Eliteko esku pilotariak epaitzen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko eka. 18a, 10:23

Luis de Migel pilota epailea izan da bost urtez. Pilotari afizionatu zein profesionalen makina bat partida epaitu du denbora horretan Zizurkilen bizi den andoaindarrak.

Epaile izan aurretik, pilotalekuak erruz zapaldutakoa zara…
Palan jokatutakoa naiz ni. Andoaingo Arrate pilotalekua ireki zutenean, 17 bat urterekin Goñi eta biok elkarrekin hasi ginen jo eta su. Txapelketa ugari jokatutakoa naiz, paletarekin lehenbizi, eta pala motza eta luzearekin gerora. Luis Iturzaeta eta biok bi txandatan geratu ginen Gipuzkoako txapeldun Villabonako Beharzanarekin, 1990ean eta 1995ean. Orduko oso oroitzapenak onak ditut, palaren munduan bizi zen giro jatorragatik batik bat. Egun utzita daukat pala, nahiz eta tarteka lagunekin jokatzen dudan izerdi puska bat ateratzeko asmoz.     

Zergatik epaile?
Aginagako lagun batek animatu ninduen, epaileen premia larria zegoela esanda. Bokazioa ez dakit behar den, baina nire kasuan pilotarako arra hortxe barneratua izan dut beti, eta epailetza pilota munduari lotuta jarraitzeko modua izan zitekeela ikusi nuen.
 
Zein ezaugarri behar da epaile izateko?
Ikusmena, entzumena…, erne egoten jakin behar da, noski; jokaldiak arretaz eta ondo kokatuta jarraitu behar dira. Atzeko publikoari edo artekariei, berriz, ez zaie jaramonik egin behar.
Beste kontua da pilotariekin eduki beharreko tratua. Oso garrantzitsua da pilotarien psikologia ezagutzea eta horiekin gizalegezko harremana edukitzea. Pilotariak tentsiopean ari dira jokoan, eta beroaldiak izaten dituzte zenbaitetan. Arauak ezin dira zorrotz-zorrotz ezarri beti, diplomazia ere behar izaten da pilotariarekin. Zeregin horretan, aurretik pilotari izan den epaile batek eskarmentu handiagoa eduki dezakeela iruditzen zait.

Zergatik utzi duzu aurten?
Gustura jarraituko nukeen, baina arrazoi bat baino gehiagok eraman ninduten erabakia hartzera.
Partida gehiegi ziren epaitzeko eta 20 epaile eskas Gipuzkoako kolegioan; gainera, horietatik bost bakarrik ginen partida profesionalak epaitzeko. Eromena zen hura: gaur gauean Getariara, larunbatean Donostiara, igandean Eibarrera… Azkenean pilotalekuetatik noiz aterako desiatzen egoten nintzen, familiaz edo aisialdiaz gozatu ahal izateko.
Bestalde, jokoan jartzen den diruak presio izugarria eragiten du. Ez da batere normala afizionatu soil batek jokoan izugarri daukaten profesionalen partidak epaitzea, eta gainera, bitartean, atzean dozena bat artekari zalapartaka eta milaka euro nola jokatzen ari diren ikustea. Azkenean, diruaren epaile sentitzen zara pilotarena baino gehiago.
Hirugarren arrazoia, epaileen lehendakari berriarekin zenbait kontutan ados ez jartzea izan zen.

Nor eta zer epaitu dituzu urte horietan?
Pilota modalitate guztiak, hala nola zesta punta, pala, erremontea, eskua… Bestalde, eskuzko profesionalen hiru txapelketa nagusiak (eskuz eskukoa, bikanakakoa eta lau terdikoa) ere epaitzea egokitu zitzaidan.  

Pilotarien beroaldiak eta epaileen diplomazia aipatu dituzu lehen…
Pertsona sanoak dira pilotari gehienak. Irujorekin gertatu izan zait behin kantxatik irten eta ezkutatu egin zela. Ni haren atzetik abiatu, inon bilatzen ez, eta azkenean, hor non zegoen kalean madarikazioka. Berarekin onez onean hitz egin, eta kantxara itzularazi nuen lasaituxeago. Gogor jarri eta arauak zorrotz betetzen hasita, gauzak okertu besterik ez lirateke egingo orduan.
Dena esatera, badira keinu eta begiratuekin jendea epailearen kontra jartzea lortzen dutenak; Titin da artista horretan.  

Irainak ere jasoko ditu bada, tarteka, pilota epaileak…
Bai, baina agoantatu besterik ez dago halakoetan. Orain hiru urte, adibidez, Usurbilgo epaile batek heriotza mehatxuak jaso zituen Aimar Olaizola eta Patxi Ruizen arteko partida bat epaitu ostean. Oso gaizki, depresioak jota egon zen bolada batean.  

Nola ikusten duzu pilota mundua oro har?
Harremanak hozten eta profesionalizatzen ari dira, eskuaren munduan batez ere. Bestelako giro sanoagoa bizi zen nire jokalari garaitan palan; gogoratzen naiz partida bukatuta aurkariekin afaltzera joaten ginela. Telebistak eskuari erreparatzen dio gainerako modalitateak baztertuz, eta haurrek telebistako pilotari idoloak imitatu nahi izaten dituzte. Zenbait gurasoren jokaera ere ez da eredugarriena izaten.

Pilota mundura lotuta segitzeko prest?
Ez dakit, baina gogoz hasiko nintzateke erakusle gisa gaztetxo talderen batean.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!