Bocio musika taldea zuzenean Gaztetxean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko eka. 10a, 19:19

Bocio Andoaingo taldeak joko du ostiral honetan antolatu den AHTaren kontrako kontzertuan. Ondoren, Anariren emanaldia etorriko da; Mikel Abrego (bateria) eta Xabier Olazabal Drake (baxua) andoaindarrak arituko dira, besteak beste, Anariren taldean. Musika gauari amaiera emateko, DJ Talo Andoni Tolosa Morauren txanda izango da.


Bocio Ugalde anaiek eta Legarreta lasartearrak osatzen dute. Ugaldetarrak Andoaingo txirrindulari eskolan jardun zuten txirrindulari ezagunak dira; errepidean makina bat sari irabazitakoak. Trikitia utzi eta gitarra eta bateriari ekin zioten orain hiru urte, eta berehala, Legarretarekin batera punk musikarekiko zaletasunak eraman zituen Bocio taldea osatzera. Gogoko zuten musikarekin gozatzea besterik ez zuten buruan, baina behin Añorgatik hots egin zieten hango gaztetxean jo zezaten. Geroztik, hamabost emanaldi eman dituzte jendaurrean. Punk musikan mitikoak diren taldeen bertsioak joko dituzte. “Ordu beteko saioan entzuleek betiko kanta ezagunekin ondo pasa eta dantzan has daitezen saiatuko gara”, adierazi dute.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!