Mikel Zalakain villabonatarra bart hil da

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko eka. 24a, 16:01

Amnistiaren aldeko mugimenduak jakitera eman duenez, Villabonan 1961. urteko ekainaren 19an jaiotako Mikel Zalakain, iheslari politikoa, bart gauean hil da Korsikan. Maiatzan minbizia diagnostikatu zioten. Hilotza erraustu egingo dute eta errautsak datozen egunetan Euskal Herrira ekarriko dituzte.

Etxerat-en adierazpena:

1986. urtean, 25 urte zituela ihes egin zuen Villabonatik arrazoi politikoak medio zirela  eta geroztik ez da bere sorterrira itzuli. Handik gutxira, familia osoa atxilotu zuten. Aita, Mikel Zalakain, Martuteneko espetxean hil zen biotzekoak jota.

Bi urte beranduago, Polizia frantsesak bera eta bere emaztea den Mila Otegi, Ipar Euskal Herrian atxilotu zituzten eta lau urtez preso egon ondoren, Parisen konfinatu zuten Zalakain. Konfinamendua apurtu eta ihes egin zuen eta azken urteotan Korsikan biza izan da.

Etxerat: “Mikel Zalakain gogoan”

"Etxerat elkarteak berotasun eta babes osoa eskaini nahi dio Mikel Zalakainen familia, lagun eta gertuko guztiei. Une latz hauetan eurekin gaudela eta gurekin kontatu dezaketela argi esan nahi dugu.

Ihesean hil da Mikel. Errepresiotik, torturatik eta espetxetik ihesean hil da. Korsikan eman du bere azken hatsa, Euskal Herrira begira eta Euskal Herria gogoan zuela. Bera bezala, milaka dira mundu osoan zehar sakabanaturik dauden euskal iheslari politikoak.

Mikelek bortizki ezagutu ditu errepresioa eta espetxe politika kriminalaren hatzaparrak. 1991an, aita, euskal preso politikoa, Martuteneko espetxean hil zitzaion bihotzekoak jota. Bi urte beranduago, Frantziako poliziak bera era bere emaztea den Mila Otegi atxilotu zituen. Lau urtez gatibu egon ondoren, Parisen konfinatu zuten. Azken urtetan konfinamendua apurtu eta Korsikan bizi izan da, ihesean.

Azken astetan euskal iheslari politikoen aurkako jazarpena areagotu dela salatu behar dugu. Atxiloketak nonahi, euroaginduak, espetxeratzeak Italia bezalako herrietan. Guzti honekin amaitzea exijitzen dugu eta iheslari politikoek Euskal Herrian bizitzeko duten eskubidea aldarrikatzen dugu.

Azkenik, dei berezia egiten dugu une gogor hauetan familia eta lagunak babesteko eta Mikel omentzeko Villabonan burutuko diren ekitaldietan parte hartzeko".
a

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!