Gazte Lokalak uda hasierarako jarduera ugari antolatu ditu

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko eka. 10a, 19:00

Ekainean Andoainen koadrilen arteko afaria eta musika lehiaketa, uztailean Uda Gaztea egitaraua eta film emanaldiak kalean. Ikasturte amaierako estuasunak alde batera utzi eta gero, udako sasoia luzea izango da gaztetxo gehienentzat. Andoaingo Gazte Lokaleko arduradunak dagoeneko gazte horien aisialdia osatzeko egitarau oparoa antolatzen ari dira:

San Juan jaien hasieran, ekainaren 23an, musika lehiaketa eta koadrilen arteko afaria burutuko dira Anbrosia Olabiden duten lokalean bertan. 12-14  urte bitarteko gazteentzat Sanjuanetan murgiltzeko egun seinalatua izan ohi da. Musika gai nagusitzat harturik, lehiakideek hainbat proba gainditu beharko dituzte. Jaietan murgiltzeko ospakizun modukoa izango da, afariaren aurretik burutuko dena. Koadrila bakoitzak janaria eta edaria eraman beharko ditu eta, ondoren, denak elkarrekin San Juan sua ikustera Goikoplazara gerturatuko dira.

Sanjuanak amaituta, gaztetxoek Gazte Lokalarekin udaz  gozatzeko aukera ugari izango dute. Ekainaren 29an, esaterako, Arcachongo ur parkera egun osoko irteera egingo dute. Hara joan nahi duenak ekainaren 20a baino lehen eman beharko du izena.

Uztaila oparoa ANDOAINGO
GAZTE LOKALEAN

Gazte Lokalak kultur eta kirol ekimen ugari antolatuko ditu uztailean. Uda Gaztea delako programari jarraiki, eguraldi ona dela baliatuz, hainbat hitzordu deituko ditu kalean edota mendian egiteko. Aurreko urteetan, adibidez, urteko sasoi horretarako egokiak diren kirol jarduera ugari burutu dituzte: piragua irteera, karts saioa, paintball jolasa, Sanferminetara irteera... Hori guztia Gazte Lokaletik kanpo. Baina lokalean bertan pizza tailerra, bideojolasak..., uda honetan ere Andoaingo gaztetxoari aukera zabala eskainiko zaio.  

UZTAILEAN ZINE EMANALDIAK
KALEAN ESKAINIKO DIRA

Dagoeneko Bastero zine emankizunen ikasturtea amaierara iritsi da. Irailera arte ez da film gehiago eskainiko. Eten hori arindu nahi izanez gero, kalean eskainiko direnak baliagarri izan daitezke. Izan ere, urtero bezala, hainbat pelikula eskainiko da herrian Udako Zinema Kalean programaren baitan. Uztailean, asteazkenero eta 22:30ean hasita, zinema ikusgai izango da Goikoplazan eta Kale Nagusian. Denera, lau emankizun iragarrita daude. Besteak beste, Luna nueva, El secreto de sus ojos, Up eta Transformes filmak.

INFORMAZIO GUNEAK
Gazte Lokala
943 300 746
andoain@gaztelokala.com
Topagunea eta informatika gela gazteek gehien erabiltzen dituzten guneak dira.
Gazte Informazio Bulegoa
943 593 911
gibandoain@euskalnet.net
Uda honetan atzerrira bidaiatzeko aukera duenak Gazte Informazio Bulegoan ikasle, gazte edota aterpekide txartela eskuratzeko argibide guztiak jasoko ditu. Txartel horiei esker bidaiatzeko abantaila eta beherapen ugari eskura daitezke.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!