Danborra eta dantza, konpartsa herrikoian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko eka. 2a, 10:42

Uztailaren 26an, Santa Ana egunean, konpartsa herrikoia izango da aurten ere Santio jaietan. Entseguak abian dira.
Lehen entsegu eguneko argazkiak

Duela bi urte kaleratu zen azkenekoz Inude eta Artzainen konpartsa herrikoia. Iaz txanda-pasa egin eta gero, aurten aurrera egitea erabaki dute Agustin Laskurain herritarrak eta Oinkari dantza taldeko kideek. Ez da, ordea, ohiko konpartsa izango: danborrada eta dantza lotuz, ganberrada moduko festa informala antolatuko dute, “helburu nagusia parte hartzaileok ondo pasatzea da. Danborra jotzeaz gain, hainbat koreografia edo mugimendu dantzatuko dugu”. Zortzi herri kanta aukeratu dituzte horretarako: Etxarriko aulki dantza, Txapeloa…, eta noski, kalejiran ez dira Villabonako martxa Dulce despertar eta herriko beste bi doinu faltako. Agustinen esanetan, danborradaren izaera serioarekin hautsi nahi dute eta festa ukitua eman, “Donostiako kasua ikusita, esaterako, danborradak serioa izan behar duela pentsatzen du jendeak. Danborrada, ordea, Inauterietako konpartsa moduan sortu zen eta guk jai ukitu hori emango diogu”. Arropa aldetik danborradako ohiko jantzia ere aldatu egingo dute, “parte hartzeko ez da jantzi berezirik egin beharko, etxeko arropekin moldatuko gara: kamiseta eta agian galtza motzekin. Hori bai, jantzi txuriak beharrean kolorea sartzeko asmoa dugu”. Aurreko txandekin alderatuta, dudarik gabe, hausketa ekarriko du aurtengo konpartsak. Agustinek behar hori sumatzen du, “badirudi euskal dantzekin edo euskal koreografiekin soilik osatu behar ditugula antzeko festak. Zergatik ez dugu noizbait sanba dantzarekin konpartsa antolatuko?”. Hurrengo urteetarako, hortxe ideia.

Dantza errazak
Astelehen iluntzetan, Txermingo ikastolako ganbaran biltzen dira konpartsako kideak entseguetara, 20:30etatik 21:30etara. Dagoeneko epea amaitu bada ere, inork oraindik izenik eman nahiko balu, antolatzaileekin harremanetan jarri beharko luke. Entseguek bi zati izaten dituzte: Agustin Laskurainek bideratzen duen danborradakoa lehenik eta Oinkariko kideen esku dagoen dantzakoa bigarren.
Oinkariko Eneritz Ugartemendia eta Zuriñe Villak, dantzari dagokionez, pauso errazak prestatuko dituztela jakinarazi dute. Oso dantzariak ez direnek, beraz, ez dute izutzeko arrazoirik. “Azken konpartsan larunbatetan aparteko entseguak egiten genituen dantzan ez zekitenei zuzenduta. Aurten ere prest gaude horretarako, baina ez dugu uste beharrezkoa izango denik”. Santio jaiei begira, bestalde, uztailaren 29rako, haur nahiz helduen emanaldia prestatzen ari dira. Abuztuan, Frantziara eta Hungriara joango dira Oinkariko dantzari helduenak, dantza eta oporrak uztartzera.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!