Onddira kultur bidaia mendiko bizikleta gainean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko eka. 22a, 20:37

Leitz kirol eta kultur elkarteak irteera berria antolatu du ekaineko azken iganderako. Adarra-Onddi inguruko monumentu megalitikoak bisitatzeko irteera bat egiteko asmoa dute mendi bizikleta erabiliz. Irteera parte hartu nahi duen guztiari irekita dago eta dohainik izango da. Igande honetan goizeko 08:00etan irtengo dira Bekoplazatik. Itzulera, berriz, eguerdiko 13:00-etarako izango dela aurreikusi dute.


Antolatzaileek irteeraren helburua zein den nabarmendu nahi dute, “irteerak duen kultur izaera azpimarratu nahi dugu. Oraingoan, bizikletak ingurugune oso aberatsera garraiatuko gaitu. Gure ondare arkeologikoa ezagutzeko paseotxoa egitea proposatzen dugu. Ez da, beraz, lasterketa bat izango, eta taldean joaten saiatuko gara”.
Ibilbide ABERATSa
Honako aztarnategi eta monumentuetatik igaroko da: Andoain, Lapurtxulo (mehategia), Usobelartza (monolitoa), Feliperen borda eta elurzuloa, Eteneta II (harrespilak), Eteneta I (harrespilak eta monolitoa), Tximistako Egia (harrespilak eta elurzuloa), Elurzulo (harrespila eta elurzuloa), Sansonarri (harri mitologikoa), Aballarri (trikuharria), Arleorko Zabala (harrespilak), Pozontarriko Lepoa (trikuharria), Mulisko Gaina (nekropolis, harrespilak, monolitoak eta zista), Marizulo (kobazuloa eta karobia) eta Andoain.
Kirola egiteaz haratago, bestelako helburua du igandeko irteerak, “kirola egiten gabiltzan bitartean, inguru ezezagunak, galduta dauden bidexkak edota toponimia ezagutarazi nahiko genuke”. Informazio gehiago: www.leitz-mtb. com webgunean.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!