Joseba Sarasua, hezitzaile Sorabillako harrera etxean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko eka. 3a, 19:02

Joseba Sarasua lezoarrak 11 urte daramatza hezitzaile lanetan, Sorabillan kokatzen den Erretore-etxean. Caritas elkarteak kudeatzen du eta harrera etxea izatea, horixe da egoitzaren helburu nagusia.
Lanbide horretan aritzeko bokazioa, pazientzia eta maitasuna behar direla aitortu du Josebak. Erretore-etxean biltzen diren gazteen inguruko argibide ugari eskaini du.

Zein funtzio betetzen du Sorabillako harrera etxeak?
J.S.: Gizarteratzeko arazoak dituzten 18-35 urte bitarteko gazteak hartzen dira, laguntza emateko. Hiru profil betetzen dituzte normalki: batetik, lan baimenaren eta paper administratiboen faltan diren etorkinak dira; bigarrenik, familia arazoak izan edo tratu txarrak jasan dituzten edo non bizitzekorik ez duten bertakoak dira; eta azkenik, Gizakia Helburu programako komunitate terapeutikoan sartzeko zain dauden mutilak dira.
Denek ere formazio ikastaroetan edo terapietan parte hartzen dute; horrela urtebete egiten dute harrera etxean, lana bilatu edo nork bere burua aski izatea lortu arte.

Nortzuk osatzen duzue hezitzaile taldea?
J.S.: Bost lagun gara: lau hezitzaile (Gaizka, Fernando, Sergio eta lauok) eta koordinatzaile-zuzendari bat, Rosa. Azken hau goizetan aritzen da eta gainerakoek arratsaldeak eta gauak txandaka betetzen ditugu.

Nortzuk bizi dira une honetan harrera etxean?
J.S.: 14 lagun daude guztira. Bederatzi etorkin (Marokoko bi, eta Argelia, Ghana, Ginea, Senegal, Kamerun eta Errumaniako lagun bana) eta Gizakia Helburua programa egiten ari diren hiru lagun.
Horiez gain, Sorabillako erretorea ere Erretore-etxean bizi da.

Nola antolatzen duzue bizimodua?
J.S.: Garbiketa, sukaldea…, etxeko lan guztiak egin behar izaten dituzte mutilek. Soilik bazkaria ekartzen dute kanpotik, baina egia esanda, oso jende gutxi biltzen da jatordu horretan, bakoitza bere egin beharretan murgilduta egoten baita Sorabillatik kanpo. Badira goizean goiz jaiki behar izaten dutenak, eta horiek ezin izaten dute afal ordura arte itzuli.

Eta zer moduzkoa da elkarbizitza?
J.S.: Nahiko ona. Etxeak baditu bere arauak, derrigorrez bete beharrekoak. Besteak beste, ezin dira drogak kontsumitu, indarkeria fisiko nahiz psikologikoak ez dira onartzen, gaztelaniaz hitz egin behar dute beraien artean…

Azalduko al zenuke hizkuntzaren inguruko arau hori?
J.S.: Jendeak maiz galdetu izan digu ea Francoren garaian bezalatsu bizi ote garen, baina arauak badu bere zergatia: gure gizartean, zoritxarrez, gaztelaniaz jakitea exijitzen dizute lana lortzeko, eta beraz, hizkuntza hori duzu nahitaezkoa gizarteratzeko. Hain zuzen ere, errealitate horretara egokitu behar izaten dugu gazteak gizarteratzea denez harrera etxearen funtzio nagusia.
Bestalde, ohartu behar gara munduko leku anitzetatik datorkigula jendea, nor bere etxe, herri eta kulturako semea dela, eta hemen denok elkarrekin ulertzekotan hizkuntza bakarra behar dela.

Zein dohain behar ditu hezitzaile batek zuen lanbidean?
J.S.: Bokazioa, lehenengo eta behin. Eta horrez gain, pazientzia asko, zentzumena, gizatasuna, gertutasuna, enpatia… Etxe honetara lanbide bat ikasi eta bergizarteratzeko helburuz etortzen dira mutilak, baina bestalde, gizakiak direnez, gabeziak ere izaten dituzte emozionalki; beraz, maitasuna eta gertutasunaren premian izaten dira.

Gatazkarik izan al da zuen arteko elkarbizitzan?
J.S.: Ez azpimarragarririk; nahiko jarrera ona azaldu ohi dute hona etortzen direnek. Jatorri anitzeko jendea da, nor bere ibilbide eta berezitasun pertsonalarekin, eta normala da euren artean edo gurekin ika-mikak izatea tarteka, baina ez da ezer larririk gertatu orain arte.

Zuen helburua gizarteratzea dela diozu. Emaitzez hitz egin al daiteke?
J.S.: Ez da erraza datu zehatzak ematea, baina eskarmentuak adierazten digu etorkinen %80-90ak lan baimena lortu eta beraien kasa bizitzen hasi direla; Gizakia Helburu ekimenaren baitan dauden kideen gainean ez dugu daturik, gurekin prozesuaren hasieran soilik egoten baitira. Arrakasta apalagoa tratu txarra edo abandonua jasan duten hirugarren taldean ematen da: asko sufritutakoak dira bizitzan zehar eta kosta egiten zaie euren ezintasunak alde batera uztea.    

Zer moduzko harremana daukazue Andoaingo herriarekin?
J.S.: Nahi baino gutxiago erlazionatzen gara bertako jendearekin. Nork bere ikastaroak, terapiak edo bestelako zereginak dauzka egunero, eta eguneko agendek asko markatzen dute komunitatearen bizimodua.
Hori bai, bizitza sozialeko ekimenen batean parte hartzeko proposatu izan digutenean pozik erantzun izan dugu baietz. Adibidez, Sorabillako jaietan.

Sorabillako auzotarrek nola hartzen zaituzte?
J.S.: Ondo hartuak izan gara beti eta gu oso gustura gaude auzoan. Ez dut uste kexatzeko motiborik eman diegunik inoiz.

Zer moduz zuen futbol taldea, Andoaingo koadrilen arteko txapelketan?
J.S.: Bizipen polita izan da, nahiz eta partida guztiak galdu. Ilusioz parte hartu genuen, baina hori ez da nahikoa irabazteko. Izan ere, mutil gehienak sasoi onean daude, baina haurtzaro edo gaztaroan ez dute kirol askorik egiteko aukerarik izan, eta hori nabaritu egiten da. Teknika lantzea edo jenio bizia ondo bideratzea falta zaie. Horretarako, ondo etorriko litzaiguke gure taldea gidatzeko bolondres modura arituko litzatekeen entrenatzaile bat.

Bolondresak ere hurbiltzen al zaizkizue etxera?
J.S.: Batzuen batzuk bai. Andoaindik batzuk etortzen zaizkigu irakurtzen nahiz idazten irakastera, musika eta perkusio eskolak ematera, pasioan ateratzen laguntzera… Laguntzeko prest dagoen herriko edonor gonbidatuko nuke hona etor dadin; futboleko entrenatzaile batetik hasita…Joseba Sarasua lezoarrak 11 urte daramatza hezitzaile lanetan, Sorabillan kokatzen den Erretore-etxean. Caritas elkarteak kudeatzen du eta harrera etxea izatea, horixe da egoitzaren helburu nagusia.
Lanbide horretan aritzeko bokazioa, pazientzia eta maitasuna behar direla aitortu du Josebak. Erretore-etxean biltzen diren gazteen inguruko argibide ugari eskaini du.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!