Amuarrain egunaren lehen edizioarekin baikor dira antolatzaileak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko eka. 3a, 18:53

Amuarrain Egunaren ospakizuna oso denbora tarte laburrean iragarri eta gizarteratu zen, eta hala ere lehen edizioak izan duen harrerarekin pozik daude Merkataritza sustatzeko Udal lansaileko kideak.
Merkataritza eta herria bera promozionatzeko ezinbestekoa da horrelako egunak antolatzea. Lehen urratsa eman eta gero, ondo legoke Andoainen Amuarrain eguna hurrengo urteetan ere antolatzea.

Herritar ugarik bat egin zuen Andoaingo Udalak antolatu eta herriko elkarte eta tabernarien laguntzarekin egin zen lehen Amuarrain Egunarekin. Ez da gutxi, kontuan izanik Urnietan ospakizunetan zirela eta Tolosan bixigu festa ospatzen zela.
Goizetik, Zumea plazan, amuarraina modu klasikoan dastatzeko aukera izan zen. Errea eta urdaiazpikoarekin, Zumeatarra nahiz Peña Santa Krutz elkartekoek parrillan prestaturikoa. Gaztañaga sagardotegiaren edaria hamaiketakoa osatzeko osagai aproposa bilakatu zen.
Herriguneko beste hainbat jatetxe eta tabernetan pintxo berritzaileak eskaini ziren amuarraina ardatz hartuta. Txitibar, Txalaka, Danena, Irugus, Irunberri, Hiru eta Traiñerum izan ziren lehen edizio honetako partaideak. Bereziki, lehen edizio honetan Hiru eta Txalaka jatetxeetako pintxoak nabarmendu zirela esan daiteke.
Amuarraina porru kremarekin eta alga kabiarrekin izan zen Hiru jatetxearen proposamena. Txalakarena, aldiz, eskaintza bikoitza zen: Amuarraina urdaiazpikoa eta errefritoa tomatez bustitako ogiaren gainean eta amuarrain sorbetea.
Gozamena ahotik ez ezik, belarritik ere heldu zitzaien bildutakoei; izan ere, Gora Kale Txiki txarangak herrigune osoa alaitu zuen.
Ekimen polita izan da Amuarrain Egunarena. Gustura daude lehen txanda honetan parte hartu duten eragileak, eta pentsatzekoa da jarraipena izango duela hurrengo urtean. 

Cristina Martin
Andoaingo Udala
Merkataritza sustatzeko teknikaria

Eguna igaro eta ordu gutxira, zein da Amuarrain Egunaren inguruko balorazioa?
Cristina Martin. Gustora gaude, eguraldiak lagundu zuelako eta jendea animatu zelako. Jaso ditugun komentarioak positiboak izan dira. "Ba zen garaia, "Zein ondo Andoainen horrelakoak egitea",... horrelakoak entzun genituen. Alde horretatik gustora gaude.
Hitz egin dugun tabernariekin gustora daudela somatu dugu. Haietako batzuk errepikatzeko gogoa adierazi digute eta beste batzuk hurrengo edizioetarako proposamenak egin dizkigute. Bereziki, Amuarrain eguna egun osoko jarduerara zabaltzeko. Hori, dena den, ikustear dago. Aurrekontuaren arabera izango da, noski.

Merkatalguneetan eta herrigunean jende gehiago ibili zela nabaritu al duzue?
C.M. Ez dakit esaten. Zumea plazan ohikoa den bezala jende asko egon ohi da. Parrillak ikustean eta amuarrain errea eskaintzean jende asko bertaratu zen. Jendea kalean ikusten zen, eta tabernetan ere bai. Traiñerum tabernan pintxoak agortu zitzaizkion berehala eta amuarrain gehiago eman behar izan genion. Esango nuke beraiek ere ez zutela espero hainbeste jende edukiko zutenik. Parean zegoen haur txokoa eta bertara ume piloa gerturatu zen tailer ezberdinetan parte hartzera. Ume asko gustora somatu nituen.

Ez al da jaia beranduegi iragarri? Kartelak ipini eta eguna burutzea ia ia batera gertatu delako...
C.M. Berandu ibili gara, bai. Aurrekontuak Udaletxean oso berandu onartu dira eta horren zain geunden dena antolatzeko. Beste alde batetik, beste herri batzuetan antzeko egunak antolatzeko aurrekontu gehiagorekin ibiltzen dira. Kanpotarrak erakartzeko medioetan publizitatea ere egiteko baliabideak dituzte.
Gure kasuan prentsa oharren bidez egin dugu ahal izan dugun guztia.
Aipatu behar da ere pintxoena egiteko aurretik lan handia egin behar dela proposamenak luzatzen eta erantzunak jasotzen. Tabernarien erantzunak jasota, pintxoen errezetarekin eskuorriak egin genituen. Errezetak aipatzea erakargarria zelakoan, tabernarien erantzuna jaso arte ez ditugu eskuorriak egin.

Eguna iritsi aurretik baino argiago dago orain Amuarrain Eguna 2011n ere antolatuko dela?
C.M. Oraindik ez dakigu, hurrengo astean bilduko da batzordea. Entzun eta jaso ditugun ekarpenak ikusita, esango nuke Udalak gogotsu helduko diola bigarren edizioa hurrengo urtean antolatzeari.

Eta merkatarien eta tabernarien parte hartzea handituko dela argiago ikusten duzu orain?
C.M. Nik uste dut baietz. Taberna eta jatetxe asko lehen edizio honen zain izan dira; aurtengoa ikusita hurrengo urtean agian animatuko dira. Lan honetan jarraitzen badut erronkak horiek lirateke: taberna-jatetxe gehiagoren parte hartzea sustatzea, egunean zehar ekitaldi gehiago antolatzea eta dendariak ere nola edo hala inplikatzea.

Zerbait gehiago adieraziko zenuke?
C.M. Harrigarria izan zen Zumeatarra eta Peña Santa Krutz elkarteko kideen inplikazioa. Oso oso gustora gaude, parrillan lan handia egin zuten. Oso txukun aritu ziren eta eskertzekoa da egin zuten borondatezko lan guztia.

 

 

JUANITA ALKAIN, GUNE APROPOSA
Juanita Alkain plaza haurren txoko bilakatu zen. Marrazkiak eta kolorezko esponjazko pinak egiteaz gain loreontzietan letxuga landatzen ikasteko aukera izan zuten makina bat haurrek Joko eta Jolas aisialdi taldearekin.
Aldi berean, kirol arrantzarako euliak egiteko tailerrean parte hartu zuten, Arrantza eskolako begiralearen agindupean. Txiki txoko horri esker, besteak beste, gurasoek pintxoez gozatzeko aukera ederra izan zuten.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!