Lorpen handia Urnieta Kirol Elkarteko kadete mailako pilotariena, estrainekoz Euskal Herriko trinketeko finala jokatzeko sailkatu baitira.
Ander Oiarbide, Sergio Odriozola, Julen Loitegi, Unai Garin eta Aritz Lizaso dira Urnieta Kirol Elkarteko kadete mailako taldekideak. Partida gehienak Loitegik, Garinek eta Lizasok jokatu dituzte. Ondo jokatu ere, ligaska osoan jokatutako partida guztiak irabazi dituztelako.
Urnietarrak trinketean hirugarren denboraldia betetzen ari dira eta denbora tarte txiki horretan izugarrizko lorpenak eskuratzeko gai izan dira. Bikoteka, Julen Loitegi eta Unai Garin Gipuzkoako txapeldun izan dira, eta Jon Pagola eta Mikel Garmendia txapeldunorde. Banaka, bestalde, Jon Pagola birritan izan da txapeldunorde.
Adi, beraz, ostiralean jokatuko den finalarekin.
Ligan Abadiñon jokatutako partidan urnietarrak garaile izan ziren 33-40. Baina partida hartan ziurrenik kadete mailako jokalari onenak ez zuen jokatu. Finalean jokatzen badu, urnietarrek badakite txapela eskuratzea oso zaila izango dutela.
Azken ordukorik ez badago, Julen Loitegi eta Aritz Lizaso izango dira Urnietako ordezkariak. Unai Garin ere Abadiñora joango da, baina eskuko minez dago. Haiekin batera Txema Gonzalez prestatzailea abiatuko da.
Elkarteko arduradunek finala jokatu aurretik hiru gazteen lana txalotu nahi dute, txapelketa bikaina burutu dutelako. Txapela lortu edo ez, UKEko arduradunentzat gazte hauek trinketean egin duten denboraldia bikaina izan da.