Eingo al deu, Sanjuanetan zuzenean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko eka. 23a, 11:01

Eingo al deu taldea erromerietan jotzeko sortu zuten iaz Andoaingo bost gaztek. Dagoeneko ahoz ahoz dabil bere abestietako bat, eta hainbat herritako jaietan jotzekoak dira uda partean.

Elkarrizketa:

Azaldu al dezakezue taldea sortzearen nondik norakoa?
Jon Beloki: Antton eta biok hiruzpalau urte generaman trikitia eta panderoarekin, nondik hots egin hara joan jotzera. Kalea zen gure agertokia, eta bageneukan gogoa eszenategiak zapaltzeko; horretan, Euken Villasantek bota zigun dezafioa taldea osatu eta Gaztetxeko kultur astean jo genezan, iazko urrian. Behin taldea osatzen hasita, Imanol batu zitzaigun teklatuekin eta Aitor bateriarekin. Ondoren, Jon heldu zaigu taldeko ahotsa indartzeko asmoz.     

Damututa emandako pausoaz?
J.B.: Inondik ere ez! Urki dantza taldearekin Zumean, gero Inauterietan Irunberrin, Santakrutzetan… Kontzertu mordoska eman dugu herrian, eta egia esanda, guk uste baino hobeto atera zaigu apostua, iruditzen zaigu jendeak ondo hartu duela gure proposamena.

Eingo al deu… Izenaren atzean pasadizoren bat izango da, ezta?
J.B.: Hernaniko Sanjuanetan du sorburu. Koadrilan, txantxa giroan, “Eingo al deu, eingo al deu” galdetzen genien neskei etengabe. Espero zitekeen erantzuna jaso genuen beti, baina buruan geratu zitzaigun esaldi hori, musika taldeari jartzeko egokia izango zelakoan.  

Zer eskaintzen duzue?
Aitor Arruti: Euskal kutsua duen musika herrikoia jotzen dugu, erromeri giroa sortu nahian. Bertsioak jotzen ditugu batez ere, Esne Zopa, Etzakit, Gozategi eta antzeko taldeenak, lau bat orduko errepertorioa osatu arte.
Leku ezberdinak probatu dituzuelarik, non zabiltzate gusturago?
Antton Arruti: Gaztetxeetan, kalean, tabernetan edota plazetan jo dugu eta, egia esateko, plaza txikietan sentitzen gara inon baino identifikatuago; han iruditzen zaigu jotzen dugula askeen. Lekuren bat izendatzekotan, Goiburu auzoko jaiak aipatuko genituzke.

Abesti propiorik sortzeko irrikarik ez?
J.B.: Buruan badarabilgu maketaren bat ateratzearena, taldea sendotu ahala. Imanol artista bat da, eta kapaz da abesti baten doinua arratsalde batean sortzeko, horretara jartzen bada. Letrak Jonek eta biok txandaka egitea ez zaigu kostatzen.  
Oraingoz, ordea, gureak diren pare bat kanta besterik ez ditugu plazaratu. “Zatoz maite, zatoz” da bata eta “Eingoaldeu” bestea. Azken hau, Santakrutzak eta andoaindarrak goraipatzen dituena, youtuben sartuta daukagu; beronen soinu grabazioa, berriz, R-ko Iñigo Garridok egin zigun. Grabazio hori tabernetan banatzen aritu ginen, eta gure harridurarako, jende askok abesten du herrian jada, Santakrutzetako erromerian frogatu ahal izan genuen bezala.
Imanolen ideia anitzen artean, sortu berri den Ontzerri futbol taldearen ereserkia dago besteak beste. Polita izango litzateke jokalariekin grabazio ziri sartzaileren bat egin eta youtuben sartzea (kar-kar).

Nori ematen diozue garrantzia gehiago, zuzeneko soinuari ala publikoa dantzan jartzeari?
A.A.: Oreka bilatzen dugu. Musika perfekzioa bilatzera bazoaz, publikoarekiko harremana gal dezakezu; bat batekotasunari ere lekua eman behar zaio, are gehiago gurea bezalako talde batek.
J.B.: Elkarren osagarri gara. Igual Jon eta biok txantxa maite dugu eta errezago jotzen dugu zuzenean publikoarekin komunikatzera; Oiartzunen, adibidez, “hasiko al gera txorakeritan?” elkarri galdetu, eta di-da batean, bertsotara jo genuen. Imanolek, ostera, seriotasuna eta zorroztasuna txertatzen digu, erritmoa jartzeaz gain.

Sanjuanetako emanaldia, nola ikusten duzue?  
J.B.: Plaza handiegia da Nafarroa Plaza, baina Gozo-Gozorekin batera lepo jartzea espero dugu.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!