Paisaia urbanoak, margolan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko eka. 2a, 10:44

Santi Esnaola eta Pilu Garmendia villabonatarren margolanak ikusgai daude Erreka tabernan. Bi margolariek hartu dute hitza.

Aspaldidanik margotzen al duzue?
Pilu Garmendia:
Hogei urte pasatxorekin hasi nintzen margotzen. Aurren-aurrena Tolosara joan nintzen eta Karmen Mateorekin ikasi nuen. Denbora batean bertan aritu eta gero, ama izan nintzen eta tarte batean ez nuen batere margotu. Gero Hondarribian jarraitu nuen bi urtez Javier Sagarzazurekin akuarelak egiten eta berriro Tolosara itzulita, Sükrü Karakusekin  beste bi urtez aritu nintzen. Orain, gertutik gertura, Helga Massetaniren tailerrera joaten naiz.
Santi Esnaola: Aspaldi hasi nintzen margotzen. Lehenengo pausoa Tolosara joatea izan zen, han Jose Luis Longaron eta Iñaki Epelderekin ikasi nuen. Lanaren ondorioz, tarte bat hartu nuen eta berriro hastean, Donostiako Katalina Erausoko ikastaroetan hartu nuen parte. Jose Antonio Ferranekin ibili nintzen aurrena, Kontxita Lacarekin akuarela egin nuen gero. Hainbat ikastaro egin ondoren, etxean nahiz tokian bertan ere margotzen nuen arren, nahiko utzita neukan azken aldian. Jubilatu ondorenean, berriro ekin diot Helga Massetaniren tailerrean.

Nola sortu zaizue erakusketa jartzeko aukera?
S.:
Helgari erakusketa jartzeko gonbidapena egin zioten Erreka tabernako kideek eta berak animatu gaitu lanak ikusgai jartzera.
P.: Hiru hilabetez aritu gara erakusketako lanak prestatzen. Paisaia urbanoa, gai zabala aukeratu genuen eta bakoitzak gure erara egin ditugu lanak.

Erakusketan argi ikusten denez, margotzeko bi modu ezberdin dituzue…
S.:
Nik esaterako, Villabonako hainbat txokotan argazkiak atera eta horiek margotu ditut. Lan guztiak pintzelarekin egin ditut. Herriko irudiekin batera, tartean bada Txina hiriburuko ikuspegi bat ere. Argazkia ikusi eta izugarri gustatu zitzaidan, detaile askoko lana da.
P.: Nire estiloa, berriz, ez da hain markatua. Estilo figuratiboa egiten dut nik ere, baina abstraktuagoa. Erakusketa honetarako lan guztietan paleta erabili dut, ez dut pintzelik hartu. Nik ez dut argazkirik hartzen oinarrian, bururatzen zaizkidan irudiak margotzen ditut.

Etxean edota tailerrean margotzen duzue gehiago?
P.:
Nik tailerrean margotzen dut, etxean ez baitaukat nahikoa denbora. Astean behin, ideiak nahiko argi dauzkadala joaten naiz margotzera eta hantxe egiten ditut nire margolanak.
S.: Nik tailerrean baino gehiago etxean egin ditut erakusketako lanak. Helgaren tailerra oso lagungarria da ideiak hartzeko edo jendearen ikuspegia ezagutzeko.
P.: Gauza berri asko ikasi dugu Helgarekin, primerako margolaria da eta norberaren ideiak gauzatzeko aukera ematen digu, berak nahi duena egitera behartu gabe.
S.: Guk aurrera egiteko saiakera egiten du, asko motibatzen gaitu. Ariketa bitxi ugari egin dugu berarekin eta oso ondo pasatzeaz gain, asko ikasi dugu.

Aurrez ere jarri al duzue beste erakusketarik?
S.:
Iazko ikasturte amaieran hainbat lan erakusgai jarri genituen Gureako erakusgelan. Gainerakoan, Emakumearen egunaren harira egin zen saioan ere hiru lan jarri nituen.
P.: 1985 urtean, Tolosako Frontoiko erakusketa batean akuarelak jarri nituen nik.

EKAINAREN AMAIERA ARTE IKUSGAI
Santi Esnaolak, bigarren abizenarekin, S. E. Urkizu moduan sinatu ditu bere lanak. Piluk, berriz, Pilu Garmendia izenarekin. Euren helburua ez da margolari handi bihurtzea, tarteka lan batzuk egitea baizik. Gustura daude erakusketaren erantzunarekin eta herritar asko harrituta geratu dela azaldu dute, margotzen aritzen zirenik ez baitzekien haietako askok. Bataren zein bestearen lanak ikusgai egongo dira Erreka tabernan ekainaren amaiera arte. Ohi denez, erakusketako lan ia guztiak salgai daude eta interesa duenak tabernako arduradunarekin harremanetan jartzea besterik ez luke.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!