Aurten, ordea, euren ohiko emanaldian zehar izango da bestelako musika hotsik ere, berrikuntza modura, bestelako musika-tresnak jotzen ikasten ari diren gaztetxoak ere parte hartzera animatu baitira. Trikiti saioaren baitan, beraz, hiru kantu eskainiko dituzte 10-12 urte bitarteko Asteasuko musikari gazteek. Biolina, esku-soinua, bateria, klarinetea eta pianoa oinarrian hartuta. Haien mailara egokituta, kantu ezagunak eta alaiak aukeratu dituzte, Jaun Baruak eta Furra-furra tartean.
Saioa prestatzen, pozik
Musikari gazte horietako gehienak Andoaingo musika eskolan ari dira musika-tresnak jotzen ikasten, baina bada Loatzo musika eskolan ari denik ere. Herriko jaietarako emanaldia prestatze aldera, ahal dutenean tartea hartuta moldatu dira eta gustura ari dira kantuak entseatzen, “herriko jaietan joko dugun lehenengo aldia izango da eta pozik ari gara”, azaldu dute taldekide gazteek. Mirari Irurzun arduratzen da gaztetxoak koordinatzeaz, “agian besteren batzuk ere egongo dira, baina Asteasuko musikari gazte gehienak bildu dira saio hau prestatzeko”. Mirarik musika jotzen disfrutatzea oso gauza polita dela azpimarratu du eta are politagoa musikaren bidez herriko parte sentitzea.
Herritarrei deia
Izarbe Mujika, Urtzi Otaegi, Maddi Etxeberria eta Andrea Iraolak biolina joko dute; Ixabel Alkain esku-soinuarekin arituko da; Aitor Castro bateriarekin; Olatz Rico klarinetearekin eta Amaia Otxandorena pianoan. Trikitilari, pandero-jole eta txistulariekin batera, argi dago Asteasuko musikari gazteen artean musika-tresnen aukera zabala dela. Elkarrizketako koadrila behintzat gogoz ari da ikasten eta aurrera begira jarraitzeko asmotan da gainera. San Pedro eguneko emanaldiari begira herritarrei saio alaia ikustera gerturatzeko gonbidapena egin nahi diete, “etor daitezela gelako lagunak eta baita jende helduagoa ere. Emanaldi polita eskaintzen saiatuko gara”.
Musika emanaldiaz gain, lehen egunean Pello Errota eskolako Guraso elkarteak antolatu ohi duen gaztetxoentzako krosean hartuko dute parte musikari gazte hauetako batzuek. Beste hamaika ekintza ere izango dute oporraldiaren hasieraz eta herriko jaiez gozatzeko. Ondo pasa, bada!