Hirugarren txapela
VII. topaketa izan da aurtengoa eta hirugarren txapela zizurkildarrentzat. Lehen jaialdian eta iaz izan ziren garaile zizurkilgoak, beraz, aurtengoa jarraian lortzen duten bigarren txapela da, eta orotara hirugarrena. Ondoren Asteasu izan zen eta hirugarren Idiazabal. Asteasu eta Zizurkilen artean izan zen txapelerako lehia. Azken emaitza jakitea asko kosta zen, gauerdia pasata, afal ondoren jakin zen puntu bakarrarengatik izan ziren garaile Zizurkilgoak.Lehiaz harago, izan ere, festa bat da Xiba topaketa, lehia ondoko afari eta parrandak erakutsi zuten bezala.
Zizurkilgo taldea ia erabat eraberritu zen finalerako, kanporaketa atera ziren ugarik ezin izan zutelako Arbizun izan. Hauxe izan zen taldea. Mutiletan: Gari, Xabier, Aitor, Joseba Auritz eta Aratz. Nesketan: Marga, Alatzne, Aitziber, Naroa, Naiara eta Leire. Herritik etorritako zaleen babesa ere izan zuten, taldeko argazkian ikusten den bezala.
Mikel Egibarri eskaintza
Herri kirol topaketa honetan egun preso dagoen Mikel Egibarrek bultzatuta hasi ziren zizurkildarrak. Bera izan zen Ziotza kirol elkartearen bultzatzaile eta topaketa hauen arima. Iaz bezala, aurten ere zizurkildarrek berari eskaini nahi diote txapela agur bero bat bidaltzearekin batera.