Gazteleku, Gipuzkoako pala txapeldunak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko eka. 22a, 20:00

ANDOAIN 2–0 ERRENTERIA
Ekainak 18, ostirala. Oiartzun
Larruzko paleta:
Andoain 35–22 Errenteria

Andoain: Ibai Iradi eta Jose Maria Vitoria. Errenteria: Ibon Eskisabel eta Mikel Sukia.
Pala motza:
Andoain 40–26 Errenteria

Andoain: Ibon Altuna eta Koldo Zabala. Errenteria: Mikel Mitxelena eta Ruben Pichel.

Andoain txapeldun geratu da Gipuzkoako Herriarteko txapelketan, Errenteria garaitu ostean Oiartzunen joan den ostiralean jokatutako finalean.  

Fermin Altuna prestatzailearen iritzia:
Laukotea bigarren aldiz geratu da Gipuzkoako txapeldun afizionatuen mailan, azken urtetan zazpi txandatan finalera iritsi eta gero. Pozik egoteko moduko emaitzak, inondik inora. Arrate pilotalekua luzea dela beste herrietan dauzkatenen aldean, eta abantaila horrekin jokatzen dugula leporatu izan digute batzuetan. Egia izan liteke Arraterena, baina egia ere bada kanpoko pilotalekuetan bi partida besterik ez dituztela galdu; irabazi gainerakoak.

Talde bezala parekorik ez edukitzeaz gain, banaka-banaka hartuta ere Gipuzkoako onentxoenetakoak direla erakutsita dute soberan. Aurreko batean, adibidez, Iradi eta Altunak Bilboko Deportivon profesionalak diren Aierbe eta Oiartzabalekin batera jokatu zuten Urnietan, jaialdi batean. Bada, egoki samar defendatu zirela aitortu behar da. Profesionaletara zergatik ez diren pasatzen? Horretarako norberak eduki ditzazkeen kirol dohainez gain, ogibidea, familia… eta bestelako faktoreak hartu behar direlako kontuan.
Lauak pilotari bezala honela definituko nituzke, banaka hartuta. Bitoria, eskarmentu handiko atzelaria da; segurua eta egokia posturetan, oso erraz moldatzen dena Arrate bezalako pilotaleku luzera. Zabala ere atzelari segurua da, jotzaile handia; azkarra da sakea txokora, zabalera…, bidaltzeko, eta badaki aurkariei min handia ematen; Anoetako pilotalekuan aritzen da eta leku motzetara egokitzen ikasi du. Iradi lauetan teknikoena izango da, trebea pilota behar den tokira bidaltzen; pilotaleku motzera moldatzen da egokien. Altuna, azkenik, jotzailea da berez, txikitzen dakiena postura onean harrapatzen duen pilota; pilota ondo kolokatzen jakitea falta zaio, beharbada.

Piloteoak luzeak direnean batez ere gozatu ohi da palaren modalitatearekin, eta zera esan dezaket, bai lau pilotari horiek baita Gaztelekuko gainerakoak ere kapaz direla ikuskizun politak eskaintzeko pilotalekuetan. Lastima da, baina publiko gutxi bertaratzen da Arratera horiek ikustera. Nahi izanez gero, Andoaingo pilota zaletuek Sanjuanetan, hilaren 26an, daukate aukera ederra pala, zesta punta eta eskuko finalekin gozatzeko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!