Hernaniko Ibaiondo industriguneko 27. zenbakian dago Etorlur-en egoitza nagusia. Ugaldek eta bere lantaldeak bertatik garatzen dituzte egitasmo guztiak. Enpresa publikoaren izaerarekin, Gipuzkoako udalerri eta gipuzkoar askorentzat aholkularitza eta kudeaketarako instituzioa dela esan daiteke:
Esan bezala, Etorlur hainbat eginkizunetan ari da, atal ezberdinetan banatuta. Ugaldek lehenik eta behin Landa Gipuzkoa izeneko ekimena aipatu du, “2007-2011 urteetarako eginkizun handia dugu eskuartean: Landa Gipuzkoa 32. Proiektu honek mila biztanletik beherako Gipuzkoako 32 herrien jardunean laguntzen du. Industri, nekazal eta etxebizitza egitasmoak lantzen laguntzen diegu, proiektu arrunt ezberdinak batetik bestera. Plaza bat berritzea, udaletxea eraberritzea, hainbat jardueretarako lokalak egokitzea...”. Herrien beharren arabera proiektuak ezberdinak dira. Egitasmo honen aurrekontua 19 milioi eurokoa da. Aldundiak 12 jartzen ditu eta gainerakoa Udalek jarri behar dute. Proiektua aurkeztu ondoren, inbertsio plana egiten da. Ugalderentzat Aldundiak Etorlur-i betetzea eskatzen dion zeregin honen abantaila izugarria da, “herri hauetan gestioan irabazi dute. Eta niretzat pertsonalki herri txikien garapenean laguntzea atsegin handia da. Niri asko balio izan dit Urnietako udaletxetik nekarren esperientziak. Herri txiki horietara ez dira diru partidak huts-hutsean bideratzen, baizik eta gestioan laguntza teknikoa nahiz administratiboa eskaintzen zaie”.
Lur bankua Orain dela bi urte jarri zuten martxan egitasmoa, lelo argiarekin: “Lurra nekazarientzat eta nekazariak lurrarentzat”. Helburua oso argia da: Gipuzkoan nekazal lurrak %100 aprobetxatzea. Garraio azpiegitura handiek nekazal eremuetan lur galerak sortu dituzte. Nekazal jarduerak bertan behera ez geratzearren, Etorlur-ek lursailak egokitzeko egitasmoa martxan jarri zuen. Alde batetik kaltetuei begira, bere lanbidean jarraitze aldera. Donostiako saihesbidearekin lotuta, lurren okupazioaren kalteordain bezala lur sail bat bideratu behar zuten Astigarragan, baratzezaleei begira bereziki. Lur eremu hura azkenean kamioizaleen atsedenaldirako bideratuko da. Erabaki horren aurrean Etorlur eta Bidegi Gipuzkoako Azpiegituren Agentziaren hartu-emanei esker, baratzezaleek alternatiba Urnietan izango dutela ziurtatu du Ugaldek: “Astigarragako lur horren balioaren dirua Etorlur-i eman diote Gipuzkoan zehar hainbat lur eskuratzeko. Lehen jarduera Urnietan bertan izango da, eta Arizmendin lursail batzuk prestatuko dira. 4-5 partzela eskainiko dira Astigarragako kaltetuentzat. Kasu honetan negutegietarako erabiliko da”. Lur bankua ere nekazal eskolatik pasatzen diren hainbat gazteei begira sortu zuten. Izan ere, lur falta izan ohi da trabarik handiena. Horiek dira lur bankua martxan jartzeko arrazoi nagusiak. Bestalde, orokorrean, lur jabearen adina dela edota nezkazal jarduera bertan behera uzten delako, hainbat eta hainbat lur abandonatzen ari da. “Etorlur-etik hainbat hitzarmen bideratu ditugu lur horiek berreskuratzeko. Lurjabea eta interesatua harremanetan jartzen ditugu eta dokumentazioan nahiz xehetasun legaletan laguntzen diegu”.
Etxebizitzak Herri txikietako gazteek herrian bertan geratzeko aukera izan dezaten, Etorlur etxebizitzen eraikuntzan laguntzen ari da. Urte honetan eta hurrengoan herri txiki eta auzo txikietan hainbat egitasmo bideratuko dira.
Proiektu GEHIAGO Naturba, mendiko gaztak, parkeen gestioak…, hamaika egitasmo zehatzei lekua egin nahian dabil Etorlur-eko lantaldea. Naturba nazioarteko mintegia da: eremu urbanoa eta nekazal eremuaren arteko uztarketa nola bideratu, horixe du xede nagusia. Maiatzaren amaieran Gipuzkoan nazioarteko mintegia egin zuten. Mintegi hura Portugal, Espainia eta Frantziako egitasmo ezberdinak ezagutzeko bilgune bilakatu zen. Mendiko ardi gazta. Aralar parkean bi txabola egin dira mendira oraindik antzutu gabe igotzen diren ardiak mendian bertan jetzi eta gazta egiteko aukera eskaintzeko. Orain gutxi egin zen inaugurazioa. Parkeen gestioa. Etorlur Aralarren eta Aizkorri naturparkeen kudeaketaz arduratzen da.
EGURREZKO Etxebizitzak Etorlur laborategi moduko bilakatu da, egurraren sektorearen bigarren transformazioa bideratze aldera. Izan ere Suitza, Frantzia, Alemania..., Europan oso ohikoa da egurrarekin eraikuntzak egitea. Ugalde etorkizuna aurreikusten saiatu da, “Bilbon egiten den Egurtek ferian erakusketa ipini genuen eta orain dokumentazioa pilatzen ari gara, batik bat arkitektoen eskuetan jarri nahi dugulako. Baita egurraren aldeko apostuari eutsi nahi dionarentzat ere. Herri txikietan etxebizitza batzuk landu nahiko genituzke aplikazio hau martxan jarriz. Erosotasuna, ingurugiroaren aldeko apostua, aurreztea..., egurrezko etxeen abantailak dira horiek. Bide hori jarratu nahi dugu, geroz eta aldeko gehiago ikusten dizkiogulako”.
2002-2007 urteen artean Urnietako alkate izan ondoren, Florentino Ugalde Gipuzkoako lurren eta herri txikien garapenean buru-belarri dabil lanean.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!