Adunako araztegiko lanak aurrera doaz

2011ko ekaina aldera amaituko dituzte Adunako araztegia eraikitzeko lanak. Legorreta eta Andoain bitarteko hemeretzi herrietako ur zikinak bildu eta garbituko ditu martxan jartzen dutenean.

Herri eta hirietako ur zikinak bildu eta garbitu ondoren, Oria ibaira itzultzea da araztegien egitekoa. Adunako araztegiak, garbiketa sistema berria erabiliko du, indar fisikoez gain, sistema biologikoak ere batzen dituena. Gipuzkoan, sistema hau erabiliko duen hirugarren araztegia da.
Karlos Ormazabal, Garapen Iraunkorreko Ahalduna eta Alejandra Iturriotz, Lan Hidraulikoen zuzendariak eman dituzte beharrezko azalpenak: “SBR izeneko sistema erabiliko du Adunako araztegiak. Nahiko sistema berria da, urari zikinkeria kentzeko, sistema fisikoaz gain, biologia ere erabiltzen duena”.
Araztegiko lanak hasi aurretik, beste hainbat lan ere egin behar izan dira Adunako lursailetan: “Oria ibaiaren ondoan dagoen lursaila izanik, uholdeak izateko arriskua neurtu zen. 500 urtetik behin uholdea izateko arriskua zegoen eta bada ez bada, altuera gehiago ematea erabaki zen. Nahiz eta uholdea izateko arriskua txikia izan, noizbait gertatuko balitz galera handiak ekarriko lituzke, horregatik erabaki zen lur mugimendu handiak eginez, altuera handixeagoa ematea. Itsasoaren mailatik neurtuz, 50 metro pasatxoko altuera izango du araztegiak”, azaldu du Karlos Ormazabalek.
Araztegiak sor ditzakeen soinu edota usainen inguruko azalpenak eman ditu Alejandra Iturriotzek: “Soinua egiten duen gunea, ur zikina aire zorroztada bidez mugiarazten duena, Oria ibai aldera eraikiko da, arazoak saihesteko. Usainen inguruan berriz, arazorik handiena sor dezaketen guneak guztiz itxita egongo dira, beraz, ez dugu uste usain txarrik nabarituko denik. Martxan jarritakoan arazoren bat sortuko balitz, irtenbide egokiena ematen saiatuko gara”.

Lanak, martxa onean
Lanek, aurreikusitako erritmoan aurrera darraite: “Lur mugimendu handienak amaituta daude eta eraikinak altxatzeko lehendabiziko egiturak lantzen ari dira. Hoditeria eta gainerako azpiegiturak sartzeko lanak ekainean zehar hasiko dira. Momentuz, ez da inongo ezustekorik izan eta guztiak horrela jarraitzen badu, 2011ko erdialderako amaituta izatea espero dugu. Lanen martxa egokiak, hasierako aurrekontua bere horretan mantentzea ahalbidetu du eta hori oso garrantzitsua da tamaina honetako lanetan. Araztegia amaitzean, Gipuzkoako azpiegitura lanik handienak amaitutzat emateko moduan izango gara”, gaineratu du Karlosek.
Hasierako proiektuan araztegi handiagoa aurreikusi zen, “baina teknikoki zailagoa zen eta sistema biologikoa erabilita, toki txikiagoan eraiki ahal izan da. Bertatik pasatzen den errekastoa bideratu eta lursailaren 20.000 metro hartuko ditu araztegiak. Libre geratzen den lursailaren zati handi bat industrigune berria egiteko erabiliko da”, azaldu du Alejandra Iturriotzek.

Etxeetako eta enpresetako ura
Etxeetako ur zikinaz gain, zenbait industrigunetakoa ere jasoko da Adunan. Hala azaldu du Karlos Ormazabalek: “Zenbait industria motak erabiltzen duen ura ezingo dira hemen jaso tratamendu berezia behar duelako. Papertegiak, esaterako, behartuta daude euren garbiketa sistema izatera. Industria mota horrek ur asko erabiltzen du eta araztegian jasoko bagenu, gainezka egingo genuke. Oso ur zikina sortzen duten industriek ere beste irteera batzuk eman behar dizkiote ur horri. Gainerako enpresek, Ur Kontsortzioari baimena eskatu behar diote euren urak araztegira bideratzeko”. Euri ura ere ondo bideratu eta araztegira ez iristea da helburua.
Urak araztegira bideratuko dituen hodi sistema  aurreratuta dago: “Benta-Haundi eta Tolosaren arteko hoditeria egiten ari dira eta Tolosatik Irura arteko zatia tramitatzen ari dira. Hori da sare nagusian egiteko falta dena. Gainerantzean, Amezketa, Baliarrain, Orendain, Altzo…, eta zenbait herri txiki falta da, baina proiektu horiek ere nahiko aurreratuta daude”, azaldu du Alejandra Iturriotzek.

Uraren garbiketa pausoz pauso
  1. Hemeretzi herritako ur zikina kolektore edo hoditeri sare luze batean barrena iritsiko da Adunako araztegira. Legorretatik Tolosaldean barrena dator hodi nagusia eta Andoaindik abiatzen da beste bat. Asteasutik eta Araxes erreka aldetik ere beste bi adar batzen zaizkio sistema nagusiari.
  2. Ur zikina parrilla batzuetatik pasako da. Zikinkeria handiena parrila horietan biltzen da eta urak bere bidea jarraitzen du araztegiko hurrengo pausora. Lehen garbiketa honetan solido handiak, olioa eta hondarra kentzen zaio.
  3. Ura filtro estuagoetatik pasarazten da, solido txikiagoak biltzeko.
  4. Haizea indar handiz botatzen duten gailu batzuetatik pasatzen da ura. Haizeak eragiten duen mugimenduaren ondorioz, hondarra beherantz joaten da eta koipe arrastoak goialdera.
  5. Dekantadorea izeneko biltegi borobiletara iristen da ur zikina. Batez beste, 2500 m3 hartzen du piszina bakoitzak, 2.500.000 litro ur. Grabitatearen indarrak egiten du hor lanik handiena. Erdian duen hodi batetik iristen da ura biltegira eta bi ordu eta erdi inguru pasatzen ditu bertan, geldirik. Modu horretan pixkanaka, zikinkera beherantz joaten da. Erratz handi moduko batek biltzen du beherantz joandako zikinkeria hori. Ur garbia berriz, goialdeko kanaletan barrena joaten da, garbiketa biologikoko zikloan sartzeko prest.
  6. Hondakin solidoak kenduta, sistema biologikoa hasten da martxan. Lau fase ezberdin pasa behar ditu urak sistema biologikoak bere helburua bete dezan. Lehendabizi tanke handiak urez bete behar dira, ondoren, urak mugitu egiten dira; gero aireztatu egin behar dira eta azkenik berriro ere geldirik uzten dira grabitateak bere lana egin dezan. Sistema biologiko honetan, zenbait bakteriak parte hartzen du. Uretan dagoen zikinkeria organikoa bakteria horiek jaten dute, uraren garbiketa zikloa amaituz.
  7. Garbitutako urak, Europako Legediaren baldintzak betetzen ditu. Berez eskatzen den garbitasun mailatik gorakoa lortzen da SBR sistema erabiliz. Ur garbi horiek Oria ibaira isurtzen dira. 
Garbitasun prozesutik sortutako lohien tratamendua
  1. Ura garbitzeko erabiltzen diren ziklo ezberdinetan sortutako lohiak, nahastu eta depositu batean biltzen dira. Denbora tarte bat ematen dute han, digestorea izeneko makinara eramaten diren arte.
  2. Digestorean, 30 graduko tenperaturan egoten dira lohiak, airerik gabe. Prozesu kimiko baten ondorioz, hondakin horietako batzuk metano gas  bihurtzen dira.
  3. Araztegiko energia beharretarako erabiliko da sortutako metano gas hori.
  4. Beste depositu batetik pasa ondoren, filtro prentsara pasatzen da. Lohiak deshidratatu egiten dira bertan. Prozesua amaituta, usainik gabeko hondakina geratzen da, kamioietan kargatu eta zabortegira, erraustegira edo beste erabileraren batera bidera daitekeena. Emango zaion irteeraren arabera, tratamendua aldatu egiten da gehiago edo gutxiago lehortzeko.
Araztegia datu bidez
  • Hoditeria: Guztira, 33,8 kilometro luze izango du ur zikinak araztegira ekartzeko hoditeri sareak. Sare nagusia izango da hori, herri barruko hoditeria Udalen esku geratzen da. 
  • Hodiak: 1200mm-ko diametroa dute Legorretatik datozen hodiek eta 800mm-koa Andoaindik datozenek. 
  • Azalera: 20.000 metro karratuko azalera hartuko du Adunako araztegiak, lau futbol zelaik adina. 
  • Ur kopurua: Eguraldi lehorrarekin, segunduko 325 litro ur sartuko dira araztegian, euri egunetan, 1476 litro segunduko. 
  • Langileak: Gaur egun hogeita hamar langile ari dira araztegia eraikitzeko lanetan. Amaitzean, zortzi lanpostu egongo dira araztegiari lotuta.
  • 19 herri: Hauexek jasoko dute araztegiaren zerbitzua: Abaltzisketa, Aduna, Alegia, Altzo, Amezketa, Andoain, Anoeta, Asteasu, Baliarrain, Belauntza, Hernialde, Ibarra, Ikaztegieta, Irura, Legorreta, Orendain, Tolosa, Villabona eta Zizurkil. Guztira, 60.658 biztanle.
  • Aurrekontua:
    • Hoditeri sarerako: 61.361.000 euro.
    • Araztegia eraikitzeko: 24.788.416 euro. Foru Aldundiak eta Ur Kontsortzioak finantzatuta.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!