Martin Ugalde liburutegia, etorkizunerako egitasmo

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko eka. 18a, 10:45

Gaur egungo liburutegia txiki geratu dela eta, berria eraikitzeko egitasmoa darabilte eskuartean Andoaingo Udaleko kideek. Epe ertainean gauzatuko den liburutegiak, Martin Ugalderen izena izango du. Toñy Landa zinegotziak eman ditu egitasmoaren inguruko azalpenak.

Andoainen liburutegi berria egiteko proiektua mahai gainean duzue. Zein behar beteko lituzke liburutegi berri horrek?
Gaur egungo liburutegia txiki geratu zaigu. Hogei urte darama toki berean eta aspaldi honetan espazio falta handia nabaritu dugu. Eskaera handia duen zerbitzua da eta Udalarentzat, gainera, derrigorrezkoa da zerbitzu hori eskaintzea. Toki faltagatik, odea, ezin diogu jendearen eskaerari erantzun egokia eman.

Noizko aurreikusten da eraikin berria?
Bizi dugun krisi egoera dela eta, epe motzera ez da egiterik izango, denbora gehixeago eman beharko diogu egitasmoari. Argi dugu liburutegi berria behin betikoa izango dela, etorkizunean aldaketa eta moldaketa handiak eskatuko ez dituena.

Nolako liburutegia izango da?
Liburutegia baino gehiago, mediateka da jendeak eskatzen duena. Zerbitzu asko bateratuko ditu: liburutegia, fototeka, ikasteko gelak…, behar guztiei erantzuna ematen saiatuko gara. Oraindik proiektua garatzeko bidean dago eta ez dakigu zehazki nolako eraikina izango den. Kokalekua ere guztiz erabaki gabe dago oraindik. Herriaren erdigunean izatea nahi dugu eta zenbait aukera aurreikusi dugu, baina oraindik ez dago guztiz erabakita. Pixkanaka, ezaugarri guztiak zehazten joango gara etorkizunean.

Martin Ugalderen senitartekoek, idazle andoaindarraren agiri funtsa herriari uztea erabaki du…
Udalak beti mantendu du harremana Martin Ugalderen familiarekin bere izena daraman ipuin lehiaketaren bidez. 1997an Martin Ugalde herriko seme kuttun izendatu zenean, bere liburu eta agiriak andoaindarren esku jartzeko borondatea erakutsi zuen Martinek berak. Senitartekoek erabaki hori hartu dute orain. Liburutegi berriaren barnean, Martin Ugalderi eskainitako gune berezia sortuko dugu; bere bizitzan batu zituen hainbat liburu, argazki, agiri eta oroigarri bilduz. Horregatik, Martin Ugalde izena jarriko diogu liburutegi berriari.

Zer eragin izango du Martin Ugalderen artxiboa herrian izateak?
Izugarrizko garrantzia du. XX. mendeak kultur arloan eman duen pertsonaia garrantzitsuenetako batek bildutako materiala bere jaioterrian izatea ekarriko du. Oso material zabala da gainera. Sei mila liburu inguru daude, horietako laurdena Venezuelako literaturaren ingurukoa eta gainerakoa euskal literatura eta literatura unibertsaleko aleak. Bi kultura batu zituen Martin Ugaldek; kultura kriolloa eta euskal kultura. Venezuelan erbesteratuta egon zenean, literaturako lehen mailan ibili zen eta itzuleran, euskaraz idazteari berrekin zion. 1956ean idatzi zuen “Iltzaileak” ipuina, euskal literatura modernoaren lehen liburutzat hartu dena.
Liburuez gain, ehunka agiri, gutun, argazki, paper-sorta, biltzen ditu. Familiak izan du materiala katalogatzeko ardura, bai paperean, baita euskarri digitalean ere.

Nola kudeatuko da Martin Ugalderen dohaintza?
Udalarena izango da kudeaketa zuzena egitearen ardura. Liburutegiko gune bat oso-osorik eskainiko zaio, nahi duen orok kontsultak egiteko edo irakurtzeko aukera izan dezan. Erabaki garrantzitsuren bat hartu behar denean senitartekoekin hitz egingo dugu. Ekainaren 23an sinatuko dugu senitartekoekin dohaintzaren inguruko baldintzak biltzen dituen agiria. Martin zenaren hiru seme-alabak eta alarguna etorriko dira ekitaldira, San Juan bezperan eguerdiko 12:00etan.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!