San Millan eskolako guraso elkartea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko eka. 2a, 10:16

Eskola txikiko guraso izateak, zenbait lan berezi ekartzen du berekin. Zizurkilgo San Millan eskolako guraso elkarteko kideek eman dituzte euren arduren inguruko azalpenak. Sei kidez osaturiko taldea da San Millan eskolako guraso elkartea. Lourdes Legarra, Josune Kortajarena, Mailu Ibarbia, Edorta Tormo, Begoña Calvo eta Idurre Ugartemendia.

“Kide bakoitzak lau urte egiten ditu guraso elkartean, baina errotazio sitema bat erabiltzen dugu, guraso elkartea oso-osorik ez aldatzeko. Gutariko batzuk hau dugu azken ikasturtea eta beste batzuri beste bi urtetan jarraitzea egokitzen zaie. Modu horretan, esperientzia duen norbait egoten da beti, sartu berriekin batera”, azaldu du Edortak.

Berrogeita zazpi ikasle
Hogeita hamabost familietako berrogeita zazpi ume dabil Zizurkilgo San Millan eskolan, eskola txikia da beraz: “Horregatik, harreman berezia dugu Eskola Txikien elkartearekin. Mirari Mendizabal eta Mamen Hilario gurasoak arduratzen dira harreman hori mantentzeaz. Garrantzitsua da beste eskola txikien esperientziak eta zailtasunak ezagutzea eta gureak ere haiekin partekatzea”.
Gainerako guraso elkarteek egiten duten bezala, gurasoen eta eskolaren arteko zubi lana egiten dute San Millan eskolakoek ere. “Jendeak guri luzatzen dizkigu eskaerak eta guk bideratu egiten ditugu. Ikasturte bakoitzean hiru bilera edo kontseilu egiten dira eskolarekin. Udalarekin ere harremana badugu. Esaterako, pilotalekua berritu zezaten eskatu genuen, haurrentzako parke berria ere eskatu dugu. Momentu honetan ikusten dugun premiarik handiena eskolaren atarian aterpe bat jartzea izango litzateke. Izan ere, euria egiten duenean umeak busti egiten dira eskolara sartzeko zain dauden bitartean”, azpimarratu dute.

Eskolaz kanpoko ekintzak
“Zizurkil Goia bezalako herri txiki batean, garrantzia berezia dute guraso elkartetik antolatzen diren ekintzek. Gure ardura dira Eguberrietako kantu jira eta Santa Agedakoa, Iñauterietako kalejiran ere parte hartzen dugu, San Juan sua piztutakoan egiten diren dantza eta Kixmi pertsonaia ere guraso elkartetik bideratzen dira, haurrentzako ludoteka zerbitzua, Aiztondon egiten diren olinpiadak antolatzea ere gure lana da Zizurkili txanda egokitzen zaionean… Eskolako gaiez gain, herria dinamizatzen parte hartzen dugu eta hori oso garrantzitsua dela iruditzen zait”, azaldu du Begoña Calvok.
Ikasturte amaierako jaia ere guraso elkarteak antolatzen du: “Guztiok batera bazkaltzen dugu: ikasle, guraso eta irakasle. Bazkaria guraso elkarteko kideok prestatzen dugu. Aurtengoa ekainaren 23an egingo dugu ziurrenik. Elkarrekin ondo pasatzeko eguna izaten da hori”.

Abuztuan ere, lanean
Haurrak oporraldian daudenean ere lanean jarraitzen dute guraso elkarteko kideek: “Abuztuko jaietako umeen eguneko ekitaldiak gurasoen artean antolatzen ditugu. Ekitaldi horiekin guztiekin herriari bizia ematen saiatzen gara”, azaldu du Mailu Ibarbiak.
Kezka nagusi bat ere badute gaur egun San Millan eskolako gurasoek: “Haur kopurua beheruntz doa eta beldurra ematen digu horrek eskolaren gainbehera ekartzea. Herrian etxebizitza berriak egiten ez diren bitartean haur kopurua ez da igoko. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzaren politika berria ez da eskola txikien aldekoa. Gastuak murriztearren, herri bakoitzean eskola bakarra izatearen aldekoak dira, auzoetakoak kenduz”.
Guraso elkarteko kide izateak, ardura berezia dakar berekin, baina gogotsu dabiltza San Millango gurasoak: “Hasieran dena berria egiten zaizu. Hezkuntza sistema barrutik ezagutzen ez dugunontzat ez da erraza eta lan pixka bat ere ematen du. Hala ere, gustura egindako lana da”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!