Danborradaren XXV. urteurrena Kaletxikiko jaietan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko uzt. 1a, 10:05

25 urte beteko ditu aurten Ontza elkarteak antolatzen duen danborradak. Egun berezia izango da uztailaren 3a, alde horretatik.

Horixe uste dute Felix Martinez de Lezea eta Imanol Etxeberriak, danborradak bere historian ezagutu dituen bi zuzendariek.    1986ko ekainaren 29an entzun zen lehen aldiz Kaletxikiko danborren burrunda. Hilabete batzuk lehenago, lagun arteko afari batean sortu zen danborrada sortzearen ideia, 2005 arte zuzendari izan zen Lezeak gogoratzen duen bezala: “Donostia egunaren bezperan, lagun koadrila Ontza elkartean bertan afaltzen ari ginela, afalosteetan kantatu ohi den Boga Boga ez baizik eta San Sebastianen martxari heldu genion. Kontua da hor non bota zuela batek galdera: zergatik ez antolatu danborrada Kaletxikin? Eztabaida eduki eta gero, aurrera egin genuen”.
Gauza bat erabakitzea izaten da eta bestea gauzatzea, ordea. Hari ugari izan ziren lotu beharrekoak, hutsetik hasi baitzen egitasmoa. “Poliki-poliki joan ginen eginbeharrak definitzen: errepertorioa (Sarriegiren ohiko piezak, gehi Larramendiren martxa eta Jose Mari Gonzalez musikariak konposatu zigun Ontza izeneko pieza), txaranga (Txalaparta), danbor eta barrilak (Zumeatarra eta Santa Krutz elkarteak utzita) deialdia, entseguak, jendeari jotzen irakastea…”.

Lehen emanaldi arrakastatsua
Azkenean, Ontza elkarteko eta auzoko 60 bat herritarrez osatutako danborrada irten zen kalera. Danbor eta barril jotzaileeekin batera, hiru kantinera atera ziren, Miren Giu, Maite Petrikorena eta Koro Fernandez.
Oiartzun handia lortu zuen auzotarren artean, eta ziurtzat jo zen danborrada San Pedroetan ezinbesteko ekitaldia izango zela aurrerantzean. Are gehiago, arrakastak kaldereroen konpartsa sortzea eragin zuen, Lezearen ustetan. “Ikusita gauza oso txukun atera zela, kaldereroei ekin genion; 1987ko otsailaren 1ean atera ginen lehenbiziko aldiz. Hor ere zuzendari izatea egokitu zait orain gutxi arte; hala ere, kaldereroen benetako arima, Patxi Mendikute izan da. Bera zen izarra erreginaren paperean, berak eramaten zuen jendea Goikoplazara, zer esango ote zuen jakin-minez”.
Bai Lezeak baita Etxeberriak ere zuzendari izateak urte hauetan eragin dien erantzukizuna azpimarratu dute; danborradan serio atera beharraren erantzukizuna. Lezeak ezeren aurretik seriotasuna txertatu nahi izan ziola taldeari nabarmendu du: “danborrada batez ere perkutsioa delako, gutxietsi egiten da musika ikuskizunaren ikuspegitik; batzuetan iruditzen zaigu dibertsioa nagusitu behar dela. Ez gara konturatzen bateragarriak izan daitezkeela ondo pasatzea eta seriotasuna”.
Kalera irteten denean, zer ordezkatzen duten gogoratu nahi du Lezeak: “Azken batean, danborrada kalera irteterakoan, jotzaileen ospea ez ezik Ontza elkartearena ere jokoan dago; horrek errespetua sortu behar luke parte hartzaile guztiengan. Kaleko entzuleengandik aditzea zein ondo jotzen dugun, hori baino gauza gozagarriagorik ez dago”.
Zuzendari den aldetik, Etxeberriak ere seriotasun horrekiko zintzo izaten saiatzen dela aitortu du: “Erantzukizun handia sentitzen dut, eta behin edo behin egokitu izan zait errieta egin behar izana danbor jotzaileren bati, nahiz eta geroxeago damutu edo berari barkazioa eskatu. Negar malkoak ere atera izan zaizkit gauean zehar amorruz, emanaldia pittin bat oker zitekeela sumatzen nuelako-edo”.

Danborrada mistoa iaztik
Azken urtetan Andoaingo emakumeei danborradetan jotzeko aukera zabaltzen ari zaie, eta Ontza elkarteak ere bizi izan du errealitate hori, nahiko naturaltasunez bizi ere, Etxeberriak aitortu duenez: “orain pare bat urte emakumeak gerturatu zitzaizkigun, eurek ere jo nahi zuela adieraziz. Nik Ontza elkarteari jakinarazi nion eskaera. Iaz bazkideen batzarrean bozketa egin zen, eta baiezkoak irabazi zuen. Urte berean 15 bat emakume atera ziren. Aurten bigarrengo urtea izango da, horrenbestez”.

Egun berezia
Egun berezia bai, baina aparteko ekitaldi handirik ez da egingo 25. urteurrena ospatzeko. Detaile txikiak baino ez, Etxeberriak gogorazi duenez: “Goikoplazan argazki ofiziala aterako dugu eta urte hauetan guztietan gurekin izan direnak ere gogoan hartuko dira…”.    
Ibibildea, berriz, ohikoa izango da: “Ontzan afaldu eta gero, 10:00ak aldera elkartearen eta zaharren egoitzen aurrean joko dugu. Hortik Goikoplazara, udaletxe aurrean jo, argazkia atera eta Agustin Leitzako itzulia eginik, ostera Kaletxikira jaitsiko gara gauerdia aldera”.
 Bukatzeko, entsegu egunak ekainaren 22 eta 28an eta uztailaren 1ean Berrozpen izango direla gogoraztearekin batera, Etxeberriak andoaindar oro gonbidatu du Kaletxikira gerturatu eta danbor hotsak entzun ditzan.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!