Atez ateko hondakin bilketaren alde

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko eka. 9a, 15:47

Amasa-Villabona, Aduna, Anoeta, Alegia eta Ikaztegietako alkate eta zinegotziak, udazkenerako Tolosako Mankomunitateak Tolosa, Villabona eta Andoainen 5. edukiontzia martxan jartzeko asmo pilotuaren aurka azaldu dira gaur eguerdian Villabonako udaletxean emaniko prentsaurrekoan. Bost Udaletako ordezkariek atez ateko bilketa sistemaren alde egin dute, prentsaurrekoan irakurri duten idatzian irakur daitekeenez:

"Tolosaldeko bost Udaleko alkate (Adunako alkate ordea, alkateak ezinezkoa izan baitu etortzea) bildu gara hemen hondakinen arazo larriaren aurrean gure jarrera eta hartutako konpromisoaren berri emateko. Amasa-Villabona, Aduna, Anoeta, Alegia eta Ikaztegietako alkateon iritziz hiri hondakinen gaia arazo larria bihurtu zaigu. Geroz eta hiri hondakin gehiago sortzen da, orain arteko zabortegien kudeaketak eraso zuzena egin du ingurumenean eta osasunean. Zabortegiak gainezka bete dira, hondakina edozer modutan eta banandu gabe bota delako guztia zabor bihurtuz eta orain gainera tratamendu finalista erasokorrak beharrezkoak direla sinestarazi nahi digute batzuek. Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioak, Foru Aldundiaren gidaritzapean, hondakinak erraustea nahi du eta horrela Gipuzkoa osorako erraustegi bat eraiki nahi du Zubietako lurretan. Edo makro zabortegi zikinak edota errauste planta toxikoak. Biak ala biak osasuna arriskuan jartzen dute ingurumena kaltetu.

Horregatik ezin genezake horrela jarraitu. Azken urteotan asko aurreratu da hiri hondakinak gutxitu, berrerabili eta birziklapenaren kontzientziazioan. Munduan zehar zero zabor programak ezartzen ari dira eta arazo honi irtenbidea ematea posible dela erakusten ari dira. Gipuzkoan ere urrats sendoak ematen ari direla ikusi dugu. Ez gara zerotik abiatzen. Usurbilen, Hernanin eta Oiartzunen lortzen ari diren emaitzak zoriontzekoak dira. Usurbilen, epe motzean %80tik gorako birziklapen tasak lortu dituzte. Tolosaldean %30ean gabiltza. Bada alde ederra. Emaitza hauen oinarrian sistema zehatz bat aurkitzen da, atez ateko bilketa sistema. Azken bi urteotan beste esperientzia bat ere jarri dute martxan hainbat herritan. Bosgarren edukiontzi bezala ezagutzen den bilketa sistema. Gaur egunean ezagutzen dugun edukiontzien sistema alboratu gabe, beste edukiontzi bat gehitzen zaio materia organikoa biltzeko. Sistema hau Donostiako Amara auzoan, Zarautz, Zumaia, Azpeitia, Azkoitia eta Aretxabaletan ezarri da Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioaren eskutik. Bi urte pasa dira sistema hau martxan jarri zenetik eta izan dituen emaitzak ere ezagunak dira. Adibidez, Hernanin egun batean Zarautzen hilabetean adina biltzen da, biztanlez dexente gutxiago badira ere. Usurbilen, Amara-Zarautz_Zumaia-Azpeitia-Azkoitia-Aretxabaleta guztiak batera baino organiko gehiago biltzen da. Bosgarren edukiontziarekin herritarren %15ak bakarrik hartzen du parte eta atez atekoarekin herritar guztiek. Hor dago aldea. Beste gaiak ere gehiago birziklatzen dira atez ateko sistemarekin: papera, kartoia, plastikoa...

Gipuzkoan bi urte hauetan bizi izan dugun esperientzia ikusi eta gero, guk oso garbi dugu zein sistema bilketa nahi dugun gure herrietan. Ez dugu ulertzen Tolosako mankomunitatetik egin duten proposamena. Tolosaldean bosgarren edukiontzia jartzeko proposamena egin berri dute eta mankomunitatean gure erantzuna argia izan da. Utz itzazue bide antzuak, zezena adarretatik eusteko garaia da. Gu ere horretan konprometitzeko prest gaude eta horregatik gure udalerrietan atez ateko sistema jarri nahi dugula esan dugu mankomunitatean. Orain mankomunitateko lehendakariaren erantzunaren zain gaude, baina erantzuna dena delakoa izanda ere, Amasa-Villabona, Aduna, Anoeta, Alegia eta Ikaztegietako alkateok garbi dugu honek ez duela atzera bueltarik eta mankomunitatetik ezezkoa erantzungo baligute ere Udalen bitartez atez ateko sistema jartzeko pausoak emango ditugu.

Arduraz jokatzea dagokigu. Osasuna eta ingurumena zaindu behar ditugu eta horregatik ematen dugu urrats hau. Badakigu Gipuzkoan zehar urrats gehiago ematen jarraituko dutela, Gipuzkoan zero zabor programa bat ezartzea gero eta posibleago dela. Horregatik guk ere Gipuzkoako Foru Aldundiari erraustegiaren proiektuari sei urteko moratoria eskaera luzatzen diogu. Eskaera honetan herritarrak inplikatzea ere beharrezkoa deritzogu eta horrela Tolosaldeko herritarrei ekainaren 20an Donostian burutuko den manifestazioan parte hartzeko deia luzatuz amaitu nahiko genuke".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!