Atez ateko hondakin bilketaren alde

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko eka. 18a, 10:25

Villabonako Udala, Aduna, Anoeta, Alegia eta Ikaztegietakoarekin batera, atez ateko hondakin bilketaren alde azaldu zen ekainaren 9an eginiko prentsaurrekoan.

Datorren udazkenari begira, Tolosako mankomunitateak Tolosa, Villabona eta Andoainen bosgarren edukiontzia jartzeko asmoaren aurrean, atez ateko hondakin bilketa defendatuko duela jakinarazi zuen Maixabel Arrieta alkateak, aipatu beste lau herrietako alkate eta zinegotziarekin batera. Lehenik eta behin, zaborraren gaia arazo bihurtzen ari dela azaldu zuen, “geroz eta hiri hondakin gehiago sortzen da eta orain arteko zabortegien kudeaketak eraso zuzena egin du ingurumenean eta osasunean”. Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioak, Foru Aldundiaren gidaritzapean, hondakinak erraustea nahi duela eta modu horretan, Zubietako lurretan Gipuzkoa osorako erraustegia eraiki, “makro zabortegi zikinak edota errauste planta toxikoak. Biak ala biak osasuna arriskuan jartzen dute eta ingurumena kaltetu”.

Atez atekoaren alde, zergatik?
Alkatearen esanetan, azken urteotan asko aurreratu da hiri hondakinak gutxitu, berrerabili eta birziklapenaren kontzientziazioan. “Munduan zehar zero zabor programak ezartzen ari dira eta arazo honi irtenbidea ematea posible dela erakusten ari dira. Gipuzkoan ere urrats sendoak ematen ari direla ikusi dugu. Ez gara zerotik abiatzen. Usurbilen, Hernanin eta Oiartzunen lortzen ari diren emaitzak zoriontzekoak dira. Usurbilen, epe motzean %80tik gorako birziklapen tasak lortu dituzte. Tolosaldean %30ean gabiltza. Bada alde ederra”. Emaitza horien oinarrian aurkitzen den sistema zehatza, atez ateko bilketa sistema dela jakinarazi zuen, baina azken bi urteotan beste esperientzia bat ere jarri dela martxan hainbat herritan; materia organikoa biltzeko bosgarren edukiontzia, hain zuzen. Datuak esku artean, esaterako, Hernanin egun batean atez atekoarekin Zarautzen hilabetean bosgarren edukiontziarekin adina biltzen dela ohartarazi zuen, biztanle dezente gutxiago izan arren. “Bosgarren edukiontziarekin herritarren %15ak bakarrik hartzen du parte eta atez atekoarekin herritar guztiek. Hor dago aldea”.

Arduraz jokatu
Gipuzkoan bi urte hauetan bizitako esperientziaren ondoren, prentsaurrekoa eskaini zuten kideek oso garbi dute zein sistema bilketa nahi duten euren herrietarako eta Tolosako mankomunitatetik bosgarren edukiontzia jartzeko egin duten proposamena ulertzen ez dutela adierazi zuen Maixabelek, “mankomunitatean gure erantzuna argia izan da: ‘Utz itzazue bide antzuak, zezena adarretatik eusteko garaia da’. Gu ere horretan konprometitzeko prest gaude eta horregatik gure udalerrietan atez ateko sistema jarri nahi dugula esan diegu”. Orain mankomunitateko lehendakariaren erantzunaren zain daude, baina erantzuna dena delakoa izanda ere, bost herrietako alkateek garbi daukate hartutako bideak ez duela atzera bueltarik. Mankomunitatetik ezezkoa erantzungo baliete ere, Udalen bitartez atez ateko sistema jartzeko pausoak emango dituzte. “Arduraz jokatzea dagokigu. Osasuna eta ingurumena zaindu behar ditugu eta horregatik ematen dugu urrats hau. Badakigu Gipuzkoan zehar urrats gehiago ematen jarraituko dutela, Gipuzkoan zero zabor programa  ezartzea gero eta posibleago dela. Horregatik guk ere Gipuzkoako Foru Aldundiari erraustegiaren proiektuari sei urteko moratoria eskaera luzatzen diogu”. Ekainaren 20an Donostian burutuko den manifestazioan parte hartzeko deia eginez amaitu zuten agerraldia. 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!