Aldundiaren prentsa oharrak zera dio:
“Estreinaldia arrakastatsua izan da. Trafikoari irekita geratu zen une beretik, ekainak 25 ostiral arratsalde erditik, oso ugariak dira Donostiako 2. Ingurabidea erabiltzen ari diren gidari gipuzkoarrak, eta erabiltzaileen artean, bereziki, Gipuzkoa zeharkatzen ari den trafikoa aipatu behar da. Erabilera maila handi hau dela eta, aldi berean, Donostiako saihesbideko trafikoa arindu egin da eta segurtasuna ere asko hobetu da ondorioz.
Irekieratik denbora gutxi igaro da eta ez da balorazio sakon bat egiteko garaia iritsi baina hala ere, azpiegitura berriaren lehen egunetan izan diren pautak ikusita, Donostiako 2. Ingurabidea lehen fase honetarako ezarritako aurreikuspenak sobera betetzen ari dela ondorioztatu daiteke. Datozen hilabeteetan ireki berria den azpiegitura are gehiago finkatzen joango dela aurreikusten da, Donostiako saihesbidearen alternatiba bezala indarra hartuz, eta bide hau arintzen modu erabakiorrean lagunduz.
Ireki zenetik izan den lanegun bakarrean –ekainak 28 astelehena- jasotako datuak argitara ateratzen dute 2. Ingurabideak zirkulazioaren gaineko pautak arras aldatuko dituela Gipuzkoan, eta bereziki, Donostialdean.
Igaro astelehenean, zirkulazio-indizeak sobera gainditu zituen 30.000 ibilgailuak 2. Ingurabideko zati nagusian, Lasarte-Orian N-Iekin lotzen den puntua eta Errenterian AP-8 zaharrarekin lotzen den puntuaren artean. Aritzeta eta Lasarte-Oria artean berriz, zatirik motzenean, trafikoa 15.000 ibilgailu ingurukoa izan zen, horietatik %27 ibilgailu astunak (4.000 kamioi inguru).
2. Ingurabidea erabiltzen ari den trafikoaren osaketa ere oso adierazgarria da: astelehenean jaso zen trafikoaren %31 ibilgailu astunak izan ziren, eta datu horren arabera, lehen Donostiako saihesbidetik igarotzen ziren 10.000 kamioi inguru orain 2. Ingurabidea erabiltzen ari dira. Hau da, lehen saihesbidea egunero erabiltzen zuten 15.000 kamioietatik 2/3 orain 2. Ingurabidetik igarotzen dira.
Erabilera tasa altuak izan dira 2. Ingurabidearen irekieraren une beretik, 29.000 ibilgailurekin ekainak 26 larunbatean (%18 astunak) eta 26.000 ibilgailurekin ekainak 27 igandean (ibilgailu astunen zirkulazioa gogor jaisten da jaiegunetan)".