Martin Ugalde liburutegia, Udalaren erronka berria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko uzt. 1a, 10:41

Martin Ugalde Orradre Andoaingo seme kuttunaren eskaera bete da. Dagoeneko euskal kazetari eta idazlearen liburutegi handia, bere agiritegia eta bere hainbat oroigarri Andoaingo Udalaren esku daude. Ekainaren 23an hitzarmena sinatu zuten Ugalderen oinordekoek eta Andoaingo Udalak. Sinadura ekitaldian Amutxastegi alkateak aurreratu zuen liburutegi berriari Martin Ugalde izena ipiniko diotela.

Andoaingo Seme Kuttun izendatu zutenean, Martin Ugaldek garbi adierazi omen zuen bere bizitzan zehar batutako liburuak denen eskura jartzeko nahia. Pausoa ematea besterik ez zen falta eta, ofizialki, San Juan egunaren bezperan gauzatu zen. Ugalderen oinordekoek Aiurri hamaboskariari adierazi bezala, 6.500 ale inguru dira Andoaingo Udalak jasoko dituenak. Benetako altxorra, beraz, Andoaingo Udalak jaso eta herritarren kontsultarako geratuko dena. Momentuz emango ez duten bakarra artean argitaratu gabe dauden bi lan dira. Material horrekin zer egin erabaki behar dute orain.

Argi dago etorkizuneko Udal liburutegia zabaltzen denean Andoaingoa ez dela liburutegi arrunta izango. Euskaltzaleentzat erreferentzi garrantzitsua izango da. Egoera ekonomiko zaila bizi arren, Amutxastegi alkateak aitortu du bere lehentasunen artean dagoela Udal liburutegi berria eraikitzea. Eta, nola ez, liburutegi berriari Martin Ugalde izena ipiniko diote.

Ugalderen ondarea Andoaingo Udalaren esku uzteko prozedura ofiziala gauzatzeko, ekainaren 23an aparteko bilkura egin zuten, ugaldetarrak bertan zirelarik. Udaletxearen atarian txistulariek eta dantzariek harrera egin zieten. Hitzarmenaren sinadura ekitaldira alderdi guztietako zinegotziak eta Andoaingo gizarte, kultur eta hezkuntzako hainbat eragile bildu zen.

 

Adierazpena
ESTANIS AMUTXASTEGI ANDOAINGO UDALAREN IZENEAN

“Egun on, guztioi:
Ongi etorria egin diegu gaur, udaletxe honetan, Martin Ugalde zenaren familiari,  Anamari Martinez Urreiztieta bere alargunari eta Unai, Miren Itxaso eta Ainara seme-alabei. Ongi etorria egin diegu gure Seme Kuttunaren sendia direlako eta, hori gutxi balitz, Martinek bere bizitza osoan metatu eta maitatu zuen ondasuna gure esku, Andoaingo Udalaren eta herriaren esku, jartzera etorri direlako.

Oraintxe onartu berri dugu Martin Ugalderen borondatez Andoaingo Udalaren esku bere liburutegi handia, bere agiritegia eta bere hainbat oroigarri uzteko bere oinordekoekin egin dugun emaitza-kontratua. Mila esker Anamari, Unai, Miren Itxaso eta Ainara zuen aitak hainbeste maite zuen altxor txiki hau bere jaioterriaren esku uzteagatik!
Aurrerantzean gure ahalegina izango da ondasun horiek guztiak andoaindarren eta euskaldun ororen eskura eta zerbitzura jartzea, ondare hori behar bezala zainduz eta iraunaraziz, baina inoren ezkutuan eduki gabe, izan dezala bizitza baina Martinek eman zion ezaugarria, bere bizitza eta garaiaren adierazgarri eta lekuko izatea, galdu gabe.
Horretarako, gure asmoa Andoainen egingo dugun liburutegi berrian Martinen liburutegia bere batasun eta berariazko ezaugarri guztiekin txertatzea izango da, eta hura erabiltzea bere bizitza eta garaiaren leiho eta erakustoki gisa. Gainera, entzun duzuenez, liburutegi berriak Martinen izena eramango du.

Martinen borondatea beteko dugu, Martinena eta bere oinordekoena, oso bereziki, Anamari, zurea, Martinekin batera zuk osatu eta eraiki baitzenuen liburutegi hau, zuk zaindu eta kudeatu baitzenuen.

Egoera ekonomiko zaila eta nahiko korapilatsua igarotzen ari gara. Dagoeneko bideratuta zeuden egitasmoei ekiteko aukerak murriztu dira eta, zalantzarik gabe murriztuko dira. Baina guretzat liburutegi berria eraikitzea eta bertan Martin Ugalderen artxiboa egokitzea lehentasuna izango dira etorkizunean. Zeren eta zuek emandako ondareari toki egiteko arazoari, egungo liburutegian gaur egungo beharrei erantzuteko gabezia erantsi behar zaio. Hori da gure konpromisoa, zuekin partekatuko duguna martxan jarri dugun Aholkularitza Batzordearen eskutik. Arrazoizko denbora tartean egitea espero dugu.
Beraz, Udalbatzaren izenean eskerrak eman beharrean naiz egin diguzuen emaitzagatik. Harro azaldu zen beti Martin bere andoaindartasunaz; harro haren aita Pello, gu bezala udalkide izan zena Errepublikaren garai zail baina ametsez betetako hartan.

Gaur, guk adierazi behar dizuegu harro gaudela haien andoaindartasunaz, haien lanaz eta haien emaitzaz.

Mila esker guztiagatik Anamari, mila esker Unai, Miren Itxaso eta Ainara”.

Adierazpena
MIREN ITXASO UGALDE UGALDEREN SENDIAREN IZENEAN

"Aitaren eta familia guztiaren izenean eskerrak eman nahi dizkiogu Andoaingo herriari eta bere Udalari gure aitaren liburutegia gordetzeko egin digun eskaintzagatik. Gure aita beti maitasun handiarekin jaso zuen bere herriak eta hori oso garrantzitsua zen berarentzat, eta orain guretzat. Eskerrak alkateari, zinegotzi guztiei eta bereziki Jon Unanue gure lagun estimatuari. Berak lan asko egin du gu ulertu eta laguntzeko, beti prest eta adi egon da. Beti irribarre goxo batekin jaso gaituelako, mila esker. Aitaren liburutegia toki egoki batean uzten dugulakoan gaude eta horrek asko pozten gaitu. Mila esker denagatik, bihotzez, mila esker".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!