Mikel Berraondo, Arratera itsatsitako bizitza

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko eka. 22a, 20:46

Mikel Berraondo Lamarain (Soraluze, 1925) Gazteleku pilota taldeko bultzatzaile da aspaldiko urtetan. Zesta puntako atala bideratzen du, batez ere. Arrate pilotalekua bere bigarren etxea dela esan daiteke, eta bertan aritzen diren pilotari gazteak, berriz, bere besoetako semeak. 

Nolaz heldu zinen Gazteleku taldera?
Mikel Berraondo. Ni Plentxikoa (Soraluze) naiz izatez. SAPAko langilea nintzen eta astean bitan Andoainera etortzen nintzen, kanoien zuzenketak egitera-eta. 1961ean, berriz, hamar langile Andoaingo plantillan jarri gintuzten, eta orduan, Calonge auzoan jarri ginen bizitzen emaztea eta biok.
Beti izan dut pilotarako joera, eta Arrate pilotalekua 1976an ireki zenez geroztik, hara joaten hasi nintzen ikusle modura. Orduak egiten nituen pilotarien entrenamenduak eta partidak ikusten. Rafael Elizondo zesta puntalari handia izandakoak zesta puntako eskola zeukan bertan, eta behin, zera esan zidan: “Ikusten dek, hilean ehun pezeta kentzen diet mutikoei. Hi izango hintzake ona horiei kobratzeko…”. Bere pilota eskolako administratzaile izateko proposatu, eta nik onartu.

Horrela murgildu zinen, orduan, Andoaingo pilota giroan...
M.B.Elizondo hil zen eta beste zenbait erakusle etorri ziren segidan zesta puntan: Elola, Barrondo, Aizpurua... Horiek denek utzi egin zuten gero. Azkenean, neroni sartu nintzen erakusle bezala; batez ere Elizondori ikasitako guztia gazteei transmititzea izan zen nire asmoa, umil-umil. Gaur arte.

Gaztetan zestako jokalaria izan zinela pentsatuko du askok...   
M.B.Ez, zesta puntista ez naiz izan inoiz. Eskuz jokatutakoa naiz bakar-bakarrik. Pilotari polita nintzen, ezkerra eta aurrelaria, eta Plentxin sari ugari irabazitakoa naiz afizionatuen mailan.

Arrate pilotalekuaren bizitza beste inork ez bezala ezagutuko duzu. Bada bereziki harritu zaituen pilotaririk?
M.B.Batzuren batzuk aipa nitzake, baina oraintxe hiru datozkit: Jon Barrondo eta Nestor Berraondo -nire semea- zesta puntan, eta Joxe Mari Iturzaeta palan.

Zein zeregin betetzen duzu Gaztelekun?
M.B.Denetik egin beharra dago hemen. Batetik administrazioko kontuak daude; esatera batera, federazio fitxak, bilerak erakundeekin, diru eskaerak gestionatu... Izan ere, eskean ibili behar izaten da asko han eta hemen; egin kontu, Udalaren diru laguntza ia dena pilotarien fitxetan (2.300 euro) xahutu behar izaten dugula.
Egun hauetan, adibidez, San Juanetako eskua, zesta punta eta palako sariek eskatzen didate denbora eta arreta. Inguruko lantegietara joan eta sariak lortu, jokatzen ari diren herrietako pilotari eta ordezkariekin harremanak eduki...  
Bestalde, zesta punta kirola garestia da eta materialaren kostoa aurrezteko zenbait lantxo ere egin behar izaten ditut; pilotak josi, saskiak konpondu... Zesto batek igual 300 euro balio du, eta bigarren eskukoen atzetik ibiltzen naiz; uda partean Amerikatik etortzen diren pilotariekin negoziatzen aritzen naiz, eurek erabilitako zestoak ahalik eta merkeen erosteko.  

Zer moduz moldatzen zara pilotari gazteekin?
M.B.Ni oso gustura ibiltzen naiz eurekin, eta eurek ere nirekin halaxe ibiltzen direla pentsatzen dut. Nire semeak balira bezala ikusten ditut. Belarritik tira egin behar zaienean, tira egiten zaie, baina eskuzabal jokatzen saiatzen naiz batez ere.
Tarteka kanpora joan izan gara egun batzuetarako, eta pozez txoratzen ibili izan gara denok. A Coruñara, Bartzelonara, Hossegorrera, Palentziara..., hainbat tokitan Europako edo Espainiako Kopak taldeka jokatu izan ditugu. Kirola egiteko ez ezik parrandan ondo pasatzeko denbora izaten dute gazteek, eta gozatu egiten dute.

Zenbat zesta puntako jokalari ditu egun Gaztelekuk?
M.B.Hamabost inguru. Pena ematen dit, baina ez dut ikusten inor atzetik datorrenik; etorkizun beltza dauka zesta puntak Andoainen. Telebista dela medio, esku pilotara jotzen dute gazte guztiek. Ni saiatzen naiz zesta puntara erakartzen horietako bat edo beste; hamar urteko lau bat gaztetxo ikusten ditut oraintxe gertu, zestoa eskuan hartu eta proba dezaketenak... Izan ere, ziur nago zesta punta probatzen duen gaztetxoak gustua hartu eta jarraituko duela.
Horrela ibili beharra dago, jai dago gainerakoan.

Omenaldia eskaini zizuten San Juanetan, orain bi urte...
M.B.Biziki estimatu nuen nirekin horrela gogoratzea. Baina eguna ezin izan nuen behar bezala gozatu pilotariekin, lagunekin, zaletuekin... Aurreko egunetan sufritu nuen tronbosi txiki batek izan zuen horren errua.

Noiz arte Gaztelekura lotuta?
M.B.Etxean ere horixe galdetzen didate. Hurrengo urterako utzi egingo dudala iruditzen zait. 84 urte ditut, eta gero eta nekarriagoa egiten zait Donostiako bizilekutik hona etortzea, Arraten sartuta orduak eta orduak egitea, bateko eta besteko gestioak egin behar izatea... Badaukat pilotariek eurek klubeko lan guztiak hartzeko erabakia hartuko duten itxaropena. Pilotekin eta zestoekin egin behar diren esku-lanak nork hartuko dituen bere gain, horrek ematen dit kezka gehiago.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!