Peru Ortiz de Zarate eta bere koadrilako kideak hasi ziren lehendabiziko goitibehera saioak egiten: “Adin beretsuko jende talde bat goitibeherak egiten hasi ginen eta eskolatik ateratakoan, arratsaldero, goitiberekin jolastera joaten ginen. Andoaingo Santakrutzetan egiten den jaitsiera ikustera joan ginen eta hortik sortu zen Asteasun ere goitibehera jaitsiera egiteko ideia”. Udalarekin harremanetan jarri eta 2008ko Sanpedrotako egitarauan goitibehera saioa sartzen eskaera luzatu zuten: “Pixka bat kosta egin zitzaigun baiezkoa lortzea. Arriskutsua izango zela esaten ziguten. Azkenean, ordea, baiezkoa eman zuten eta geroztik, urtero egin dugu”, gaineratu du Peruk.
Elkeitatik behera
Elizatik eskolarako bidea bete zuten lehendabiziko urte hartan: “Aldapa txikia da ordea, eta hurrengo urterako, ibilbide aldaketa eskatu genuen. Elkeita baserritik behera egin genuen iaz eta aurten ere hantxe egingo dugu. Aldapa handixeagoa dago han eta bihurguneak ere baditu, oso ibilbide polita da. Iaz oso gustura geratu ginen eta aurten ere mantendu egingo dugu”. Autoz igotzen dituzte goitibeherak irteera punturaino. “Iaz hamabost bat goitibehera izan genituen eta goitibehera gehienetan bi edo hiru pertsona jaisten dira, beraz, hogeita hamar partaide inguru izango gara. Neskak ere animatzen dira; iaz bost neska lehiatu ziren”, azaldu du Peruk.
Bakoitzak hiru jaitsialdi
Hiru jaitsialdi egiten ditu goitibehera bakoitzak: “Erlojuaren aurka aritzen gara. Iaz Elkeita baserriko Julen Beldarrain izan zen garaile. Oso goitibehera ona du eta bera ere ausarta da. Garrantzitsua da hori goitiberekin jaitsiera ona egiteko garaian”.
Mota ezberdinetako goitibeherak ikusten dira Sanpedrotako ekitaldian: “Hiru gurpiletakoak, laukoak… Hala ere, ez dugu jaitsiera kategoria ezberdinetan banatzen. Helburua ondo pasatzea da. Goitibehera gehienak eskuz egindakoak dira eta horrek, bixitasuna ematen dio lehiari, bai prestaketa lanak egiten ari garenean, baita jaitsierako egunean bertan ere”, azaldu du Peruk.
Ordu eta erdiko ekitaldia izaten da eta musikaz lagunduta, giro polita sortzen da. “Goitibeherak gustuko dituzten guztiak gonbidatu nahi ditugu etortzera. Partaide gehienok hamabi eta hamalau urte artekoak gara, baina ez dugu muga zehatzik jarri nahi. Norbaitek etorri nahi badu, ateak zabalik ditu”.
Gazteek gazteentzat antolatuta
Partaideen artean egiten dituzte beharrezko antolaketa lanak: “Ez da oso lan gogorra izaten. Gure artean egiten ditugu. Zenbait bilera egiten dugu gauzak zehazteko eta egunean bertan lasto fardoak jartzen ditugu bihurguneetan, inork minik har ez dezan”.
Jai giroa piztea jaitsieraren helburuetako bat da: “Lehendabiziko urtean mozorrotuta joan ginen guztiak, bakoitza nahi zuen mozorroarekin. Iaz, koadrilen kamisetak jantzita egin genuen jaitsialdia eta aurten ere horrela egingo dugu”.