Adunako Udala, araztegiaren inguruan

Adunako erriberan kokatuko da Oria ibarreko araztegi berria. Josu Amilibia zinegotziak eta Arantza Aburuza alkateak azpiegitura handiaren inguruko euren ikuspuntua eman dute.

2007an jakin zuten araztegiaren proiektua Adunan kokatuko zela. Geroztik, hainbat pauso eman dituzte Foru Aldundiarekin bildu eta beharrezko informazioa lortzeko. “Aurrez egindako zenbait araztegitan usain eta soinu arazoak izan direla jakinda, proiektuaren inguruko informazioa bildu nahi genuen: nolako araztegia izango den, zer nolako teknologia erabiliko duen… Gure eskaerak eta kezkak luzatzeko lehen bilera bat egin genuen Foru Aldundiko kideekin. Araztegia guztiz estalia izatea eskatu genien eta hori ezinezkoa balitz, arazo handienak eragin ditzaketen guneak estaltzea nahi genuen. Donostiako araztegian sekulako dirutza gastatzen ari dira usain txarren arazoak konpontzeko eta guri egokiagoa iruditzen zaigu proiektua lantzeko prozesuan bertan arazoak aurreikusi eta irtenbideak bilatzea. Gure eskakizunak, ordea, ez zituzten kontuan hartu”, azaldu du Josuk.  

Informazio eskea
Arantza Aburuza alkateak argi azaldu du araztegiaren inguruan duen ikuspuntua: “Adunako Udala ez dago araztegiaren aurka. Inori ez zaio gustatzen horrelako azpiegitura bat etxean edukitzea, baina ulertzen dugu beharrezkoa dela eta onurak ekarriko dizkiola Oria ibaiari. Gure kexa nagusia informazio falta da. Foru Aldundiaren atzetik ibili behar izan dugu etengabe; proiektuaren ezaugarriak, lanen martxa, sor daitezkeen arazoak eta pentsatutako irtenbideak..., horien inguruan jakin nahi genuen. Gurekin hitz egiteko eta informazioa elkarbanatzeko prest zeudela esaten ziguten, baina ez da horrela izan. Gaur egun ere jarrera bera mantentzen dute; lanak ikusteko baimena ematen digute, baina teknikariak soilik egoten dira, arduradunik ez da etortzen azalpenak ematera”.
Inguruko herrien babesa ere eskatu zuen Adunako Udalak, “azken finean, gure lurretan egongo da, baina gertutasunagatik, Andoain, Zizurkil edota Amasa-Villabonari ere eragin diezaiekete balizko arazoek. Bilera deitu genuen hiru herri horiekin eta azkenik, Zizurkil, Amasa-Villabona eta Adunako Udalek, eskakizun bateratua luzatu genion Foru Aldundiari. Araztegia estalia izan zedin eskatu genuen, batik bat. Horrez gain, sortutako gasen tratamendurako sistema ere eskatzen genuen, usain txarrik zabal ez zedin”, azaldu du Josu Amilibiak.

Eskualde gisa
Tolosaldea Garatzen erakundearengana ere jo zuten Udaleko kideek. Hala azaldu du Josu Amilibiak: “Araztegiak Tolosaldea eskualdeko herriei emango die zerbitzua, horregatik, egokia iruditu zitzaigun haiengara jotzea. Udalak eskatuta, neurketa olfatometrikoa egin zuen Bartzelonako enpresa batek. Azterketaren emaitzen arabera, Adunako erriberako etxeei, Lardi auzoko bizilagunei eta industriaguneko enpresei eragingo lioke usain txarrak. Andoaingo zenbait auzotan ere nabarituko lirateke usain horiek. Tolosaldea Garatzen erakundearen eskutik, eskualde osoaren izenean aurkeztu zen azterketa Foru Aldundian. Adunako Udalak egindako eskakizunak, hiru herrien artean egindakoak zein Tolosaldea Garatzenen bitartez egindakoak, ez dituzte inoiz kontuan hartu. Euren erantzuna beti berdina da: ez dela arazorik egongo eta sortuko balitz, irtenbidea emango zaiola”, azaldu du Josuk.

Lehen harria
2009ko martxoan jarri zuten lehen harria. Arantza Aburuzak eta Udaleko beste zenbait kidek agerraldia egin zuten ekitaldi hartan. “Artean, Udalean ez genuen oraindik araztegiaren inguruko proiekturik. Lehen harria jartzeko ekitaldian dokumentu bat banatu genuen bertaratu zirenen artean, prozesu osoaren inguruko desadostasuna agertu eta proiektuak Udalaren onespenik ez zuela islatzeko. Egun gutxira jaso genuen proiektua udaletxean. Informazio falta horrek gaur egun ere bere horretan dihardu”.  
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!