Gurasoak dantza ikasle

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko eka. 10a, 19:23

Ostegunero Urki dantza taldeko dantzari txikien 30 guraso eta pare bat amona biltzen dira, euskal dantzen inguruan lezioak jasotzeko. Santa Krutz jaien ondoren hasi ziren, eta Sanjuanen aurretik bukatzeko asmoa dute. Jon Iraola eta Jokin Otamendi dira irakasleak. Ahoz aho zabaldu zen ikastaroaren ideia, eta bistan da egundoko erantzuna jaso duela. Hori dela eta, irailetik aurrera iraupenez luzeagoa izango den bigarren ikastaroa antolatzeko asmotan dira. Parte hartzeko aukera irekia izango da irailetik aurrera.

Inkesta:

Ana Rodriguez
“Hiru belaunaldi ari gara dantzan une honetan. Kontua da Arantxa Atxukarro, nire ama, Urkiren entseguetara etortzen dela, Maider nire alabaren bila. Halako batean ikastaroarena entzun, eta izena eman zuen! Ni ez nintzen atzean geratuko noski, eta biok etorri gara. Nik normalki ez daukat erreparorik plazetara ateratzeko, baina zeharka, ondokoari begira jarduten dut. Konfiantza lortzea nahiko nuke ikastaro honekin”.

Xabier Sanchez
“Txikitan Iñaki Arregirekin ikasi genuen, aurreskuko zenbait pauso besterik ez ditut oroitzen. Benetan inbidia izan ohi dut jendea dantzan ikustean. Arin-arin eta fandangoko pauso batzuk ikasi eta plazan plantak egiteko gauza naizela sentitzearekin, egundoko poza hartuko nuke. Horretara nator, baina ez dakit lortuko dudan, lantokitik korrika etortzen bainaiz, eta dantzak kontzentrazioa eta denbora eskatzen du”.

Azucena Martin
“Nik txikitan zer edo zer ikasi nuen, baina ez askorik. Niretzat hemengo ikastaroa hutsetik hastea bezala izan da eta oso pozik nator hona, giroa ere aproposa delako.
Ikastaroa amaitzerako ez dut uste erromerietan-eta ondo dantzatzeko gai izango naizenik, baina zerbait aurreratzen ari naizela konturatu naiz”. 

Nerea Fernandez
“Guraso batzuk bero-bero jarri ziren ikastaroa egin behar genuela esan eta esan; halako jarrera ikusita ni ere berehala animatu nintzen. Oso atsegina da; ikasi ere, ikasten ari gara. Baina plazatan txukun jarduteko moduan, ez bestetarako; izan ere, etxean alaba ari zait galdezka, ea noiz egin behar dugun jendaurreko erakustaldia”.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!