Hernaniko Biteri kultur Etxean ELAko eta LABeko ordezkariek Greba Orokorraren inguruko deialdia egin dute. Agerraldian bozeramale lanetan aritu dira ELA sindikatuko Iker Urruzola eta LAB sindikatuko Elias Miner. Agerraldiaren hasieran bi sindikatu nagusi hauekin batera ESK, STEE-EILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek sinatutako manifestua irakurri dute. Funtsean, Espainiako Gobernuak plazaratutako lan erreforma bertan behera uztea eskatu dute, "kasu guztietan langile klasearen eta pentsiodunen laguntzak eta eskubideak murrizten" direlako. Euskal langileentzat marku berria exijitzen dute, "gure eskubideak, sozialak nahiz lanekoak, defendatzeko behar diren politikak Euskal Herrian erabaki daitezen". Ekainaren 29rako Greba Orokorra deituta dago.