Martin Ugalde, gertu-gertutik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko eka. 18a, 10:32

Martin Ugalderen nahiari jarraituz, bere bizitzan batutako liburutegia Andoaingo Udalari doan ematea erabaki dute bere oinordekoek. Anamari Martinez emaztea, Itxaso, Unai eta Ainara Ugalde seme-alabak, pozik daude hartutako erabakiarekin.

Zuen aitarengandik jaio zen bere liburutegia andoaindarren esku jartzea…
Ainara Ugalde:
Gure aita Andoaingo seme kuttun izendatu zutenean, garbi adierazi zuen bere bizitzan zehar batutako liburuak jendearen eskura jartzeko nahia. Asmo horretan, andoaindarrak zituen bereziki gogoan. Andoaingo Udaleko teknikariekin hitz egin, eta Udalari idatziz adierazi genion gure asmoaren berri. Andoainen liburutegi berria egiteko proiektuaren berri eman ziguten eta orduan jaio zen gure aitari eskainitako txoko bat sortzeko ideia.

Zer da Udalari doan eman diozuena?
Itxaso Ugalde:
Bere bizitzan zehar bildutako liburu guztiak dira. Sariak, oroigarriak, diplomak, argazkiak, Albizu margolariak bere gurasoei egindako erretratua…, Martin Ugalderen irudia osatzen duten gauzak dira guztiak ere, bere izaerari eta bere herriari lotutakoak.
Unai Ugalde: Bere lanerako tokian, bulegoan zituen gauzak dira. Bere egunerokotasunean gauza horiez inguratuta bizi zen.
A. U.: Guztira 6500 ale dira doan emango direnak, bere liburutegi osoa. Momentuz emango ez dugun bakarra artean argitaratu gabe dauden bi lan dira. Material horrekin zer egin erabaki behar dugu. Gainerakoa, Andoainen esku egongo da. Bere artxibategi osoa, gutunak, artikulu guztien orijinalak, biltzen joan zen artikuluak…, Jose Antonio Agirrerekin trukatutako gutunak, Santi Brouardekin izandako gutun bidezko elkarrizketak…, horiek guztiak ere oraingoz gure esku geratuko dira, katalogazio sakona egin behar dugulako.

Zuena izan da material guztia katalogatzeko ardura, nolakoa izan da lan hori?
A. U.:
Lan handia eskatu badu ere, nahikoa erraza eta oso interesgarria izan da. Amari behin baino gehiagotan esan diot badirudiela aitak bazekiela norbaitek noizbait azterketa hori egingo zuela. Guztia oso ondo sailkatuta, zenbakituta eta ordenatuta zuen.
U.U.: Bere lan sistema zen hori. Telebistarako elkarrizketaren bat egiteko deitzen ziotenean, bere artxibategira joan, beharrezko dokumentuak atera, laburtu eta fitxak osatzen zituen esango zuenarekin. Bere arma sekretua zela esaten zuen beti. Gauzak oso ondo prestatzen zituen, ez zitzaion gustatzen inprobisazioan aritzea.
A.U.: Amak ere antolaketa lan handia egin du. Beharrezko gauzak erosi, konpondu, garbitu…
Anamari Martinez: Ni nintzen Martinen sekretaria.
A.U.: Katalogazioa egiteko garaian gure aitaren lanerako modua errepikatu nahi izan dugu. Koadernaketa lanak egitera ere, Karmelitar oinutsien kongregaziora eraman dugu, hark egiten zuen moduan. Patricia eta Mariluzek oso ondo zaindu dute gure liburua. Larruzko mosaiko ederra osatu diote azalean eta oso ondo islatu dute aitaren izaera. Ez nituzke aipatu gabe utzi nahi maketazio lanak egin dituen Maite Biurrarena eta Ondarribia inprenta ere.

Katalogazio lan horretan, espero ez zenuten zerbait aurkitu al duzue?
I.U.:
Gauza harrigarriak aurkitu ditugu. Gutunen artean, esaterako, 36ko gerran fusilatuak izatear zeudenek euren familiei idatzitakoak daude.
A.U.: Momentu gogorra izan zen hori. Txoko batean gordeta aurkitu nituen hiruhogei gutun. Iruñean eta Burgosen preso zeuden pertsonen gutunak dira, euren familiei azken agurra egiteko idatzitakoak. Azterketa sakonagoa egitea merezi du material horrek guztiak.
Horrez gain, berak asko landu ez bazuen ere, hain ezaguna ez den beste dohain bat ere bazuen aitak; pintura. Margolan sinpleak egiten zituen, baina oso agerian uzten dute bere sentsibilitatea. Gehienbat, gaztetan egindakoak dira; gure amarekin Suitzan egon zen garaikoak. Venezuelan ezagutu zuten elkar, baina ama gaixotu egin zen eta Suitzan igaro zuen denboraldi bat. Bertan ezkondu ziren.

Balio pertsonal handia izango du materialak zuentzat. Ez al dizue pena punttu bat ematen Udalaren esku uzteak?
A.A.:
Pena handiagoa emango liguke etxeko ganbaran egoteak. Andoain oso gertu dago eta edozein momentutan izango dugu hara joan eta ikusteko aukera. Emaitzaren baldintzen artean jarri dugu materiala aztertzeko, ikusteko, dastatzeko aukera izatea.
I.U.: Gure etxeetan ez dugu materiala modu egokian gordetzeko nahikoa tokirik. Andoaingo herriari emanda, jende gehiagoren eskuetara iritsiko da eta askok eskertu egingo du aukera hori izatea.
U.U.: Gure aitaren nahia zen eta horrek bete egiten gaitu.

Zer suposatzen du zuentzat Martin Ugalderen liburutegia Andoainen, bere jaioterrian, izateak?
I.U.:
Andoaini bihotzez eskertu behar diogu gure aitari eskainitako toki bat sortzea. Bizitza osoko lana da emango duguna eta modu duinean tratatzea nahi dugu. Badakigu Andoainen hala egingo dutela. Beti zaindu izan dute gure aita. Ipuin lehiaketak bere izena darama, Seme kuttun izendatu zuten…
A.U.: Noizbait pentsatu izan dugu materialari irteera ofizialagoa ematea, Euskal Herriko liburutegira, esaterako. Baina gure aita oso sentikorra zen eta izaera horrekin hobeto dator materiala bere jaioterrian izatea. Ez zuen sekula dizdira eta ospearen beharrik izan eta horrekin koherente izan nahi dugunez, Andoainen uztea da egokiena.

Nola bizitu zuen Martin Ugaldek bere andoaindartasuna?
I.U.:
Oso barnetik bizitu zuen beti bere jaioterria. Hiru seme-alabok Venezuelan jaio baginen ere, txiki-txikitatik entzun izan ditugu Andoaingo istorioak. Gure aitona korrilakaria zela, aitaren ume garaitan dantza nola egiten zuten, trenez ibiltzen zirela…,
A.U.: Horrez gain, Venezuelan zen garaian ere, bere senitartekoekin harremana mantendu zuen gutun bidez.

Nolako harremana duzue zuek Andoain herriarekin?
A.U.:
Duela gutxi arte, ez dugu harreman handiegirik izan. 2002an, aitak eskatuta hasi nintzen Martin Ugalde Ipuin lehiaketako sari banaketa ekitaldira joaten. Geroz eta hurbilago sentitzen joan naiz. Orain, aitaren materiala biltzen eta katalogoa osatzen aritu naizenean, hobeto ulertu dut aitak nola bizitu zuen Andoain.
I.U.: Guretzat garrantzia berezia izan du Jon Unanuek. Laguntza handia eskaini digu. Aitak asko maite zuen eta amak ere beti du gogoan. Andoainekiko zubi lana egin digu eta asko zaindu gaitu.

Nolakoa zen Martin Ugalde etxean?
Anamari Martinez:
Despistatu handia zen. Horrez gain, oso gizon lasaia zen eta gutxitan haserretzen zen. Hori bai, haserretu behar zuenean, bazekien nola haserretu.
A.U.: Oso langilea zen eta oso disziplinatua. Ordutegi finkoa mantentzen zuen beti, jaikitzeko, otorduetarako, lanerako zein pasiora joateko. Arratsaldero joaten zen puntaleraino oinez, bertako arrantzaleekin hitz eginez.

Nola bizitu zenuten etxekook Martin Ugalderen euskalzaletasuna?
I.U.:
Venezuelan jaio ginen hiruok eta guk ere, aitak bezelaxe, garai gogorrak pasatu genituen. Haurtzaroa eta nerabezaroa, erbestean pasa genuen eta hori ez zen erraza izan. Ezin genuen gure burua inon kokatu, sustraiak bota ezinik ibili ginen.

Ekainaren 23an sinatuko duzue emaitzaren agiria…
I.U.:
Laurok joango gara ekitaldira. Oso pozik gaude. Erraza izan zen emaitzaren baldintzak lotzea eta alde horretatik, lasai gaude. Materialaren zaintza eta eskuragarritasuna bermatzea zen gure helbururik nagusiena eta hori bermatuta, aurrera egin dugu.

MARTIN UGALDEREN LIBURUEN NONDIK NORAKOAK
Anamari oroitzen da...

Martin ezagutu zuenean Caracaseko Euskal Etxean, Martinek liburu batzuk zituen jadanik, baina ez daki Euskal Herrian  ala Caracasen  erosiak ziren. Beraien arteko harremana aurrera zihoan neurrian, Anamari azkar konturatu zen  Martinentzat zer  punturaino  maitatuak eta garrantzitsuak  izango ziren liburuak.
Hasieran,  Martinek, Los Chorroseko Ugaldetar etxe familiarrean antolatu zituen liburuak. Gero, La Trinidad auzoan Anamarirekin bizitzera joan zen eta hango  etxe berria bihurtu  zen liburutegi gaztearen bigarren kokapena.
Momentu hartan, liburu gehienak Barcelonako editorialeen ordezkariek eskaeinitakoak ziren, eta beste zenbait, zuzenean etxera zetozen saltzaileei erosita. Liburuak bilduma baten parte ziren, piskanaka eta epeka erosiak.
Estatu Batuetara joan zirenean, Martinek North Westerngo Fakultatera kazetaritza ikasketak osatzera, liburutegia La Trinidadeko etxean geratu zen. Garai hortakoak dira  gaur egun liburutegia osatzen duten ingelesez idatzitako liburu eta aldizkariak.
Liburutegiaren abiapuntua Caracas izan zen., baina Hondarribia, Bidasoa ertzean Anamarik erosi zuen etxea, bihurtuko  zen  1970. urtetik  2006. urte arte, liburutegiaren egoitza iraunkorra, eta bere baitan, Martinek lan egiteko izan zuen erdigune preziatuena.
Liburuak Venezuelako La Guaira kaiatik abiatu ziren zuzenean Bilboko kaiara. Euskal Herrira itxasontziz iritsi zirenerako, Anamarik Emilio Sagarzazu arotz hondarrabitarrari enkargatutako egurrezko egitura prest zuen liburuak bertan kokatzeko.
Liburutegiak  bere ibilbidea Andoainen  burutuko du:  Martinek beti maite izan duen Herrian. Andoaingo Udalaren konpromisua, hau da , liburutegia edonoren   eskura   jartzen duen Proiektu baten barne  kokatzeak,   Martinen nahia beteko du.
 
Martinek bere liburutegia hiru esparruetan antolatu zuen: bulegoan, egongelan eta ganbaran.
Bulegoko liburuen kokapena zehatza zen: bi pareta zituen osorik liburuz estaliak, hirugarrena bere aitaren oleo handi batez dekoraturik eta laugarrenak, itxasora begira irekitzen zen leiho zabala zuen eta ondoan, beste liburu zutabe bat.  Apalak zenbatzeko erak gelari dimensio konzentriko bat ematen zion. Alegia, lehenengo apalatik bigarrenera joateko Martinek hurrengo hormara salto egin behar zuen, eta honela, oroimena gordetzen zuen hirugarren horma eta itxasora begira zegoen ikuspegia zeharkatuz, liburutegiaren habiapuntua topatzen zuen berriro; marrazkilo baten modura. Bulegoan antolatutako materialak bere lan tresna garrantzitsuenak biltzen zituen (hiztegiak, fitxak, dokumentu historikoak...) eta baita ere intimoenak (Bibliak, eskutitzak, argazkiak ...)
Egongelan bere ibilbidean zehar erosi zituen bildumak, Venezuelarekin harremanetan zeuden zenbait aldizkari eta baita ere Jaizubiako Kalmerdar Oinhutsak Kongregazioak larru gorriz eta orlegiz enkuadernatutako bere liburu eta lan originalak antolatu zituen.
Ganbaran gordetzen zuen Venezuelako mundua: apunte, artikulu, egunkari, aldizkari, liburu eta  argazkien bidez. Dena  zehazki antolaturik,  bere erreferentziarekin (data, lekua, kontestua), ezerk denboraren eraginez balorea galdu ez zezan eta edozer momentuan pieza bakoitza historian zehar kokatu ahal izan dadin.  
Dokumentu honek azaltzen ditu Martinen liburutegiak osatzen duen materiala, orden alfabetikoaren araberan, bulegoa, egongela eta ganbara bereiztuz.
Bukaeran, CD batek biltzen du  Martinek apalez apal bere liburutegia antolatuta  zuen modua.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!