Gestio plana, abian
Abian da gestio plana, eta teknikariak jakinarazi duenez, badu nahikoa presa, dokumentuak urte amaiera baino lehen egon behar baitu idatzita, “hainbat espezie eta habitat babesteko ekintzak zerrendatzen ditu dokumentu horrek. Lehenik eta behin, Eusko Jaurlaritzak babestu beharreko eremuaren inguruko diagnosia egiten du eremu horren egoera azalduz. Diagnosi horretan, gune horren indarguneak eta ahulguneak aztertzen dira, espezie eta habitat horien egoera hobetzeko hartu beharreko neurriak”. Gestio plana Eusko Jaurlaritzako teknikariek idazten badute ere, proiektuaren jarraipena Foru Aldundiko kideek egiten dute hein handi batean. Dokumentua bideratzeko, berriz, aipatu parte hartze prozesua joan zen martxoan hasi zen Asteasun eskaini zen formazio hitzaldiarekin. “Bertan gestio plana aurkeztu eta interesa zuten herritarrei parte hartze tailerrera etortzeko gonbitea egin zitzaien”.
Batetik basozain, abeltzain eta nekazariei egin zitzaien deialdia eta bestetik, mendizale, ehiztari eta aisiarekin lotura dutenei. Joan zen maiatzaren amaieran eginiko bi bileratan, sail horiek Alkizan bildu ziren, talde bakoitzarentzat aurrez prestatu eta banatutako txostenaren gainean proposamenak egiteko. Bilera bakoitzean ateratako ideiak bildu eta Eusko Jaurlaritzara bidali dituzte orain, kontuan har ditzaten.
Basozain, abeltzain eta nekazariak
Maiatzaren 25ean Alkizan basozain, abeltzain eta nekazarien artean eginiko bileran hainbat ondorio atera zen. Horien artean:
- Gestio planeko ekintza guztiak aurrera eramateko, jarraipen organo bat eratzea eta organo horretan administrazioek parte hartzea. Ondorioz, udaletxeak, nekazari elkarteak eta baso elkartea organo horretan egotea eskatu zen.
- Ernio-Gazume eremuko lur gehienak jabetza pribatukoak direnez, lur horietan ekintzaren bat garatu behar bada, berrereitea esaterako, ekintza horiek bideratzeko gutxienez diru-laguntzak jasotzearen alde agertu ziren bilerara gerturatutakoak.
- Ernio-Gazumeko hainbat pagaditan, ikatza egiteko pago adarrak mozten ziren garai batean. Kakalardo espezieak babesteko, berriz ere lan horiek egiteko ohitura berreskuratzea garrantzitsutzat jotzen da eta lur-jabeak ekintza horren alde azaldu baziren ere, lan horren ordaina eskatu zuten.
- Jarraipen organoa osatzekotan, hainbat ekintza gauzatzeko aurrekontua izatea eta esku lana beharrezkoa bazen, lan hori bertako herritarrei ematea lehenetsi zen parte hartzaileen artean.
Mendizale, ehiztari eta espeleologoak
Maiatzaren 27an, Ernio-Gazumeren aisiarekin lotutako mendizale, ehiztari nahiz espeleologoek hartu zuten hitza Alkizan egin zen bigarren tailerrean. Han ere ondorio mordoa atera zen, besteak beste:
- Espeleologia taldeko kideak bertan zirenez, dezente hitz egin zen inguruko kobazuloen inguruan. Taldekideak ekimenean parte hartzeko prest agertu ziren, baina haiek aurrez prestatutako planak ez ahazteko eskatu zioten jarraipena egingo duenari. Esaterako, sagu-zaharrak babestu nahian, alarma sistema bat landu nahi da espeleologia taldekoekin batera. Espeleologia taldekoek aurrez ere sagu-zaharren gaia asko aztertu dutenez, egindako lana kontuan hartzeko eskatu zuten.
- Hainbat kobazuloren sarrerak garbitzea lehenetsi zen, kobazulo berriren bat gehituz.
- Sai arrea eta sai zuria ugaltzen den inguruari begira iradokizun asko sortu zen. Oro har, sai arre gehiegi dagoela ondorioztatu zen eta, lehenik eta behin, benetako populazioa zenbatekoa izan beharko lukeen aztertzea eskatu zen; horren araberako neurriak har zitezen.
- Parke eolikoaren balizko egitasmoa ere mahai gainean jarri zen. Nekazari, abeltzain, basozain, mendizale eta ehiztariei debekuak jarri behar bazaizkie, parke eoliko baten helburuak antzeko egitasmo baten helburuekin inondik inora bat ez datozela adierazi eta parke eolikoa eraikitzea guztiz debekatuta egotea proposatu zuten.
- Sagain mendi elkartea eta Mendi Federazioa ere bertan zirenez, mendi ibilaldien inguruan antzinako galtzadak eta bideak berreskuratu eta ondare natural moduan katalogatzea proposatu zuten. Baita mendi ibilbide homologatuak erabilera publikoko bide kontsideratzea ere.
Ingurumen teknikaria, informazioa ahalik eta gehien zabaltzen ahalegindu da bere lan eremuan kokatzen diren Asteasu eta Alkiza herrietan.
Egitasmo potoloan buru-belarri murgilduta zabiltzate, beraz…
Ematen zaion garrantziaren arabera, gai interesgarria da. Izan ere, orain artean Gestio plana osatzeko urratsak eman dira, baina jarraipena egiteaz gain, martxan jarri behar da. Batetik, oso garrantzitsua da Interes Bereziko Gune horiek hartzen dituen herrietan sentsibilizazio kanpainak egitea. Aspaldiko urteetan ingurua LIC moduan izendatuta egonagatik, jende askok ez daki gaiaren berri. Bestalde, Gestio planak ez du ezer arautu edo debekatzen eta ekintza asko proposatzen bada ere, ez da argi geratzen nork egin behar dituen, zein laguntza ekonomikorekin edota zenbat denboran zehar.
Formazio tailerren ondoren, zein izango da hurrengo pausoa?
Uda ondorenean alegazio prozesua zabalduko da. Alegazio horiek jaso ondoren dokumentu definitiboa idatzi beharko litzateke onartu diren proposamen guztiak tartean sartuta. Abendurako txostenak bukatuta egon behar du Bruselara bidali eta han onar dezaten.
Prozesu parte hartzailearekin gustura?
Ez da prozesu parte hartzailerik onena izan. Korrika eta presaka bideratu da egitasmoa eta horrek bere eraginak ditu. Aspaldian sortu zen ekimena nahiko baztertuta eduki dute orain artean eta urtebeteko epean hasi eta bukatu nahi da duela hamar urte ekin behar zitzaion gaiarekin. Alde horretatik, Udalen izenean gure ezadostasuna azaldu dugu, baina argi utzi nahiko nuke Udalak ez duela beste urrats batzuk emateko aukerarik izan.