Sanjuanak: Hip hop eta funky erakustaldia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko eka. 23a, 10:56

Allurralde Kiroldegian biltzen diren hainbat emakumek hip-hop eta funky erritmo biziekin dantza erakustaldia egingo dute Goikokoplazan.

Ixiar Oria irakasle oiartzuarrak hainbat ikastaro gidatzen du kiroldegian: Aerobic-a, funky-a, fit-pump-a, fit-balance-a, aquagym-a, mantenimendua helduentzat eta gimnasia jubilatuentzat, hain zuzen. Elkarrizketa:

Noiztik daramazue saioa eskaintzen Goikoplazan?
Ixiar Oria: Orain sei urte hasi ginen. Aurreneko bost urtetan 12-16 urte bitartekoekin egiten genuen emanaldia. Iaz 25-45 urte bitarteko helduen beste taldea ere parte hartzera animatu zen. Beraz, aurten kiroldegiko bi taldeek eta Oiartzungo haurrek dantzatuko dute.

Zein jende motak osatzen dituzte zuk gidatzen dituzun bi talde horiek?
I.O.: Dantza egitea dute gogoko, horixe da komunean daukatena. Bestelakoan, denetarik topa dezakezu: ikasleak, langileak, futbol jokalariak…   

Gustura Sanjuanetan parte  hartzearekin?
I.O.: Oso pozik joaten gara. Herritarrentzat jai egitarauan beste hitzordu bat izatea lortu dugu. Plaza libreko emanaldietarako garrantzitsua den eguraldiak beti errespetatu gaitu, eta publiko ugari etortzen da gu ikustera; aulki guztiak bete ohi dira eta jendeak zutik geratu behar izaten du. Nahiko ikuskizun txukuna eskaintzen delako etortzen dela uste dut.
Dantzariaren ikuspuntutik, badu bere grazia jendaurrean dantzatzeak; dantzariei izugarrizko poza sortzen die urte osoan gimnasioan landu dutenak zerbaitetarako balio izan duela ikusteak batetik, eta aldi berean, euren lagunei, familiarrei eta gainerako herritarrei erakusteak bestetik.   

Zein koreografia lantzen duzue?
I.O.: Modan dauden eta dantzariek gogoko dituzten musikariak hautatzen ditut lehenbizi; ondoren, neronek asmatzen dut abesti bakoitzari egokitzeko moduko koreografia. Aurten, besteak beste honakoek osatuko dute emanaldia: Lady Gaga, Maddona, Black Eye Peace eta Michael Jackson.

Urtean zehar beste emanaldirik egiten al duzue?
I.O.: Proposatzen diguten lekuetara joateko prest gaude, baina ez dugu emanaldi askorik egiten, dena esan behar bada. Sanjuanetako hauxe kenduta, aurten Egunkariaren aldeko otsaileko jaian parte hartu dugu, eta oraingoz, Karrikako jaietarako besterik ez digute hots egin.

Zer esango zenioke inoiz ikusi ez zaituen horri?
I.O.: Bada, ondo dagoela trikitixa, txistulariak, euskal dantzak…, entzutea jaietan, baina anima dadila beste dantza mota hauek ere ikustera. Gauza berriekiko jakin-minagatik besterik ez bada ere, Goikoplazara bertaratu dadila hilaren 27an arratsaldeko 19:30etan. Ez da damutuko.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!