Sanpedroak: Auzo arteko mundiala

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko eka. 28a, 15:43

Asteasuko lau auzo lehiatzen dira futbol txapelketan; Elizmendi, kalea, Goiballara eta Moraleja izenez ezagutzen duten auzo berria.

Karlos Ortiz de Zarate da txapelketaren antolatzaileetako bat eta hark eman ditu ekitaldiaren inguruko azalpenak: “Haurren arteko futbol txapelketa antolatzen da urtero eta hura ikustera biltzen ginen guraso talde baten artean sortu zen helduen arteko txapelketa antolatzeko ideia. Asteasun beti izan da Elizmendin eta kalean bizi direnen arteko lehia. Guk lehia sano hori berritu nahi izan genuen futbol txapelketa antolatuz. Iaz egin genuen lehendabiziko aldiz. Herriko beste bi auzok ere parte hartu nahi izan zuten gainera, Goiballarakoak eta Moraleja auzokoak. Oso giro ona sortu zen; espero baino jende gehiago hurbildu zen eta oso ondo pasa genuen”, azaldu du.

Iazko edizioan, penaltietaraino ez zen txapelduna erabaki
Lehia polita sortu zen iazkoan: “Elizmendikoak eta kalekoak iritsi ginen finalera. Oso lehia estua izan zen, berdinketarekin amaitu zen norgehiagoka, luzapenean berdinketa mantendu zen eta azkenik, penaltien bidez erabaki zen irabazlea. Kalekoek lortu zuten garaipena, horregatik aurten errebantxa bila joango gara Elizmendikoak”, azaldu du umoretsu Karlosek. “Txapelketa antolatzen hasi ginenean Udalari eskatu genizkion dominak eta kopak; horiek banatuta amaitu genuen iazko txapelketa, jai giro ederrean”, gaineratu du.
Larunbat goizean jokatuko dute txapelketa aurten ere: “Lehendabizi, zozketa egiten dugu finalaurrekoak jokatzeko eta garaileen artean jokatzen da finala. Helburua ez da txapelketa irabaztea, giro ona sortu eta ondo pasatzea baizik”.
Neska eta mutil, BERDIN-BERDIN
Bost pertsonaz osatutako taldeak lehiatzen dira: “Erraza da taldeak osatzea. Zenbait auzotan, jende asko geratzen da taldetik kanpora. Mutilek eta neskek parte hartzen dugu txapelketan, guztiak ere giro ona jartzeko gogoz. Iaz Anjel Alkain izan genuen epaile lanetan eta bere umoreak punttu berezia eman zien partidei. Aurten ere bera izatea espero dugu”.
Kamiseta bereziak jantziko dituzte, bakoitzak bere auzoaren izena defendatuz. “Aurtengo berrikuntza nagusia izango da hori. Iaz Moraleja auzokoek bakarrik ekarri zuten kamiseta berezia eta gainerakoak, petoa jantzita moldatu ginen. Aurten berriz, auzoaren izena daramaten kamisetak jantziko ditugu. Lehia sano hori piztu nahi dugu berriro, horregatik animatu nahi dugu jendea partida ikusiz euren auzoaren aldeko animoak ematera gerturatzera”.

Eskola atzeko zelaian
Ordu erdi inguruko partida biziak jokatzen dituzte jaietako futbol txapelketan. Aurtengo bigarren berrikuntza futbol zelaia bera izango da: “Eskolako futbol zelaian jokatu genuen iaz, baina aurten eskolako eraikin berria egiten ari dira bertan. Lanek irauten duten bitartean beste zelai bat jarri dute eskolaren atzealdean eta hantxe jokatuko dugu. Ederki etorriko litzateke Asteasun belarrezko futbol zelaia edukitzea. Herria asko hazten ari da eta futbolean aritzea gustuko dutenek kanpora joan beharra izaten dute”, adierazi du Karlosek.
Uztailaren 3an, goizeko 10:30etan hasiko dira partidak. Jai giroan murgilduta, nork bere auzoko jokalariei animoak ematen ondo pasatzeko aukera bikaina eskainiko du txapelketak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!