Goseak hil zituen, enarak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko eka. 18a, 10:20

Apirila inguruan gerturatzen dira gurera enarak, habiak egitera. Aurten ere halaxe egin zuten baina maiatza hasieran, txori horietako asko hilik agertu zen. Gosea izan zen erruduna.

Eguraldi txarrak eragin zuen enaren arteko gosetea. Zizurkilgo Nekola baserriko Jexux Agirrezabalak urtero ikusten ditu enaren habiak bere etxean: “Aurten ere apirila bukaeran etorri ziren, urtero bezala. Etxeko ukuiluan bi edo hiru habi egiten dituzte eta aurten ere halaxe egin zuten. Maiatzean ordea, ez zen txorien arrastorik. Nik neronek ez dut hildako txoririk topatu baina inguruko baserrietan asko bildu omen dituzte”.
Enaren heriotzaren arrazoiaz galdetuta, argi erantzun du Jexuxek: “Goseak hil ditu. Eguraldi ona denean, xomorroak ibiltzen dira airean eta haiek jaten dituzte enarek. Maiatzeko lehen hamabostaldian, ordea, oso eguraldi hotza eta txarra egin zuen eta xomorroak lurrean geratu ziren, hegan egin gabe. Zer janik gabe, txoririk ahulenak hil egin ziren eta gainerakoek habiak utzi egin zituzten. Kume asko eta asko hilko zen, zalantzarik gabe. Apirileko eguraldi onak engainatu egin zituen enarak eta habiak egiten hasi ziren, maiatzean zer etorriko zen jakin gabe”.
Jexux Agirrezabalak harrituta bizitu zuen enaren heriotza: “Nire bizitza guztian ez dut horrelakorik ezagutu. Maiatzean eguraldi goxoa izaten dugu normalean eta aurtengo bezain eguraldi txarra izatea ez da batere ohikoa. Oso instinto ona izaten dute enarek, baina aurtengoa ez zuten espero, inondik inora”.

Txori mesedegarria
Baserri inguruetan mesede handia egiten dute enarek, Jexuxen esanetan: “Xomorro asko jaten dute, garbitasun ederra egiten dute etxe inguruan. Inori ez diot sekula entzun enaren kontrako hitzik esaten. Beste txori mota batzuk kalte egin dezaketen bezala, hauek oso mesedegarriak dira. Gure etxean, ukuiluan egiten dituzte habiak. Kanpora erraz irteteko modua izango duten tokiak bilatzen dituzte beti, oztoporik gabeak. Toki egokia aurkitzen dutenean, urtero-urtero itzultzen dira leku berberera. Gure etxean behin gertatu zitzaigun, autoa uzteko tokiaren gain-gainean egin zutela habia. Zirinez betetzen zidaten kotxea, baina pena ematen zidan habia botatzeak eta sare bat jarri nion azpialdetik. Berehala utzi zuten habi hura, ez zaielako batere gustatzen oztoporen bat tartean edukitzea”.

Txitaldi berria
Goseteak eragindako momentu gogorrak pasata, dagoeneko itzuli dira enarak euren habietara: “Eguraldi ona hasi zenean itzuli ziren berriro ere. Dagoeneko txitoak jaiota daudela entzun diot inguruko baserritar bati baino gehiagori. Gure etxean enarak eta azpitxoriak izaten dira. Bi txori horiek familia berekoak dira eta modu beretsuan jokatzen dute; gorputzez ere oso antzekoak dira. Udazkena iritsi bitarte, hemen inguruan izango ditugu enarak eta azpitxoriak”.
Eguraldi txarrak ez die txori guztiei berdin eragiten. “Enarek oso gaizki pasa dute baina, zozoak, esaterako, ez dira berehalakoan hiltzen. Pareta-txoriek ere erraz bilatzen dute irtenbideren bat. Gure etxean, oilategian barrena ibiltzen dira pareta-txoriak oiloen janetik elikatzen. Lotsagabe hutsak dira horiek, edozein tokitan bizimodua aterako luketenak”, azaldu du Jexuxek.

Aranzadiren azterketa
Aranzadi zientzia elkarteko kideek Zizurkil eta Andoaingo zenbait tokitan bildu zituzten hildako enarak, beharrezko azterketa guztiak egiteko. Zizurkilgo Nekola baserrian bi enara bildu zituzten maiatzaren 13an eta Zaldu-goiena baserrian, beste hiru. Andoainen berriz, beste lau hilotz bildu zituzten Oria ibaiaren eskubialdean. Beharreko azterketa guztiak egin ondoren, gaixotasunak baztertu eta txoriak gosez hil zirela baieztatu zuen Marta Barral albaitariak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!