Mikel Iturria txirrindularia: "Andoaingoa nire garaipen politena izan da"

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko uzt. 1a, 10:16

Mikel Iturria Segurola (1992.III.16) urnietarra hitz gutxiko gizona da, baina pozarren dagoela nabari zaio.

Gipuzkoako Itzulia eta gero, zer moduzkoa izaten ari da errekuperazioa?
Mikel Iturria.
Ondo doa, ondo errekuperatzen ari naiz bai.

Zer nolako sentsazioarekin amaitu duzu? Uste baino hobeto joan al da?
M.I.
Itzulia disputatzeko txirrindularien artean egotea espero nuen. Orain, egunak pasata, Andoaingo helmugako azken metroak etortzen zaizkit burura. Kosta egin zait aurten garaipena eskuratzea, eta ia jarraian Mendaron eta Andoainen etapa bana irabazi ditut.
Lau aldiz bigarren eta hirugarren ibilita nago, eta eskuak altxatzeko gogoz nengoen.

Nola gogoratzen dituzu bi garaipenak?
M.I.
Mendaron taldekiderik ez nuen, bakarrik joan nintzen. Ihesean eman nuen etapa eta taldetxo batean sprintean irabazi nuen.
Andoainen Chetout liderrak azken metroetan oso gogor jo zuen, neuk ordea ibilbidea ondo ezagutzen dut eta nire martxa hartu nuen. Bukaerara ondo iritsi nintzen eta nuen guztia eman nuen helmugaraino.

Zure garaipenik politena al da?
M.I.
Bai, politena da. Mundu guztia animatzen ari zitzaidan, nire koadrilakoak ere bertan ziren. Oso polita izan zen.
Pentsatzen dut zure Andoaingo eskolako guztiak pozarren izango zirela, ezta?
M.I. Hala da, bai. Denek zoriondu ninduten. Gainera, aurrenekoa nintzen eskolako elastikoarekin Andoaingo helmugara garaile iristen.

Euskadi irratian garaipena lortu eta biharamunean elkarrizketa egin zizuten. Andoaindarra zarela esan zuten...
M.I.
Ni urnietarra naiz.

Beraz, Andoaingo txirrindulari eskolarekin dabilen Urnietako txirrindularia zara.
M.I.
Horrela da, bai.

Eta orain zeintzuk dira zure hurrengo erronkak?
M.I.
Euskadiko eta Espainiako txapelketak, Ermuan eta Segovian. Eta uztailean Nafarroako itzulia. Horiek dira garrantzitsuenak, gero lasaiago beste lasterketa batzuk egingo ditut.

Afizionatu mailara pasa beharko al duzu hurrengo denboraldian?
M.I.
Bai, nire asmoa afizionatuetara salto egitea da. Oraindik ez dut pentsatu zein taldetan arituko naizen, ez naiz pentsatzen jarri ere egin.

Eta ikasketekin ere jarraitu beharko duzu, ezta?
M.I.
Bai, Oreretako On Boskon automozioari buruko modulua egingo dut.

Zorte on bizikletan eta ikasketetan, eta zorionak!
M.I.
Eskerrik asko.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!