Argi Beltz emanaldian partaide, ekainaren 5ean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko eka. 2a, 10:48

Katrin Iturralde kantuan erakusten eta haur nahiz gazte abesbatza zuzentzen aritzen da Bastero Kulturgunean. Ikasturtean eginiko lanaren berri azaldu du.

Noiztik ari zara Andoaingo Udal musika eskolako abesbatza zuzentzen? Eskaintza zabala duzue, gero!
Ikasturte hau nire laugarren urtea da. Eskaintza zabala da, bai: Lehen eta bigarren mailan abesbatzako hastapena dute ikasleek eta gerora, musika eskolan lehenengo mailan derrigorrezko ikasgaia da abesbatza, kantu korala esaten dioguna. Bestalde, abesbatza txikia ere badugu eta nahi duenak eman dezake izena bertan. Iaz abesbatza gaztea sortu genuen, adin alde handiko haur eta gazteak talde berean nahastuta zeudela ikusi genuenean. Egokiagoa da haurren eta gazteen taldeak bereiztea, errepertorio aldetik bakoitzari dagozkion kantuak lantzeko. Abesbatzakoak ez ezik, Basteron kantuko eskolak ere ematen ditut eta kantuko ikasle gazteenak ere talde horretan aritzen dira.
Haur nahiz gazteen artean, zenbat abeslari biltzen du abesbatzak?
Denera ehun abeslariren bueltan ibiliko gara, zertxobait gutxiago. Dezenteko taldea da, baina adinaren nahiz araudiaren arabera banatuta.

Ordizian ere aritzen omen zara abesbatza zuzentzen…
Ordiziakoa naiz eta bertako Oroit abesbatza zuzentzen dut. Zortzi urterekin hasi nintzen musika ikasten eta herriko abesbatzan kantari. Urteak aurrera, txikien abesbatza zuzentzea egokitu zitzaidan aurrena; helduena gero. Egun Ordiziako helduen abesbatza zuzentzen dut iluntzetan; Andoaingo lana amaitu eta gero, ondo iristen bainaiz.

Kantuarekin lotuta, beraz. Gustukoa izango duzu!
Oso gogoko dut, bai. Gainontzean, eguneko lana amaitutakoan ez nintzateke berriro lan berean hasiko. Egia esan, Andoainera etorri nintzenean ezin nuen gazte abesbatzarik ez zegoela sinetsi. Inauterietako desfilea ikusi eta halako giro ona sumatzean, taldea sortu behar zela pentsatu nuen. Herrian bada Alberto Agirre helduen abesbatza, baina 30-50 urte bitarteko taldea non ote dago? Agian herritarrei ez zaie kantatzea gustatuko…

Jende gaztea erakarri nahiko al zenuke zuk?
Bai, noski. Etor daitezela abesbatzara eta sor dadila beste talde bat. Besteak beste, gazte abesbatzako neskek aukera izan dezaten mutilekin ere abestekoa. Neskek urte askoan jarrai dezakete ahots zuriko edo emakumezkoen abesbatza izaten, baina hori ez da abesbatza mistoa. Gazteen taldeko kide guztiak neskak dira, txikienean bi mutil daude. Egia esan, oraindik ere zaila da mutilak abestera erakartzea.   

Kolokan ikusten al duzu, beraz, Andoainen kanturako, abesbatzarako zaletasuna?
Andoainera lanera soilik etortzen naizenez, ezin diot galderari ondo erantzun. Baina zaletasun handirik ez dagoela iruditzen zait, bestela egongo bailitzateke gazte-helduen abesbatza. Agian deialdirik egin ez zelako dago hutsune hori. Basterora etortzen diren taldekideak, berriz, oso gustura etortzen dira.

Larunbatean, ekainaren 5ean emanaldi berezia eskainiko duzue Basteron. Zer aurkeztuko duzue?
Tirri Tarrak bideratzen duen Argi Beltz emanaldian hartuko dugu parte. Zuzeneko emanaldia oso ikusgarria da; musikari eta abeslariekin 80 lagun inguru bilduko da eskenatokian. Donostiako Orfeoiak nahiz Et Incarnatusek ere parte hartu dute egitasmoan eta abesbatza ugarirekin elkarbanatu dute euren ikuskizuna, bertan parte hartzeko gonbitea eginez. Argi Beltz lana Euskal Herrian ez ezik, Galizia, Gaztela Leon, Madril, Aragoi edo Katalunian ere aurkeztu dute eta dagoeneko 40 abesbatzek hartu dute parte. Egitasmoa Andoaingo Udalean aurkeztu zutenean, baiezko borobila eman zuen Udalak eta abesbatza txiki nahiz gazteak hartuko dugu parte. Hasiera batean,  Andoaingo Alberto Agirre abesbatzarekin batera eskaini behar genuen emanaldia, baina azkenean, Bergarako abesbatzarekin batera arituko gara. Saio berezia izango da, guztiz ezberdina. Musika modernoa eta ausarta eskainiko da, hunkigarria. Orain artean oso kritika onak jaso ditu, ikusleak harrituta eta sorginduta ateratzen omen dira aretotik.

Zer nolako lana izan da emanaldia bideratzea?
Lan gogorra egin duten arren, oso gustura aritu dira gaztetxoak. Asteko entsegu bakarrean emanaldia prestatzeko denborarik ez genuenez, asteburu batean Segurara joan ginen bereziki saio hori lantzera. Geroztik Tirri Tarrako kideekin ere entseatu dugu. Oso ondo aritu ziren gazteak eta ederki ikasi zutela azpimarratu zuten haiek. Bergarako abesbatzarekin batera ere entseatu dugu dagoeneko. Emanaldian zehar ez dugu kantu ezagunik abestuko, denak saio honetarako sortuak dira: bereziak. Hizkuntzak nahasten dira kantuetan eta musika ere efektu handikoa da: gitarra elektrikoa eta biolinak tartekatzen dira, besteak beste. Parte hartzaile guztiak goitik behera beltzez jantzita agertuko dira. Herritarren aurrean aurkeztea soilik falta zaigu orain eta  guztiak gonbidatuko nituzke larunbatean Basterora gerturatzera.

Ikasturtea amaitu aurretik, beste emanaldi bat ere eskaini behar omen duzue…
Ekainaren 17an abesbatzako talde guztiek kontzertua eskainiko dugu Basteroko auditorioan. Ikasturte amaiera gogorra izaten da, baina gustura ari gara lanean. Urtean zehar ikasitakoa jendeari erakusteko garaia da eta abeslariek eurek disfrutatzekoa. Ikasleei beti gauza bera esaten diet: beraiek abesten disfrutatzen badute, entzuleek ere disfrutatu egingo dutela. Bestela ez. Talde bakoitzak hiruzpalau kantu abestuko ditu eta guztiok batera emango diogu azkenarekin amaiera.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!