Ehunmilak bidean, indarra buruan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko eka. 18a, 10:28

Aitor Agirre ‘Pertzillas’ amasarra eta Josetxo Azpeitia villabonatarra, Ehunmilak mendi lasterketa prestatzen ari dira, ilusioz eta errespetuz.

Uztailaren 16tik 18ra, Euskal Herrian sekula egin den mendi lasterketarik luze eta gogorrena izango da: Ehunmilak froga, hain zuzen ere. Gipuzkoako mendi ezagun gehienak igaroz, 168 kilometro egingo dituzte parte hartzaileek 48 orduko epean. 11000 metroko desnibelean gora eta behera ibiliko dira egunez bezala gauez. Eskualde mailan, Andoain, Asteasu, Zizurkil eta Amasa-Villabonako bederatzi lagunek gutxienez eman dute izena. Horietako bi dira Aitor eta Josetxo.

Nolatan animatu zarete horrelako apustu handian sartzera?
Josetxo:
Ni, egia esan, Aitorrek animatu ninduen. Neurez, ez neukan parte hartzeko asmorik.
Aitor: Ibilaldi neurtuetan asko ibiltzen gara eta iaz Ehunmilak antolatzeko asmoa nola zeukaten hotsa atera zen. Asko pentsatu eta gero, aurrera egiteko moduan ikusi nintzen eta Josetxoren baiezkoa jasotakoan, aurrera egitea erabaki genuen. Nahikoa zalantza izan dugu, baina esperientzia probatzera ausartu gara. Gerorako uzteak ez du balio.
J.: Hiru Handiak froga gogorra bada, beste hau oraindik eta serioagoa da. Aparteko zerbait. Buruarekin asko jokatu behar da. Fisikoki ondo egotea garrantzitsua da, noski, baina buruz indartsu egotea ezinbestekoa da.
A.: Hiru Handietatik Ehunmiletara badago muga eta hori oso nabarmena da parte hartze kopuruari soilik begiratuta. Hiru Handiak frogan 1000 lagun baino gehiagok eman dugu izena, Ehunmilatan 340k.

Nola ari zarete froga prestatzen?
J.:
Joan zen urtarrilean hasita, ia astebururo joan gara mendira. Gure martxan ari gara entrenamenduak egiten. Maiz, goizeko bostak alderako abiatzen gara.
A.: Batez ere Euskal Zirkuituko ibilaldi luzeak eginez ari gara entrenatzen. Asteburu batzuetan larunbatez nahiz igandez entrenatu dugu, hankak indartzeko. Hiru Handiak behin baino gehiagotan egin dugunez, 24 orduko esperientzia horretatik abiatuta, ‘ondo’ agoantatuko dugula uste dugu. Asteburuetan asko ibili eta gero, astean zehar ondo jan eta deskantsatzea da gure taktika. Horri eutsita, orain arte emaitza onak lortu ditugu. Ea oraingoan!
J.: Gure martxari eustea da garrantzitsuena, orduko lau kilometroko neurria mantentzea lortzen badugu, primeran ibiliko gara; bukaerarako indar pixka bat gordez. Momentu txarrak denok izango ditugu, baina horiek gainditzean dago gakoa. Jende askok korrika egingo du froga, gu oinez ibiliko gara. Gure helburua froga amaitzea da.
A.: Froga bukatu eta bere sufrimenduan, disfrutatzea da gure helburua. Bestela ez dauka zentzurik halako ahalegina egiteak.

Mendiko lasterketek hainbesteko sona hartu duten garaian, erronka gero eta handiagoak behar?
J.:
Nik behintzat honekin bukatuko ditut erronka handiak eta txikiak. Halako froga prestatzeak denbora asko eskatzen du eta astean zehar ez daukagu horretarako denborarik. Froga hain gertu, etxean izateak erakarri gaitu. Nik behintzat, froga hau egitera Alpeetara edo Pirinioetara joan beharko banu, ez nuke parte hartuko.

Zer hartu behar da kontuan Ehunmilak egiteko?
A.:
Frogara txispa pixka batekin iristea garrantzitsua da, gosearekin. Gauez izugarrizko arretarekin ibili behar da bidetik ez galtzeko. Gainerakoan, ea ez den eguraldi beroegirik ateratzen. Nik nahiago xirimiri pixka batekin ibili, eguzki berotan baino. Hala ere, buruak agintzen du, bestela akabo.
J.: Nik ere nahiago dut eguraldi hotza. Baina guztiaren gainetik indar mentala da garrantzitsuena. Froga arratsaldeko 18:00etan hasi eta gau guztia igaroko dugu oinez, sekulako lasaitasuna ematen dit horrek: egunez beroa badator ere, bide asko eginda izango baitugu dagoeneko. Interesgarria iruditzen zait hasiera hori.
A.: Oso garrantzitsua da zurekin joango dena ondo ezagutzea. Gu urte askoan gabiltza elkarrekin mendian eta ederki moldatzen gara. Lasaitasun handia ematen du horrek.
J.: Baikorra izatea ere oso lagungarria da eta nire laguna, ezin hobea da horretan. Harrigarria.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!