Berrogei lagun inguruko Gipuzkoako ordezkaritza egunotan Italia iparraldean izan da, Milano, Torino edota Alba inguruetan hain zuzen. Italiarrek asmatu zuten bilketa esperientzien nondik norakoak hurbiletik ikustera joan dira, San Marko Mankomunitateak antolatutako bidaian. Italiarrak aipatu sistema gauzatzen lehenak izan ziren, atez ateko bilketaren sortzaileak direla alegia. Konpostaje guneetan burutzen duten lana eta dakartzan emaitzak edota atez ateko bilketa esperientziak ezagutzen izan dira. Baita, hondakinen tasa ordaintzeko aplikatzen dituzten sistemak ere, tasa zuzena delakoa; sortzen den hondakin kopuruaren araberako tasa alegia.
Ordezkaritza zabala
San Marko Mankomunitateko ordezkaritza egon da Italia iparraldera egindako bidaian, Ricardo Ortega eta Imanol Azpiroz, Mankomunitateko lehendakari eta lehendakari ordeak buru zirela. San Markoko kide diren udalerrietatik udal ordezkari eta herri eragileak ere bertan izan dira. Tartean, Urnietako alkate Mikel Izagirre eta ingurumen batzordeko buru eta ezker abertzaleko zinegotzi Iñaki Mendizabal.
Baita atez ateko bilketa abian jarri duten Usurbil, Hernani eta Oiartzungo alkateak; Xabier Mikel Errekondo, Marian Beitialarrangoitia eta Aitor Etxeberria hurrenez hurren.
Debagoieneko zein San Marko Mankomunitateetako hainbat udal ordezkari eta herri eragilek ere parte hartu dute bidaian. Baita alderdi politiko desberdinetako zinegotziek ere; ezker abertzalea, Aralar, Alternatiba, Ezker Batua edota PSE-EE-ko ordezkariak. Bidaiaren nondik norakoak jarraitzen zenbait hedabideetako kazetari aritu dira.