Harri jasotzaileak, azikolariak, segalariak, trontzalariak eta korrikalariak izango dira Adunibarko belazean. Juan Manuel Erasun, Marianjeles Lazkano eta Patxi Jauregi izan dira igandeko saioko aurkezpenean: "Kirolari beteranoak, gaur egungoak eta etorkizunak batu nahi izan ditugu igandeko saioan. Herri kirolari egun berezia eskaintzea da asmoa, bertsolariek euren eguna duten bezala, herri kirolak ere izan dezala berea. Paskualtxo berak oso ondo jakin du garai berrietara egokitzen eta oso adi jarraitzen du herri kirolen mundua, horregatik batu nahi izan ditugu lehena, oraina eta etorkizuna", azaldu dute.
Saralegi , Goenaga, Perurena, Nazabal, Lopez, Arrospide, Olasagasti, Zelai, Gibitegi, Garin, Urki... izen handiko kirolariak bilduko dira Zizurkilgo saioan. Bazkalondoren berriz, Jesus Mari Irazu eta Jokin Sorozabalen saioa izango da entzungai eta beranduago, trikitilarien doinuak iritsiko dira: Laja eta Landakanda, Astiazaran anaiak eta alaba, Tapia eta Leturia, Juan Tapia...
Paskulatxok harreman berezia izan du eskualdearekin, izan ere, hemezortzi urte besterik ez zituenean etorri baitzen Asteasuko "Mutteia" baserrira, Eleuterio Tapia zenaren laguntzaz segan ikastera. Hura izan zuen maisu eta laguntzaile. Ondoren, Paskualtxok berak hartu zuen hainbat herri kirolariri erakusteko ardura. Bere eskuetatik pasatakoak dira, besteak beste Erasun segalaria edota Perurena harri jasotzailea ere. igandean, inguruan izango ditu guztiak, egindako lana eskertu eta omenaldi goxoa egiteko.