Badatoz Sanpedroak…, gogotsu?
Beti izan naiz festazalea, koadrilan ere halakoxeak gara. Herriko jaiak noiz iritsiko zain egoten gara.
Festa batzordetako bileretan parte hartu duzu. Zer moduz?
Hainbat urtetan koadrilako Patxi joaten zen bileretara Aitzondo txirrindulari elkartea ordezkatuz, aurten ni joan naiz eta poza eman dit koadrila ezberdinetako jende gehiago ikusteak. Harritu egin nau, esaterako, jende gazteagoa agertzen hasi dela sumatzeak. Ideiak garbi dituztela etorri dira gainera bileretara. Pozgarria da hori. Aurten, jai batzordea zertxobait indartu egin dela esango nuke.
Festetako hainbat kirol froga antolatzen parte hartuko duzue Aitzondo elkarteko kideek. Zehaztuko al duzu froga horien berri?
Batetik, pala txapelketa antolatzen dugu urtero; bestalde, herri kirolen ekitaldia ere gure gain izango da. Herri kirolak antolatzeko, azken urteotan jende faltan ibili gara eta iaz, arrazoi horrengatik bertan behera utzi genuen. Jende dezente kexatu zen herri kirolen faltagatik eta aurten, berriro ere aurrera egitea erabaki dugu. Xiban parte hartzen duen herriko taldearekin harremanetan jarri eta beste hainbat herritarrekin hitz egin ondoren, denon artean antolatuko dugu saioa. Parte hartzaile gehienak asteasuarrak izango dira eta jenderik faltako balitz, kanpoko bat edo besteri egingo genioke gonbitea. Segan, aizkoran, trontzan, korrika, lokotsak biltzen eta txingetan arituko dira, besteak beste.
Eta pala txapelketa?
Pala txapelketaren zazpigarren ekitaldia izango da aurtengoa. Binakako txapelketa izaten da, kanporaketekin maiatzean hasi eta festetan izaten da finala. Aurreko urteetan bezalatsu, aurten zortzi bikotek eman dugu izena.
Txirrindulari elkartea izanagatik, bestelako kirol frogak ere antolatzen dituzue!
Bai, denean ibiltzen gara pixka bat. Asteasu mailan txirrindularitza bultzatzen dugu gehienbat, baina Udalarekin herri kirolak nahiz pala txapelketa antolatzeko konpromisoa hartuta daukagu. Urtean zehar ez ezik, herriko jaietan ere hortxe aritzen gara.
Antolakuntza lan horiez kanpo, Sanpedrotan lan egitea egokituko al zaizu?
Lan egin beharko dut, bai. Aurten jaiak aldrebes samar egokitzen direnez, astean zehar egunen bat jai hartuko dut, baina asteburua aprobetxatuko dut gehiago.
Sanpedroetako egunik gogokoena?
Koadrilen eguna gustatzen zait gehien. Koadrila ezberdinak elkartu eta jende ezberdinarekin biltzeko aukera izaten da egun horretan. Bazkariaren ondoren txaranga edo batukada etorri izan da aurreko urteetan. Aurten txaranga elektrikoa izango da eta ea jendea parte hartzera animatzen den. Bileran esan genuen moduan, Asteasuko koadrilen egunak gazteena bakarrik dela ematen du. Gure koadrila izango da bazkarira joaten den koadrilarik ‘zaharrena’. Koadrilak, ordea, adin ezberdineko jendearenak dira, ez gazteenak bakarrik eta, Villabonan edo Zizurkilen bezala, adin ezberdineko koadrilak biltzea litzateke politena.
Lehen urtetan koadrila bakoitzak etxetik ekartzen genuen bazkaria, baina duela bozpasei urte koadrila batek antolatu zuenetik, txandakatuz, koadrila ezberdinek bete dugu ardura hori. Aurten, aurretik txartel sinbolikoak jartzea pentsatu dugu, antolatzaileek jende kopurua zenbatekoa izango den aurrez jakin dezaten.
Egitarauko zein ekintzatara ez zenuke hutsik egingo?
Herri kiroletara, jende asko bildu, herriko jendeak parte hartu eta giro ona sortzen delako.
Zer behar da herriko jaiak onak izateko?
Garrantzitsuena herriko jende guztiaren parte hartzea da. Koadrilen eguneko bazkarira jende gaztea soilik etortzen bada, herri afaria galtzeko zorian egon zen duela urte batzuk. Ohitura hori mantendu nahian, etxez etxe gutuna bidali genuen eta berriro ere badirudi jendea animatzen hasi dela. Azken urteotan 200 lagunetik gora biltzen gara eta nire ustez, oraindik ere jende gehiago beharko luke.
Eguna ala gaua, bat aukeratzekotan?
Biak. Eguna ekintzak ikusi eta lagunekin lasaiago egoteko. Gaua, tabernaz taberna ibiltzeko.
Jaietan jateko? Eta edateko?
Sanpedrotan askotan bero egiten duenez, jateko freskagarria den zerbait aukeratuko nuke: entsalada, entsaladilla… Elkartean otorduren bat prestatu behar bada, berriz, lan askorik ematen ez duen plateraren bat. Parrandan edateko, garagardoa. Txirrisklasak ere gogoko ditugu, baina gau guztia pasatzeko egokiagoa da garagardoa.
Parrandarako konpainiarik onena?
Koadrila.
Mezuren bat herritarrei?
Anima daitezela jaietan parte hartzera. Parte hartzea indartu behar da Asteasuko jaietan.