Arkupeko txapelketako finala, aurten Sanpedrotan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko eka. 2a, 10:51

Aldaketa nagusi bat dakar aurtengo Arkupeko pilota txapelketak. Aurreko urteetan baino geroago hasi da lehia eta uztailaren 3an, larunbaterakin jokatuko da final handia.

Hamasei partaide izango ditu aurtengo Arkupekoak. Patxi Garmendia asteasuarrak eman du aurtengo txapelketaren inguruko berri: “Indartuz ari da txapelketa. Hamasei partaide animatu da txapelketan izena ematera eta ez gure bailarakoak bakarrik; Andoain eta Beasaingo jendea ere hurbildu da. Pixkanaka, txapelketaren berri zabaltzen ari da eta pozik gaude”.

Lau talde
Maiatzaren 15ean jokatu zituzten lehendabiziko partidak. Lau taldetan banatuta arituko dira pilotariak, larunbat arratsaldero partidak jokatzen. Talde bakoitzeko bi onenek egingo dute aurrera. Jaien atarian jokatuko dira finalerdiak eta uztailaren 3an finala: “Azken urteetan hiru partidetara jokatu izan dugu finala eta aurten ere hala egiteko asmoa dugu. Sanpedro jaietan egingo dugu finala, lehendabiziko aldiz”.
Arkupeko txapelketak lau urteko ibilbidea egin du dagoeneko: “Gu umeak ginela asko jokatzen genuen udaletxeko arkupean. Herriko gaztetxo guztiak elkartzen ginen han gure partidak jokatzera. Giro polita sortzen zen. Gure aurrekoek asko jokatzen zuten arkupean eta oso pilotari onak ere egon ziren herrian. Gaurko gazteen artean ohitura hura galduta zegoela ikusita animatu ginen txapelketa antolatzera. Pozik gaude emaitzarekin, izan ere, geroz eta ume gehiago ikusten baita arkupean jolasean”, azaldu du Patxik.

Arkupea, motzagoa
Udaletxeko arkupeak berak aldaketak izan ditu Patxi Garmendia ume zenetik: “Gure garaian luzeagoa zen eta ezkerrekoa ez, eskubiko pareta erabiltzen genuen frontis gisa. Geroago, bulego bat egin zuten arkupean eta jolaserako toki motzagoa geratu zen. Oso joko azkarra eskatzen du horrek eta partida ikusgarriak izaten dira. Arazorik handiena ikusleentzako toki egokia moldatzea da. Finaleko egunean jende asko hurbiltzen da eta ez dago guztientzako lekurik. Hesiak jarrita, nola edo hala moldatzen gara. Horrez gain, bere garaian lurrean arrastoak margotzeko saiakera egin genuen, baina herritarren batek edo bestek kexa azaldu zuen eta margotu gabe geratu ginen azkenean”.
Larunbatero, arratsaldeko 16:00etan hasten dira Arkupeko txapelketako partidak. “Normalean larunbatarekin jokatzen dira partida guztiak. Norbaitek ezin duelako partidaren bat atzeratuz gero, aste egunetan egiten dira lehiak. Giro polita sortzen da, saltsa berezia dute, dudarik gabe”.

IAZKO TXAPELDUNA
Julen Urruzola


Julen Urruzola asteasuarra izan zen iazko Arkupeko txapelketako garailea. Iazko esperientzia ikusita, aurten ere izena ematea erabaki zuen eta gogotsu ari da txapelketan: “Larunbatero jokatzen ditugu partidak, arratsaldeko 16:00etan hasita. Momentuz txapelketako partida bakarra jokatu dut eta irabaztea lortu nuen. Iaz egindakoa errepikatzea ez da erraza izango, baina saiatuko naiz”.
Hamasei partaide ditu aurtengo txapelketak eta lau taldetan banatuta arituko dira lehen sailkapen fasean: “Saraseta, Landa, Aiertza eta laurok osatzen dugu gure taldea. Momentuz Sarasetaren aurka jokatzea egokitu zait eta partida hura irabaztea lortu nuen. Talde bakoitzeko bi pilotari pasako dira finalaurdenetara eta horretan saiatuko naiz”.
Aurtengoa, maila handiko txapelketa izango dela deritzo Julenek: “Pilotari profesional izandako Esnal dago parte hartzaileen artean. Hari irabaztea ez da batere erraza izango. Momentuz bi partida jokatu ditu eta biak erraz irabaztea lortu du. Finalean izango dela iruditzen zait. Nire aldetik berriz, saiatuko naiz iaz bezala finalerako txartela eskuratzen”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!