Ekainaren 6an Paskualtxori omenaldia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko eka. 2a, 10:19

Jaialdi berezia izango da datorren igandean Adunibarko belazean egingo dena. Herri kirol munduan aski ezaguna den Paskualtxo omenduko dute egindako ibilbide oparoagatik.

Zarauzko Paskualtxo baserrian jaio zen Joxe Mari Zulaika 1938ko martxoaren 7an. Jaiotetxearen izenez da ezaguna. Gaztetan, Asteasuko Mintegiaga baserrira etorri zen bizitzera, Eleuterio Tapiaren etxera eta harekin hasi zen herri kirolen munduan murgiltzen: “Idi apustuak jokatzen hasi nintzen hasieran, hemezortzi urte nituela eta horretan aritu nintzen denbora batez. Segan berriz, desafio bat medio hasi nintzen. Oiartzungo Jose Mari Aranbururekin jokatu nuen lehendabiziko desafio hura Iturriotzen. Bi orduko saioa egin genuen eta 8900 kilo belar ebaki nituen”, gogoratu du Paskualtxok.

Eleuterio Tapia, irakasle
Eleuterio Tapia izan zuen irakasle herri kiroletan: “Oraindik ere harreman handia dut Mintegiaga etxekoekin. Hogei bat urtez bizitu nintzen Asteasun, ezkondu ondoren Bedaiora etorri nintzen arte. Asteasun herri kirolekiko zaletasun handia zegoen eta gaur egun ere, bizirik mantentzen dute zaletasun hori. Asteasun egon nintzeneko oroitzapen ederrak gordetzen ditut”.
Eleuterioren esanetara, ederki ikasi zuen segan, Euskadiko txapelduna izateraino: “Txapelketa martxan jarri zutenean, parte hartu eta irabaztea lortu nuen. Sega, ordea, handik laster utzi nuen. Segan egin beharreko belazera burniak botatzen hasi zen jendea eta aspertuta, uztea erabaki nuen. Geroztik beste segalariak prestatzen aritu naiz, baina neronek ez dut gehiago parte hartu sega saioetan”.
Harria jasotzen ere aritu zen Paskualtxo: “Ehun kiloko harriekin hasi nintzen. Ostolaza eta Mendizabalekin aritu nintzen. Berrehun kiloko harria altxatzera ere iritsi nintzen”. Dudarik gabe, maila bikaina eman zuen harriarekin ere.

Prestatzaile fina
Sega irakasle fina izan da Paskualtxo. Segalari handien artean, bat baino gehiago dira bere eskuetatik pasatakoak: “Juan Manuel Erasun etxekoa bezala dugu eta Agustin Landarbide ere nirekin prestatu zen. Herri kiroletarako prestatzeak denbora asko eskatzen du eta denek ez dute lortzen aurrera egitea. Eguneroko prestaketak nekea ekartzen du eta ordaina ere ez du izugarria izaten herri kirolak. Neke horren eraginez askok utzi egiten dute. Izaera berezia eduki behar da honetan jarraitzeko”, azaldu du Paskualtxok.
Prestatzaile garaian, kirolari zenean baino urduritasun handiagoak pasa omen ditu Paskualtxok: “Zerorri ari zarenean, badakizu gorputzari tamaina hartzen. Froga hasi baino lehen urduri egoten nintzen, baina saioa hasi orduko lasaitu egiten nintzen. Zuk erakutsitako norbaitek aritu behar duenean berriz, ez dakizu urduri jarriko den, gorputzak ondo erantzungo dion… Neroni oso urduri jartzen nintzen horrelakoetan”.

Herri kirolak, laguntza premian
Herri kirolaren gaur egungo egoeraren inguruan galdetuta, ez du aldaketa handirik nabaritu: “Laguntza ekonomikoa falta zaio herri kirolari, hori berdin-berdin mantendu da nire gazte garaitik. Herri kirolean elkarri lagunduz aritu beharra dago. Gainerantzean, kirolariek hobeto zaintzen dute euren burua. Elikadura aldetik, esaterako, gure garaian ohikoa zen egunean bi txuleta jatea. Astakeriak egiten genituen, eta horretan denak antzera ibiltzen ginen”.
Ekainaren 6an herri kirolarien eta zaletuen omenaldia jasoko du Zizurkilen. Toki egokia da Adunibarko belazea, ikusleentzat erosoa. Eguraldiak laguntzen badu, festa polita sortuko da. Egia esan, urduri samar nago omenaldia egingo didatelako, baina gustura ere bai”.

MEREZITAKO OMENALDIA
Juan Manuel Erasun
Zizurkil


Segarako erakustaile baten bila nebilela ezagutu nuen Paskualtxo, Eleuterio Tapia asteasuarraren bitartez. 1986ko ekainean elkar ezagutu eta oso ondo uztartu ginen. Nire kirol bizitzan oso zutabe garrantzitsua izan da. Herri kirolen inguruan jakituria handia du eta beti izan du borondate ona dakien guztia erakutsi eta laguntzeko. Oso lagun garrantzitsua da niretzat.
Berak ere 20 urte egin zituen herri kiroletan. Segan oso apustu handiak jokatu zituen eta harrijasotzen ere maila bikaina eman zuen. Nahiz eta gorputz txikiko gizona izan, garaiko harrijasotzaile handienekin aritu zen.
Ezagutu nuenetik, kirola nola maite duen ikusi izan dut, beti kirolariei laguntzeko prest azaldu da eta horrelako jendeak askotan ez du behar bezalako omenaldirik jasotzen. Herri kirol mundua berarekin zorretan zegoela iruditu zitzaigun eta nik neronek badut sentipen hori. Paskualtxori omenaldia egiteaz gain, herri kirolari egun berezia eskaini nahi genion. Bertsolariek berea duten bezela, herri kirolak ere egun handi bat merezi zuela pentsatuta antolatu genuen ekainaren 6ko ekitaldia.
Ahalegin berezia egin dugu kirol ezberdinak biltzen: aizkora, korrika, sega, trontza, harrijasotzea…, eta lehengo kirolariak, oraingoak eta etorkizunekoak ere uztartu nahi izan ditugu. Gainera, Paskualtxok Tapia sendiarekin duen harremana dela eta, trikitixari tarte berezia egin diogu.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!