Senidetze egun ederra Adunan

Egun ederra pasa zuten larunbatean Adunan bildutakoek. Segundo Montes Komunitateko hiru ordezkari hurbildu ziren Senidetze eguneraeta bihotzez eskertu zuten egindako harrera. Udaletxean egindako harrera ofizialaren ondoren, Porrotx pailazoaren ekitaldia iritsi zen. 13:00etan berriz, herritarrek ongietorria jaso zuten Carlosek, Basiliak eta Eliseok. Hiru dantzarik agurra dantzatu zuten eta Joakin Arregi zizurkildarrak bertso hunkigarriak abestu zituen. Bazkari herrikoiak eta jolasek eman zieten amaiera egun borobilari. 

Argazkiak ikusi

Adunako udaletxean eman zitzaion hasiera egunari. Ongi etorria egin zieten bertan El Salvadorretik etorritako Carlos Alberto Hernandezi, Bacilia Claribel Ramosi eta Eliseo Santosi. Bertan ziren Aiztondo bailarako hainbat ordezkari ere: Amasa-Villabonako alkatea Maixabel Arrieta, Asteasuko Iñaki Amenabar, Zizurkilgo Maria Anjeles Lazkano eta Adunako Udaleko hainbat ordezkari. Ekitaldian ziren, baita ere, El Salvadorrekin elkarlanean ari den Baynoleseko talde kataluniarreko ordezkariak.
Arantxa Aburuzak hartu zuen hitza: “Eskerrik asko etortzeagatik. Zuen bidez El Salvadorreko errealitatea hobeto ezagutzeko aukera dugu eta hori aberasgarria da guztiontzat. Hemen egongo zareten egunotan bertako baliabideak ezagutu eta zuentzako baliagarriak izan daitezkeen esperientziak biltzea nahi genuke”.
Carlos, Bacilia eta Eliseok bihotzez eskertu zuten izandako harrera eta pozik agertu ziren ordura arte ezagututakoarekin: “Segundo Montes eta Aiztondoren arteko senidetzeak gauza asko ekarri dizkigu. Batetik, proiektuak aurrera ateratzeko laguntza eman diguzue eta bestetik, zuen babesa nabaritu dugu. Egunotako harrera ere ezin hobea izan da, beraz, eskerrik asko”, adierazi zuen Carlosek.
Udaletxea ezagutu eta Iñaki Gorostidik egindako oroigarriak jasota, El Salvadorreko bandera eta ikurrina jarri zituzten balkoian. Porrotx pailazoaren txanda iritsi zen ondoren. Elkartasunaren inguruko ikuskizun goxoa eskaini zien bertaratutakoei. Haur eta heldu, gustura asko egon ziren sudurgorriaren hitzak entzuten.
Talo goxoak jan eta sagardoa dastatzeko tartea hartu zuten ondoren gerturatutakoek. Eguraldia lagun, giro ederra sortu zen Adunako plazan. Baciliak bere herrialdean taloak nola egiten diren erakutsi zuen, abilezia handiz.

Herritarren omenaldia
Eguerdiko 13:00etan hasi zen herritarren omenaldia. Adunako hiru gaztek agurra dantzatu zieten hiru salvadortarrei eta Joakin Arregi zizurkildarrak bertso hunkigarriak abestu zizkien. “Beste gizarte mota bat sortzea ez da ezinezko”, abestuz amaitu zuen zizurkidarrak bere saioa.
Eider Ezeiza adunarrak txapela bana jarntzi zien Segundo Monteseko lagunei eta trukean, komunitateko irudiak biltzen dituen oroigarria jaso zuen adunarrak Carlosen eskutik. “Oroigarri honetan gure komunitatean garrantzia handia izan duten pertsonak gogoratu nahi izan ditugu, zuek ondo ezagutzen zenuten Mercedes Ventura batetik, Segundo Montes bera bestetik eta amaitzeko, zuen laguntzarekin aurrera eman ditugun ekimenak”.
Goizeko ekitaldiak amaituta, paella goxoa jateko bildu ziren. Arratsaldean berriz, haur eta helduentzako jokoekin gozatu zuten eta iluntzean, sagardotegira joan ziren El Salvadorreko eta Kataluniako lagunei bertako ohiturak erakusteko asmoz. Horrenbestez amaitu zen Adunako festa eta datorren urtean, Aiztondoko beste herri bati egokituko zaio Senidetze eguna antolatzea.

SEGUNDO MONTESEKO GAZTEAK AIZTONDON
II. Senidetze egunaren harira, El Salvadorreko Segundo Montes komunitateko hiru ordezkari etorri dira Aiztondo bailarara. Ekainaren 14a arte egongo dira bertan.

Carlos Alberto Hernandez alkatetzako kidea da eta Santos Eliseo Sanchez nahiz Bacilia Claribel Ramos Che Guevara gazte elkarteko partaideak. Aiztondo bailaran dira joan zen maiatzaren 27az geroztik. Hemengo bizimoduaren berri ezagutzeko, datozen egunetan hainbat joan-etorri egingo dute eskualdeko udaletxe, talde edota elkarte ezberdinetara. Ikusitakoa ikasi eta beraiena erakutsi, horixe elkartrukearen alderdi eraikitzailea. Gazteak izaki, euren lurraldean gazteria alorrean duten egoeraren eta lan egiteko moduaren berri azaldu dute.

Che Guevara gazte elkarteko kideak zarete. Azalduko al diguzue taldearen berri?
Carlos Alberto:
1995-1996 urteetan jarri zen abian gazte elkartea, gazteria antolatu nahiz hango bizimoduan eragiteko helburuarekin. Helburu horiek lortze aldera, hainbat ekintza eta ekimen antolatzen da urtean zehar. Lau alor ezberdin jorratzen ditu elkarteak: ingurumena, kultura eta kirola, hezkuntza eta ideologia, eta zabalkundea. Auzoka nahiz gaika banatuta, izen propioko brigada edo talde ugari ari da lanean: Esaterako, auto istripuz zendu aurretik, lan handia egin zuen hezkuntzaren alorrean Mercedes Venturak. Haren oroimenez, bada bere izena duen talde bat eta talde txiki horien guztien batura da Che Guevara elkartea.
Santos: Kirol nahiz kultur ekintza ugari antolatzen da urtean zehar. Esaterako, futbol txapelketak oso harrera beroa izaten du, 45 talde eta 900 gaztek hartzen du parte. Ideologiari lotutako lana ere egiten dugu eta bereziki lan handia egiten da hauteskunde garaian herritarrei kontzientzia pizten. Elkartea pentsaera ezberdineko jende guztiarentzat irekia bada ere, orain arteko guztiak FMLN alderdiaren aldekoak gara.
Bacilia: 14 urtetik 30 urtera bitarteko gazteek osatzen dugu elkartea. 11 urterekin brigadatan parte hartzen hasten dira gazteak, baina 14 urtera arte ez dira elkarteko kide egiten.

Zein da elkartearen egitura eta funtzionamendua?
C.:
Asanblea edo biltzar bidez hartzen dira erabaki guztiak. Partaide guztiek indar bera dute eta erabakiren bat hartzerakoan, guztien arteko adostasunik ez dagoenean, gehiengoaren arabera erabakitzen da. Elkarteak ez du laguntza ekonomikorik jasotzen, ekintza jakinetarako ez bada behintzat. Ekintza bakoitza bakarka kudeatzen da eta sarritan, zozketak edo jaiak antolatuz biltzen dugu dirua.

Zein da gazteriaren egoera Segundo Montesen?
C.:
Gu bizi garen alderdian dezente hobetu da gazteon egoera. Gazteria dinamikoa da eta ekintza ezberdinetan hartzen du parte. Oinarrizko ikasketak egiteko arazorik ez badago ere, zailagoa da unibertsitaterako sarrera eta ondorioz, oso gazte gutxik egiten du aukera hori. Era berean, oso zaila da lanpostua aurkitzea; aukera gutxien artean, lanerako filosofia berria duen polizia egitea da ohikoena. Arto ekoizpenean badago nahikoa lan, baina gazteek ez dute hori nahi. El Salvadorreko beste hainbat lurralderekin alderatuta, gure gunea nahikoa lasaia eta sanoa da, jendea ona da. Lurraldearen zati handienak bezala, guk oraindik behintzat ez daukagu mara edo pandillatan biltzearen arazorik. Tabakoa kenduta, ez dago drogekiko loturarik ere; alkoholismoa bera oso baxua da gazteen artean.

Elkartrukerako gogotsu?
B.:
Pozik gaude etortzeko aukera izan dugulako. Euskal Herrian ikasteko asko daukagula uste dugu eta bereziki, oso aberasgarria izango da bertako gazte nahiz helduekiko harremana.

Eginbeharren zerrenda luzea dute El Salvadorreko bisitariek. Fraisoro nekazal eskola, eskualdeko ikastetxeak, gazte asanblada, Udalak, lantegi eta enpresak… Bidaia osoa, ordea, ez diote lanari eskainiko eta turismoa eginez, inguruko txokoak ezagutzeko aukera ere izango dute. Ongi etorri!
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!