Baratzea, etxeko balkoian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko eka. 2a, 11:00

Aukera polita izan daiteke etxeko loreontzietan barazkiak landatzea. Aisialdirako denbora betetzeko egokia izateaz gain, lursailik izan gabe etxeko barazkiekin otorduren bat edo beste egiteko aukera ere ematen du.

Hona hemen etxeko balkoian, terrazan, patioan edota leihoan barazkiak landatzeko zenbait aholku:

Zein barazki jar daiteke loreontzian?
Kontuan izan behar da barazki guztiak ez direla ondo etortzen loreontzietan. Etxeko balkoian baratzea jartzeko asmoa duenarentzat, hauexek izan daitezke landarerik egokienak: zerbak (azelgak), alberjiniak (berenjenak), kalabazinak, tipulak, ziazerbak (espinakak), baba txikiak, letxugak, patatak, piperrak, porruak, tomateak, azenarioak, perrexila edota beste zenbait belar usaintsu.

Nolako loreontziak beharko ditut?
Altuera handi samarreko loreontziak edukitzea da gomendagarriena, zainek ondo hazteko tokia izan dezaten. Are garrantzitsuagoa izango da hori azenarioen kasuan. Batez beste, 40-50 zentimetroko altuera izatea komenigarria da. Hala ere, altuera gutxiagoko loreontzietan ere erein daitezke barazkiak, lur kantitate handia duten bitartean.
Garrantzitsua da loreontziaren azpialdean soberako ura galtzeko zulotxoak egitea. Zulotxo horietan harri txintxarrak jar daitezke urarekin batera lurrak ere alde egin ez dezan.

Non kokatuko ditut loreontziak?
Barazkiek eguzkiaren indarra behar dute ondo garatzeko, beraz, ahalik eta toki eguzkitsuenean jarri behar dira loreontziak. Gutxienez egun erdiz eguzkiaren argia jasoko duen tokia aukeratzea gomendatzen dute adituek.
Loreontziak toki ospelean jarriz gero barazki batzuk bakarrik jar daitezke. Letxuga, espinaka edota perrexila, esaterako, ondo etortzen dira argitasun gutxi dagoen tokietan.
Noizean behin loreontziak jiratu egin behar dira barazki guztiek eguzkiaren argia jaso dezaten. Gainerantzean, okerka haziko dira landareak, argitasun bila.

Nolako lurra behar dute barazkiek?
Aukerarik hoberena landareentzat egokiak diren sustratoak erabiltzea da. Tamaina ezberdinetako zakuetan etortzen dira eta landareek behar dituzten elikagaiak izaten dituzte barnean. Horrelakoak erabilita, errazagoa da tomate, pepino edota piper landareak ondo hazi eta fruitu ederrak lortzea.
Zenbatero ureztatu behar dira?
Loreontziko barazkiek, lurrean sartutakoek baino ureztapen gehiago behar dute. Eguraldi beroarekin edota haize handia dabilenean egunero ureztatu behar dira.

Ongarririk behar al dute?
Bereziki prestatutako sustratuak erabiliz gero, denbora luzeagoan egon daitezke landareak ongarrien beharrik gabe, baina denborarekin, loreontziko elikagaiak amaitu egiten dira eta ongarritu egin behar dira. Batez beste, hiru hilabetero jarri behar zaie ongarria. Horretarako, konposta erabiltzea da gomendagarriena. Etxeko hondakin organikoarekin egin daiteke konposta, eta saltoki askotan ere aurki daiteke.

Zenbat barazki jar daitezke?
Tokiaren araberakoa izango da hori. Barazki bakoitzak behar ezberdinak ditu eta batzuek, besteek baino toki gehiago behar dute ondo garatzeko. Hala ere, argi eduki behar da autokontsumorako egiten direla barazkiak. Astean letxuga bat jaten bada, astean letxuga bat jartzea izango da egokiena. Modu horretan, barazkiak jaten diren heinean joango dira garatzen. Landare asko batera jartzen badira, guztiak batera etorriko dira eta alferrik galtzeko arriskua legoke. Kontserbaziorako aukera gehiago ematen duten barazkiekin ez da hain garrantzitsua landaketa mailakatzea.

Ekainean zein barazki jar daiteke loreontzian?
Udako barazkiak egiteko garaia da: tomatea, pepinoa, piperra, kalabazina edota alberjinia. Letxuga edo porru landarea ere jar daiteke. Artoa, baina, kalabaza edo meloi haziak ere jar daitezke. Tomateak jarriz gero, garrantzitsua da makil baten laguntzaz landarea goruntz bideratzea.  Kontu handia izan behar da eguraldi beroarekin eta landareak behar hainbat ureztatu beharko dira.

Zeintzuk dira gaixotasunik ohikoenak?
  • Harrak: Azak edo azelgak baditugu, ohiko da horrelakoak azaltzea. Hostoak zulatzen dituzte, baina ez da garrantzia handiko arazoa izaten. Eskuz ken daitezke.
  • Oidioa: Hauts zurixka batez estaltzen ditu hostoak. Hezetasun handia dagoen tokietan errazago garatzen den onddo batek eragiten du eta aurre egiteko, gaixorik dauden hostoak kendu behar dira. Gaixotasuna oso aurreratuta badago, sufrea erabili behar da.
  • Landare zorriak: Oso azkar sortzen diren zomorroak dira. Landarearen izerdia xurgatzen dute, batez ere ernetu berri diren hostoetan. Landarearen hostoak kiribildu egiten ditu. Oso zaila da kontra egitea. Landare gutxi izanez gero, hostoak banan bana garbi daitezke. Landare zorri asko badago, beharrezkoa izango da botikaren bat erabiltzea.

Zenbait barazkiren ezaugarriak
Barazkia    Nola egin                 Noiz bildu    Zenbat toki behar du     Noiz egin     
Letxuga       Hazia jarriz                     60 egunera         20 zm.    Urte osoan
Tipula          Landarea jarriz             120 egunera           15 zm.    Negu amaieran
Zerbak         Landaretik edo hazitik    70 egunera          30 zm.    Udaberrian
Aza              Landarea jarriz             150 egunera          40 zm    Udaberri hasieran
Baratzuria    Hazia jarriz                   150 egunera          10 zm.        Udaberri hasieran
Azenarioa    Hazia jarriz                   100 egunera        10 zm    Udaberrian
Eskarola       Landarea jarriz            100 egunera         25 zm.    Udaberria eta uda artean
Baina            Hazia jarriz                   60 egunera         25 zm.    Udaberria eta uda artean
Ilarra            Hazia jarriz                     50 egunera         15 zm.    Udaberria eta uda artean
Alberjinia      Landarea jarriz             100 egunera         50 zm.    Udaberria eta uda artean
Piperra         Landarea jarriz             100 egunera        40 zm.    Udaberria eta uda artean
Tomatea        Landarea jarriz            100 egunera        40 zm.     Udaberria eta uda artean
Kalabaza      Hazia jarriz                  180 egunera           —-    Udaberria eta uda artean


ETXERAKO AZELGAK, FRESKO-FRESKOAK

Asteasuko barrualdeko sarreran, Lamiategiko zelaiaren ondoan, bada hiru solairuko etxe bat. Lehen solairuko balkoietako batek begia jotzen du, loreengatik baino gehiago, lorontzietan izaten dituzten zerba edo azelga ederrengandik.


Jose Inazio Gabirondo eta Maria Rezabalen etxean senarrarena izan zen batik bat etxeko balkoian azalgekin froga egiteko ideia, “baserri-baserrikoak gara senar-emaztea, baina ia 50 urte daramatzagu kale etxean bizitzen. Asteasura etorri eta geroztik ere izan genuen baratze txikia, baina azken sei urteotan balkoian jartzen ditugu azelgak”. Etxearen atzealdeko leihoetan ere izan zituzten bolada batean; baita etxe atarian ere, ontzi handian jarrita. Egun balkoikoak eta atarikoak mantentzen dituzte. “Azelgek eguzki argi asko behar dutenez, balkoikoak hazten zaizkigu ondoen”. Hain itxura oneko eta osasuntsu mantentzeko sekretuaz  galdetutakoan, ur asko bota behar zaiela adierazi dute, “ontzian dauden azelgek ur asko behar dute. Dudarik gabe, lurrean baleude baino gehiago zaindu behar dira. Egia esan, baratzean oso lan gutxi eskatzen du azelgak, baina ontzietan, mimo pixka bat behar du”. Uraz eta mimoaz gain, lurra ere ona behar dela argitu du Jose Inaziok, “lurra garrantzitsua da noski, eta simaurrarekin gozatuta jarri behar zaie. Gainerakoan, etsairik handiena txingurria izaten da, baina harrekin eta txoriekin ere kontuz ibili behar da”. Txingurriez babesteko erremedioa behintzat aurkitu dute, “txingurrien aurka, lurrik ukitu gabe, ontziaren inguruan botika botatzen dugu. Botika sumatzean, behetik gora datozen txingurriek ez dute aurrera jarraitzen eta ez dira ontzira sartzen. Salbaziorik onena da horixe”.

Landare takodunak
Urtean pare bat alditan aldatzen ditu Jose Inaziok azelgak eta hostoa handitu aurretik jasotzen ditu tarteka, fresko-fresko jateko. “Txorakeria moduan hasi eta, etxerako adina azelga jasotzen dugu balkoitik; balkoia ere luzea baita”, azaldu du Mariak. Txanda bakoitzean 35 landare jartzen ditu Jose Inaziok, loreontzi bakoitzean landare bakarra, “atariko ontzi handietan bizpahiru sartzen ditut, baina balkoian bakarra”. Villabonako azokatik ekartzen dute azelga landarea. “Takodunak edo takorik gabekoak saltzen dituzte. Takodunak lurrarekin prestatuta etortzen dira eta ontzian landatzeko batere lanik ez dute ematen, zuloa egin eta sartzea besterik ez. Guk takodunak landatzen ditugu, gainerakoan, gehiago kostatzen baita ondo itsasten”.

Ikusmira, pasaeran
Gustura ari dira azelgekin eta aurrerantzean ere barazki bera landatzen jarraitzeko asmoa dute. “Azelgez gain, perrexil pixka bat eta loreak ditugu eta etorkizunean ere bide beretik jarraituko dugu”. Iaz, hala ere, tomate landarearekin egin zuten froga eta ez zuten espero bezalako erantzunik jaso, “balkoian jarri genituen tomate landareak, baino barru aldera. Dirudienez, eguzkiak ez zituen nahikoa gozatu eta ez zigun alerik ere eman. Tomate landarea, berriz, izugarrizkoa egin zen”.
Etxeetako balkoietan nahiz kaleko lorategietan baratzeko produktuak jartzeko ohitura handitzen ari den garaian, Jose Inazio eta Mariaren azelgek ikusmira sortu dute Asteasun, kanpotik Asteasura etorritako bisitarien artean batez ere, “ilaran luze daudenez ikusgarriago geratzen dira eta pasaeran begira geratzen da jendea. Balkoiari eta azelgei argazkiak atera izan dizkionik ere bada”.

TOMATEAK ETA LIMOIAK, TERRAZAN
Eneko Bergara Gabirondo

Eneko Bergara Gabirondo Amasa-Villabonako Kale Nagusian bizi da. Terraza handia ez ezik, eguzkitsua ere badu eta tomate landareak nahiz limoiondoa hazten ditu bertan.

Iaz marihuana landarearekin egin zuen froga Enekok, “izugarrizko landareak egin ziren, baina aurten ez neukan berriro jartzeko asmorik eta, aitak, tomate landareak jartzeko gomendatu zidan”. Villabonako azokatik erosi zituen tomate landareak, “2 euro pasatxotan sei landare erosi nituen. Txiki-txikiak jarri nituen eta bi asterako, izugarri handitu dira”. Landareak zutik mantentzeko, kanabera makilak jarri ditu ontzietan Enekok, “laster landarea kanaberari lotuko diot zinten bidez, oker ez daitezen”. Zaintzari dagokionez, lurra heze mantentzen saiatzen da eta ontziak leku egokian edukitzen, “gauero botatzen diet ura landareei eta, goiz guztian zehar eguzkiak ondo jotzen dienez, ederki ari dira hazten. Oso itxura ona dute eta laster hasiko dira loretan”. Etxeko balkoiko baratzean kanpokoan baino lanabes gutxiago behar dela azaldu du villabonatarrak, “eskuz egiten da hemen lana, ez da atxurrik ere behar”. Tomate zaleak dira etxean eta aurten gertutik gertura hazitako aleak jateko aukera izango dute, “ia gauero jaten dugu tomate entsalada; ez zaizkigu gaizki etorriko, beraz. Esan digutenez, sei landarek tomate asko ematen du eta guztiak jateko askotxo izango dira. Hala bada, oparitzeko ere izango ditugu”. Momentuz tomateekin egin nahi du froga, gerora ikusiko du beste landareren bat jartzera animatzen ote den.

Limoiondoa ere bai
Iaztik limoiondoa ere badu Enekok, “duela urtebete lagun batek oparitu egin zidan eta izugarrizko zuhaitza egiten ari zait. Limoi bat zekarren orduan, probatu eta oso goxoa iruditu zitzaidan. Orain 22 limoi ditu; berdeak oraindik eta noiz horituko zain nago”. Tomate landareei bezala, gauero botatzen dio ura limoiondoari ere, “uraz gain, hilean behin zitrikoentzako bitaminak ere botatzen dizkiot, indartu dadin”.
Terrazan lagunarteko afariak prestatzeko moduan dago, beraz,  eta afariko osagai batzuk terrazatik bertatik hartzeko moduan, “tomate entsalada aurrena eta bukaeran, etxeko limoien zukuarekin egindako kubatak”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!