Erraustegiaren aurkako lehen pausoak Urnietan eman ziren. Protestaren lekukoa Usurbilgo herritarrek hartu zuten ondoren. Andoainen denbora honetan guztian apala izan da erraustegiaren aurkako mugimendua.
Igandeko manifestazioa zergatik da garrantzitsua?
G.P. Oraingoan erraustegiaren aurrean alternatiba zehatzen alde apostu egitea aldarrikatuko da. Hainbat herritan dagoeneko alternatiba errealak eta gauzagarriak martxan jarri dituzte.
Bestetik, errauskailua eraikitzeko obrak gainean ditugu. Hirugarrenik herritarren ahotsa entzunaraztea garrantzitsua da.
Argudio hauek lehen eta orain baliagarri dira. Politikoek itsuarena egin dute denbora horretan guztian, ea behingoz herritarrak beste bide batzuk jorratzeko gogoa eta asmoa dutela ikusten duten.
Esandako guztiagatik garrantzitsua da manifestazioa.
Zenbateraino gauza daitezke aldarrikapen guztiak?
G.P. Atez ateko sistema jarri duten herrietan datuek argi erakusten dute erraustegirik ez dela behar. Zaborren kudeaketarako alternatibak ez dira utopia hutsa, gauzagarriak dira. Espainiar estatuan edota Europan martxan dauden ekimen alternatiboak hemen txertatu ditugu, eta eraginkorrak gertatzen ari dira.
Erraustegia jartzen badute, Andoaindik oso gertu kokatuko dute...
G.P. Kezkagarria da Andoain hain gertu egotea. Arrisku gunetik oso gertu gaude. Osasunari dagokionez, epe luzean ondorio larriak sor daitezke.
Hala ere, Andoainen aurkako mugimendua apala da...
G.P. Ziurrenik gizarte mugimenduetan gabiltzanok mezua zabaltzen ez dugu behar bezala asmatu.
Udalak, bestalde, gaiaren inguruan informatzeko asmo eskasa erakutsi du.
Honen harira aipatu behar da Andoaingo Udala Tolosako Mankomunitatearen bitartez urtero dirutza ordaintzen ari dela, besteak beste, errauskailuaren egitasmoa finantzatzeko. Hori horrela da eta ez da inongo aipamenik egiten, ez da horren inguruko informaziorik ematen.
Manifestazioaren antolatzaileek deialdia Onkologikoaren parean egin zuten. Zein da zure iritzia?
G.P. Andoainen ez dugu estilo hori landu. Zaborraren kudeaketari alternatibak agertzea izan da gure asmoa; alarmismoak alde batera utzita.