri zinen lehen aldia?
Nola ahaztu? Sei urte nituenean etorri nintzen lehen aldiz. Itsasontziz etorri ginen eta bidaia bera ere harrigarria izan zen niretzat. Aiton-amonak ezagutzera ekarri ninduten eta gogoan dut Larraulera apain-apain jantzita eraman nindutela. Garai hartan ez zegoen errepiderik Larrola baserrira joateko eta bidezidorrean barrena joan ginen, oinez. Uruguain, gure bizitokian, ez zegoen batere aldaparik eta oso gogoan dut Larrolarako bidean dozenaka aldiz erori nintzela, aldapan gora eta behera pausoa zuzen eman ezinik. Baserrira iritsi ginenerako zikin-zikin eginda nengoen. Aitonak masailetatik heldu eta airean altxa ninduen. Egun batzuk egin genituen Larrolan. Lehengusuekin jolasean ibiltzen ginela gogoratzen dut; nik ez nuen euskaraz hitz egiten eta haiek gaztelania ez zuten menperatzen, baina ederki moldatzen ginen. Larrauldarrek behin eta berriz eskatzen zidaten hitz egiteko, nire hizkerarekin harrituta. Bidaia ederra izan zen hura. Hamabost urte betetakoan, itzultzea eskatu nien gurasoei, opari gisa.

Haize Hegoa Euskal Etxeko lehendakaria zara. Zein da zuena bezalako Euskal Etxeen papera?
Montevideoko lehen Euskal Etxeak duela ehun urte baino gehiago sortu ziren, Uruguaira iristen ziren euskaldunei babesa emateko. Gaur egun, eginkizun horrek ez du zentzu handiegirik, euskaldun gutxi joaten delako Uruguaira. Hori kontuan hartuta sortu genuen Haize Hegoa etxea, duela hogeita hamar urte. Gure helburu nagusia euskal kultura zaintzea eta sustatzea da. Lehengo euskal etxe zaharrek ez bezala, gurean ez dugu kontuan hartzen hurbiltzen denak euskal abizenak dituen edo ez, euskal jatorria duen edo ez. Euskal kulturarekiko interesa duen orori zabaltzen dizkiogu ateak. Ni neroni, euskalduna sentitzen naiz, baina baita uruguaitarra ere. Ez dugu erakunde itxi bat osatu nahi. Horregatik, jaialdiak egiten ditugunean, beste herrialdeetako jendea ere gonbidatzen dugu. Esaterako, gu balsa dantzatzen ari garenean, euskal modura egiten dugu, baina gure aldamenean austriarrez osaturiko taldea euren modura ari daiteke. Ez dugu ghettorik sortu nahi.

Zein ekitaldi antolatzen duzue Haize Hegoan?
Urte osoan zehar ekitaldi mordoa egiten dugu. Dantza ikastaroak, euskara ikastaroak, bazkariak, musika emanaldiak, bertsoak, haurrentzako ekintzak…, ekitaldi asko antolatzen saiatzen gara. Bereziki kontuan izaten ditugu gazteak. Euskara ikasi nahi duten gazteei babes osoa ematen diegu eta haien ikasketak ordaintzeko ekitaldi ezberdinak antolatzen ditugu. www.haizehegoa.org gunean ikus daiteke gure elkartearen inguruko berri.

Nola ikusten da Euskal Herria diasporatik?
Egia esanda, egoera politikoa ez zaigu gehiegi interesatzen, banatu egiten gaituelako. Dena oso politizatuta dagoela iruditzen zaigu eta gure elkartean, nahiago izan dugu politika alde batera utzi, arazoak saihesteko. Kultura ardatz hartuta egiten dugu lan, hor baitago batzen gaituena. Horrez gain, diasporako jende askok Euskal Herria idealizatuta dauka.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!