Gozo-gozo, Sanjuanetan zuzenean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko eka. 23a, 11:00

Gozo-Gozo Andoaingo zazpi neska-mutilek osatutako musika taldea da. Aurten bertan hasi dira elkarrekin entseatzen elkarrekin, eta dezenteko ohiartzuna lortu dute dagoeneko.

Elkarrizketa:

Nolatan eta noiz sortu zenuten taldea?
Mikel Urdangarin: Gure aurreneko asmoa ez zen taldea sortzea, baina gertakizunak bata bestearen atzetik etorri dira azken hilabeteetan. Inauterien aurretik taldeko lau trikitilariei (Maialen, Ezkide, Lorea eta Leire) Santa Krutzetan erromeria moduko zerbait egitea proposatu zieten. Horiek Aimar (gitarra) eta niri (biolina eta teklatua) hots egin ziguten, haiengana batu gintezen. Azkenean talde finkoa osatzeko ideia indartu egin zenez, bateria bilatu genuen.

Zer moduz moldatu zarete orain arte elkarrekin zazpiak?
M.U.: Primeran. Hasi eta agudo, Orioko baserri batean lau egunetarako egonaldia egitea erabaki genuen. Goiz eta arratsalde aritu ginen musika jo eta jo, Santa Krutzetara prestatuta joan nahi genuen-eta. Elkarbizitzak asko lagundu zigun soinuaren aldetik ez ezik elkarren arteko konfiantza hobetzeko ere, ezagunak besterik ez baikinen gutako batzuk artean.

Nola definitzen duzue zuen estiloa?
M.U.: Batik bat euskal kantutegia darabilen erromerietako musika taldea da Gozo-Gozo.
Aimar Urruzuno: Festa giroan dantzatzeko musika bixi-bixia egiten dugu. Gozategi, Maixa eta Ixiar eta antzeko taldeen bertsioak egiten ditugu, baina baita pop-rock-eko zenbait talderenak ere, trikitira egokitu eta gero.

Ez al dizue erakartzen abestiak sortzeak eta CD batean grabatzeak?
A.U.: Abestiren bat edo beste sortu izan dugu, baina oraingoz gure asmoa plazan dantzagarriak diren bertsioak egitea da. Lehenbiziko kontua taldea sendotzea eta taulagainera ohitzea da. Etorkizunean nork daki nondik joko dugun...

Non jo duzue orain arte?
M.U.: Esan daiteke Egunkariaren alde  Goikoplazan egin zen jaialdia izan zela gure lehenbiziko agerraldia. Geroztik, Erandion eta Santakrutzetan jo dugu.

Zer egin duzue hasi eta beherala zuen hotsa Erandioraino iristeko?
M.U.: Interneten asko ari gara mugitzen, geure burua saltzeko asmotan. Gozo-Gozori buruzko informazioa, argazkiak eta bideoak dakartzan bloga sortu dugu eta facebook, twitter eta horrelako sare sozialetan ere bagabiltza.

Zer moduz Bizkaiko paraje haietan?
A.U.: Egundoko arrakasta eduki genuen (kar-kar). Hango gazte asanbladak deituta joan ginen. Plaza hutsa zegoen jotzen hasi ginenean, baina halako batean 25 laguneko kuadrila agertu zen; triki-poteotik zetozen, pasa-pasa eginda denak ere. Athleticak galdu berri zuela eta deprimitu samar zeuden (kar kar), baina gurekin ederki asko egin zuten dantza.

... Eta Santakrutzetako herri bazkariaren osteko erromerian?
A.U..: Etxean eta gertukoen aurrean izanik urduri samar oholtzaratu ginen, baina gero oso gustura aritu ginen. Jende asko bildu zen, nahiz euria egin; bai koadriletako jendea, baita gure familiako kideak nahiz lagun asko ere dantzan ikusi genituen, eta hori poztekoa da.
M.U.: Ez omen zuten espero horren ondo joko genuenik. Horixe ean ziguten ordura arte Gozo-Gozo interneten zintzilikatuta daukagun bideoari esker ezagutzen zuten zenbaitek.

Animatuta, beraz, Sanjuanetarako?
A.U.: Oso animatuta gaude egun horretarako. Ezberdina izango da Santakrutzetako emanaldiarekin alderatuta, arrazoi ugari dela medio: aurretik ez dago giroa berotu dezakeen koadrilen bazkari edo afariririk, Nafarroa Plaza leku handia eta hotza da, eta gainera, herriko gazte askok betidanik Sanjuanetan Hernanira joateko joera izan dute.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!