Paella lehiaketa, eguzkipean eta parte hartze politarekin

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko eka. 5a, 16:05

Hamabost paella inguru prestatzen ari dira San Juan plazan, Poxta Zahar taldeak antolatutako paella lehiaketan. 70 gazte inguru eguerditik bilduta daude herriko plazan, lehiaketan parte hartu eta egun pasa ederra igarotzeko gogoz. Haietako lau epaimahaikideak izango dira, eta hiru onenentzat saria izango da. Antolatzaileak pozik agertu dira ekimenak izan duen harrerarekin.

Argazkiak | Bideoa

Aitor Argiñarenari elkarrizketa:

Lehen aldiz paella lehiaketa egiten ari zarete, zer dela eta?
Aitor Argiñarena.
Paella lehiaketa lehen aldiz antolatzen ari gara, bai. Aurreko asteburuan Gaztedi jaiak izan ziren eta hura borobiltzeko paella lehiaketa eta mus txapelketa antolatzea erabaki genuen. Eguraldiari dagokionez zorte handia eduki dugu. Eguzkiarekin giro ona dago plazan; azken ordura arte ez genekien deialdiak zer nolako erantzuna izango zuen eta, azkenerako, hamabost paella aurkeztu dira lehiaketara.

Egun pasa polita, beraz.
A.A.
Halaxe da, bai. Eguerditik aurrera paella prestatzen eta, hortik aurrera, bazkaria eta mus txapelketa. Epaimahai batek erabakiko du zeintzuk diren paella onenak. Horretarako gure arteko lau izango dira epaimahaikideak. Puntuaketaren arabera, lehen hirurentzat sari bana izango da.

Nondik nora bururatu zitzaizuen paella lehiaketa antolatzea?
A.A.
Hernaniko Olinpiadatan lehen ariketa, aurkezpen modura, paella egitea izan zen. Guk, gure artean pentsatu genuen Urnietan ere egitea. Lehen tortilla lehiaketa egiten zen eta paella lehiaketa antolatu dugun lehen aldia da.

Hiru asteburu luze aurtengo Gaztedi jaietan. Kexarik ez duzue izango!
A.A.
Lehengoan Frontoi tabernan bertso afaria izan zen. Salgai jarritako 50 txartelak saldu genituen. Hurrengoan Gaztedi jaiak bete-betean: oilasko afaria, rock kontzertua, kalejira eta bazkaria... Horietan guztietan gozatu eta gero iritsi da paella lehiaketa.
Erantzuna ikusita, hurrengo urtean ere egin litekeela iruditzen zait. Beharbada, denen artean erabaki beharko da, paellaren ordez beste zerbait prestatu beharko da. Nolanahi ere, nire ustez, ondo dago horrelako bazkari alternatiboak antolatzea. Denak elkartuz, bakoitzak berea ekarriz.

Orokorrean zer nolako balorazioa egiten duzu?
A.A.
Guk antolatutako ekimenetan jendeak ondo erantzun du. Bertso afariko txartel guztiak saldu genituen, oilasko afarian 170 lagun bildu ginen eta bazkarian beste horrenbeste. Gaur 70 lagun izango gara paella lehiaketan. Mus txapelketara helduagoak ere animatuko direla uste dut.

Gazteei zuzenduta zegoen bakarrik?
A.A.
Ez herri guztiari zuzenduta dago. Gazteek antolatua da, baina tortilla lehiaketara jende helduagoa ere gerturatu zen. Aurten, lehen aldia izanik, ez da oso garbi ulertu baina herri guztiari zuzenduta dago.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!